Usansoloren ibilbide luzea

Aspalditik dator Usansolo Galdakaotik bereizi eta herri bilakatzeko eskaera. Ibilbide luzea egin du gaur egungo egoera iritsi bitartean. Hainbat oztopo aurkitu du bidean.

Lehen galdeketa
Hastapenak, 1980an.
Dagoeneko berrogei urte pasatu dira Usansoloko bizilagunek desanexioaren aldeko mugimendua abiatu zutenetik.

Lehen talde kudeatzailea.
1986an sortu zuten desanexioaren alde lanean hasi zen talde kudeatzailea.

Lehen galdeketa.
1987an egin zuten lehen galdeketa. Botoa eman zutenen %85ek egin zuten Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzearen alde.

Bideragarritasun ekonomikoa.
Galdakaoko Udalak ikerketa sozioekonomiko bat egin zezala eskatu zion aldundiari, herria bideragarria izango litzatekeen ebazteko. Hiri Lur aholkularitza enpresak egin zuen lana, eta enpresak ondorioztatu zuen herri izateko egitasmoa bideragarria zela.

Etena prozesuan
1991ko txostena.
EAJk txosten bat aurkeztu zuen Galdakaoko Udalean. Haren arabera, Usansolo herri bihurtzeko prozesua ez zen bideragarria. Egoera horretan, eten egin zuen sezesio prozesua.

Usansolo Herriaren sorrera
2011n UH sortu zen.
Sezesio prozesua bizkortzeko asmoz sortu zuten Usansolo Herria plataforma. Urte hartan egin ziren udal hauteskundeetan 1.693 boto lortu zituen, erroldatutako herritarren %62,5enak.

Aldundiak ere bidea itxi
2012ko foru araua onartu zuten.
Bizkaiko Batzar Nagusiek 9/2012 legea onartu zuten. Arau hark ezartzen zuen Bizkaian zeuden 112 udalerriez gain ezin zela besterik sortu. Usansolo Herria plataformak neurri horren aurkako emendakin bat aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean.

Bigarren galdeketa
Erreferenduma, 2014an.
Bigarren erreferenduma egin zuten usansolotarrek 2014ko azaroaren 23an. Usansolo udalerri izatea nahi duzu?, galdera egin zuten. Erroldatuen %73k eman zuten botoa, eta horietatik %90ek baiezkoa eman zuten. EHUk egindako ikerketa baten arabera, Usansolo udalerri bihurtuko balitz ekonomikoki bideragarria litzateke. Gainera, Galdakaok kaudimena mantenduko lukeela baieztatu zuen ikerketak.

Eskaera Batzar Nagusiei.
Galdeketaren emaitzak ikusita, Galdakaoko Udalak eskaera egin zuen Bizkaiko Batzar Nagusiek 2012an onartutako araudia aldatzeko. PSE-EE, EH Bildu, Usansolo Herria eta Galdakao Bizirik taldeen babesa izan zuen mozioak. EAJ abstenitu egin zen, eta PPk, berriz, aurka bozkatu zuen.

Foru araua aldatu zuten
2015ean aldatu zuten 9/2012 araua.
Bizkaiko Batzar Nagusiek 2015eko martxoan aldatu zuten sezesio prozesua galarazten zuen 9/2012 foru araua. Arauak galdeketa egiteko aukera jasotzen du, baina udalerri bihurtu nahi duen eremuak bete beharreko baldintzak finkatzen ditu: gutxienez 2.500 biztanle izan behar ditu, eta ekonomikoki bideragarria izan behar du.

Babesa, berretsita
Udal hauteskundeak.
2011ko udal hauteskundeetan lortutako emaitza berak lortu zituen Usansolo Herriak 2015ean: 1.681 boto.

Ibilbide orria
Adostasunak.
Galdakaoko Udalak ibilbide orria proposatu zuen 2016ko uztailean, egoerari irtenbidea bilatzeko asmoz. Batzorde parekidea eratu zuten ostean.

Mugak zehazteko galdeketa
Galdeketa ez-loteslea.
Usansoloren mugak zehazteko galdeketa bat egin zuen Galdakaoko Udalak iaz. EAJren babesa besterik ez zuen izan galdeketa egiteko proposamenak.