Forondako haritza bahitu dute

Forondako haritza bahitu dute

June Prieto

Klima aldaketaren aurka daukan konpromisoa erakusteko, Eusko Alderdi Jeltzaleak haritz bat landatu zuen Forondan (Araba), iazko irailaren 29an, Alderdi Egunean. GuNe Uribe Kostako ingurumenaren aldeko kolektiboak haritz hori “bahitu” du, euren ustez EAJak aldarrikatzen duen “kapitalismo berdea” salatzeko asmoz. Hori guztia, bideo baten bidez azaldu dute, eta ia 3.000 ikusle izan ditu Youtuben.

GuNeko kide batek —ez du izen-abizenik eman nahi— Bizkaiko Hitza-ri azaldu dio zeintzuk diren helburu nagusiak: “Eusko Jaurlaritzan dagoen EAJk haritza landatu du, baina AHTa, Zubietako erraustegia, Bilboko hegoaldeko saihesbidea, Ibarbengoako aparkalekua eta antzeko proiektuak ere egiten dituzte. Hori da salatu nahi duguna, hitzetan gauza bat esatea eta ekintzetan beste bat egitea”.

EAJren erantzunik ez dute oraindik jaso. “Bideoan azaltzen dugun moduan: haritza landatu zuten Forondako zelaian Alderdi Eguneko zaborra aurkitu genuen”, adierazi du kolektiboak. “Gure ustez, bideoagatik konturatu dira zuhaitza guk daukagula. Ez dakigu erantzun juridikoa edo politikoa emango duten, baina gure artean erabaki beharko genuke haritzarekin zer egin”.

Bideoa eta ekintza bera lehenago egin nahi zutela aitortu du, baina prozesua luze joan da, eta, azkenean, orain ateratzea erabaki dute. “Orain, badirudi gobernu guztiak direla ekologikoak, berdeak eta oso arduratuta daudela klima aldaketarekin. Baina jendeari ikusarazi nahi diogu hori ez dela horrela”. Besteak beste, aipatu ditu gobernuek autoa erabiltzeko erraztasunak jartzen dituztela, pinuz eta eukaliptoz “kolonizatutako” basoak sustatu dituztela eta Petronor epez kanpoko baimenekin ari dela lanean. “Argi dago ez daudela ingurumenaren alde; lortu nahi dutena da etekin ekonomikorik handiena ateratzea, arin eta erraz”.

Tosu Betirako mugimenduko kide batzuk sortu zuten GuNe kolektiboa duela hilabete batzuk. Uribe Kostako eskualdean eragiteko asmoz, ingurumenarekin konpromisoa duen edonori irekita dago. “Gure eskualdean dauden hainbat problema lantzen ditugu, kontsumo eta mugikortasun ereduarekin zerikusia dutenak; alegia, urbanismoa. Herri ereduan eragin nahi dugu, herriko dendak bultzatuz eta naturaguneak defendatuz, adibidez”.

Kolektiboa ezagutzera emateko balio izan die Forondako arbolaren bideoak. “Gure taldean jardun politikoa egiten dugu, ekintza ikusgarriago batzuk egiten ditugu, baina egunerokotasunean eragina izango dituzten ekintza xumeagoak ere egiten ditugu. Denak dira garrantzitsuak”. Larunbat honetan bertako zuhaitz landaketa bat egingo dute, Aizkorriko pinudian.

Oihartzun zabala

Ekintzak lortu duen oihartzunaz harro agertu da GuNeko kideak: “BERRIAk, Argia-k… hainbat komunikabidek eman diote oihartzuna. Gertuko ezagunek helarazi digute mezua ulertu dutela, eta ez dela dena margotzen duten bezain berdea”.