“Gauza bat bidegabea bada, ez da galdetzen; kendu eta listo”

“Gauza bat bidegabea bada, ez da galdetzen; kendu eta listo”

I. Maruri Bilbao

2018ko sanfaustoetan egin zuten lehen manifestazioa Durangon, sokamuturra kentzeko eskatzeko. Orduan sortu zen Durangaldea Antiespezista taldea. Haien helburua, hala ere, zabalagoa dela ohartarazi du Gorka Unzalu kideak (Olaeta, Araba, 1970).

Zer deritzozue Gorlizko Udalak galdeketa egin izanari?

Guk ez dugu nahi galdeketarik egiterik. Udalak bere kabuz egiten badu, ondo, baina ez da galdeketa bidez konpondu beharrekoa. Norbaiti irain egiten edo kalte egiten jarraitzea ez da galdeketa bidez erabaki beharrekoa. Gizakietara pasatuko bagenu, ez legoke ondo bozketaz erabakitzea ez dakit nori bullying egitea.

Durangon, beraz, ez duzue galdeketarik nahi?

Ez dugu eskatu. Udalak deituko balu, parte hartuko genuke eta [sokamuturra] kentzearen aldeko kanpaina egingo genuke, noski. Baina argi daukagu Durangon sokamuturra mantentzearen aldeko emaitza izango litzatekeela. Gure helburua bada sokamuturra kentzea, noski. Sokamuturraz gain zezen plaza bat muntatzen dute, eta han bigantxak egoten dira. Pottokak eta zaldiak ere bai, umeak gainean ibiltzeko. Baina izozmendiaren muturra baino ez da hori, animalien esplotazioaren adierazpide bat baino ez. Asko dira animalien esplotazio ereduak. Objektuak direla uste dugu, nahi dugun moduan erabiltzekoak.

Durangoko Udalarekin elkartu zarete berba egiteko?

Ez gara elkartu. Gure artean ez dago adostasunik. Gure helburua ez da bakarrik sokamuturra kentzea. Kentzen bada, oso ondo, animalien erabilpena delako. Baina hemen arazoa espezismoa da: animaliak objektu moduan erabiltzen direla, eta guk nahi duguna egin dezakegula haiekin. Horregatik dago txarto sokamuturra. Baina sokamuturra ez da animaliak jatea baino okerragoa. Eta hemen Durangon badago gero okela jaten duen sokamuturraren aurkako jendea. Nire ustez hori kontraesan bat da. Jende horrek bozketa bat egin nahi du, sokamuturra kentzeko. Hori lortuz gero, lasai geratuko dira. Gu, ez. Zezenketen kontrakoekin gauza bera gertatzen da: zezenketak basakeria direla esaten dute, eta ados gaude, baina gero txuletak jaten dituzte. Horregatik uste dugu arriskutsua dela guk galdeketa eskatzea, mezua nahastu daitekeelako.

Udalak neurririk hartuko duen itxaropenik duzue?

Ez gara haiekin elkartu gobernu aldaketa egon denetik. Oposizioan zeudenean elkartu ginen, bai, eta esan ziguten sinadura bilketa sustatzeko galdeketa eskatzeko. Baina guk ez dugu galdeketarik nahi. Guk nahi duguna da jaietan animaliekin egiten diren ekintza guztiak kentzea, galdeketarik egin gabe. Ez dugu haiekin hitz egin orain, eta agian oker egongo naiz, baina uste dut pertsonak agintera iristen direnean euren pentsamoldea aldatu egiten dela. “Herriak nahi badu”, erantzun izan digute oposizioan zeudenean; baina ez dugu uste hau herriak erabaki behar duenik. Gauza bat bidegabea bada, ez da galdetzen: kendu egiten da eta kito.

Astelehenean Abadiñon egon zineten, zuen salaketa San Blas eguneko azokara eroaten.

Bigarren urtez egon gara. Ez dugu azoka bera salatu nahi, animalien erabilera baizik. Salerosketarako objektutzat hartzen direla salatzera joan gara. Autoen erakusketa baten antzekoa da. Objektuak dira: nahi duzunean erabili ditzakezu, nahi duzunean saldu, nahi duzunean hil. Idi probak ere ezagunak dira Abadiñon. Aste honetan ezin izan gara joan, baina datorren astean han egongo gara berriro.