Zirkua edonon, denentzat

Aintzina Monasterio Maguregi

Baserria zirku eskola bihurtu zuten Elssie Xalbadorrek eta Keko Salvadorrek. Gautegiz Arteagako baserri batera bizitzen joan, eta hango kortan sortu zuten Txitatoki Urdaibai zirku eskola. Hiri handietakoen aldean, herri nortasuna eta kutsua eman nahi zioten. Eta Txitatoki izena aukeratu zuten zerbait jaiotzen zegoelako.

Iruñeko Oreka zirku eskolan ezagutu zuten elkar, eta, han bi urtez egon ostean, familia osatu nahi zutela eta, Urdaibaira etortzea erabaki zuten. “Hemen ez zegoen zirkurako mugimendurik. Sortu egin behar zen. Guretzat, garrantzitsua zen eskualdean zabaltzea eta zirkuari kutsu hori ematea. Gernikan eta Bermeon dantza, antzerkia, futbola… ia edozein gauza egin daiteke, baina, zirkua egiteko, Bilbora joan beharra zegoen. Herriari eta inguruari beste aukera bat eman gura genien”. Eskolaren jaiotze prozesua emozioz gogoratzen dute. 2014ko otsailean etxera sartu eta ekainerako prest edukitzea zen haien asmoa. Aste Santurako dena eginda zeukaten. “Deialdia egin, eta auzokide asko etorri ziren laguntzera. Etorritako askok euren umeak apuntatu zituen eskolara. Gugan konfiantza erakutsi zuten; hori herri txiki baten soilik lortu ahal duzu. Espero baino erantzun hobea eduki zuen eskolak”, esan du Xalbadorrek. Udalagaz aurretik ere zenbait tailer egindakoak ziren: “Eskolagaz hasi aurretik ezagutzen gintuzten”.

Salvador Madrilera joan zen Zirkuaren Pedagogia unibertsitate gradua egitera, eta, orduan, zelanbaiteko etenaldia egin zuten. “Zapatuetan soilik ematen genituen eskolak. Laugarren urtean praktikak hemen egiten egon nintzenez, 2018an hasi ginen astegunetan eskolak ematen”.

Euren egoitzan ez ezik, eskualdeko zenbait ikastetxetan ematen dituzte eskolak: “Aurreko ikasturtean, 6-7 talde izan genituen, eta, orain, hamabost ditugu”. Euskal Herri osoan ibiltzen dira, herriz herri, auzoz auzo, ikastaroak eta erakustaldiak egiten.

Lortu dutenagaz pozik daude. “Hemen ia inork ez zuen ezagutzen mundu hau; ez zekiten zirkua praktikatu daitekeenik. Zirkua urtean behin etortzen zen gauza bat bezala ikusten zuten, eta orain behintzat badakite zer den eta hemen egin ahal dela”.

Dantzak eta antzerkiak bezala, zirkuak ere denena izan behar duela uste dute. Eskola herriarena, herrikoia izatea nahi dute. Hazten joan den proiektu bat da eurena. “Eskola handituz doa; hau txiki geratu zaigu, eta Gernikan espazio egoki baten bila gabiltza. Jendeak zirkua bere bizitza hobetzeko tresna modura ikustea eta onartzea da gure zeregina”.

Zirkuan teknika asko daude. “Talde baten barruan ezin dira mailak zehaztu. Batzuk gauza batean izango dira trebeagoak, eta beste batzuk beste gauza batean. Batak dituen abileziak beste batek dituenak bezain garrantzitsuak dira, eta ez dira alderagarriak. Badakigu bakoitzagaz zer landu behar dugun, bakoitzari zenbat eskatu. Bakoitzaren erritmoen arabera lan egiten dugu”.

Tailerrak, berriz, zirkura gerturatzeko saioak dira, dibertitzeko, jolasteko eta esperimentatzeko. “Ez dago adin mugarik”.

Txitatoki Urdaibai zirku eskolan zirku soziala lantzen dute batik bat. Norberaren onena ateratzea da zirkuaren helburu nagusietako bat, eta baita bakoitzak bere esentzia bilatzea ere. “Zirku sozialak dio gizartean denok garela gai eta beharrezkoak, eta denon ekarpenekin taldea hobetzen dugula. Ez dago soilik ikuskizunera bideratuta. Pertsona, taldea eta gizartea hobetzeko jarduera bat da. Zirku soziala gizartea hobetzeko balio duen erreminta bat da” .

Sasoian egoteko, jolasteko, dibertitzeko, lotsa kentzeko, oreka lantzeko… bakoitzak bere helburuak lortzeko aukera ematen duela azpimarratu dute. “Ez da soilik zirkua ikastea. Erreminta pedagogikoa da; zirkuaren teknika eta erremintekin, ikuspegi pedagogiko egokituak lantzen ditugu”. Zirku irakasle izateko aukerak dituzten ikasleak eta zirkuan lan egin nahi dutela argi daukatenak dituzte. Esaterako, Olatz Armaolea gernikarra haien ikaslea izan zen, eta Zirku Italiarreko kidea da 2016tik.

Zirkuarekin gauza asko landu daitezkeela erakusten dute: “Europan badute esperientzia ugari. Adibidez, Frantzian eskola batzuk ospitaleetan daude; hamarkadetako esperientzia dute horretan”, dio Salvadorrek. Zirkua eta alzheimerra batzen dituen proiektu bat gauzatzea du amets: “Dantzak gaixotasunari aurre egiteko dituen onurei buruzko formakuntza jaso nuenean, konturatu nintzen gauza bera landu ahal zela zirkuaren bitartez. Madrilen heziketa bereziko eskola batean egon nintzen zirku eskolak ematen, eta, esaterako, Downen sindromea duten pertsonentzat ere oso onuragarria da”.

Zirkua eskola kirolean sartzeko proposamena egin diote Bizkaiko Foru Aldundiari: “Lehiakorra ez bada kirola ez dela diote. Baina, heziketa fisikoaz mintzo direnean, ohitura osasuntsuekin gizartea hobetzen dela esaten dute. Gureak ohitura osasuntsuak planteatzen ditu, eta ez dute kirol legez hartzen, ez delako lehiakorra. Zeri ematen diote lehentasuna? Kirola lehiatzeko da, edo gizartean ohitura osasuntsuak sortzeko? Inoiz kirol munduan sartuko ez ziren pertsonak guregana datoz. Zirkuan norberak bere buruari exijitzen dio hobetzea. Norberak ezartzen ditu lortu nahi dituen helburuak”.

Zirku eskolen sarea

Txitatoki Urdaibai zirku eskola Zirkugintzaren barruan dago. “Zirkuaren kooperatiba artistikoa da; gure euritakoa da”. Euskal Herriko Zirku Elkartearen parte ere bada, eta Bizkaian zirku eskola denen artean sare bat osatzea dute helburu: “Azken hiru urteetan, eskola asko sortu dira. Getxon, Barakaldon, Bilbon eta Durangon daude. Zirkua haziko bada, denok eraikitzen ari garelako haziko da”.

Espainiako Zirku Sozialen Eskolen Federazioaren kideak ere badira. Hezkuntza programa bakarra sortzen ari dira oinarrizko maila batean hezitzaileak hezi eta eskoletan ezartzeko. “Txitatokiren plan pedagogikoa Europako metodologian oinarrituta dago. Frantzia, Alemania eta halako beste herrialde batzuekin alderatuta, oso urrun gaude hemen”.