Figurazioa, paisaiak, abstraktua eta moda

Ibai Maruri Bilbao

Bilboko Arte Ederren Museoak artea “modurik zabalenean” jaso nahi du bere aretoetan, diziplina klasikoei mugarik ipini barik. Hala azpimarratu du Miguel Zugaza zuzendariak. Hori islatzen ahalegindu dira 2020ko lehen seihilekorako erakusketa egitaraua taxutzen ibili direnean. Datozen hilabeteetan, aretoak beteko dituzte Vicente Ameztoi margolari donostiarraren lengoaia figuratiboak, Aureliano de Berueteren eta Dario de Regoyosen paisaiek, Maria Josefa Huartek bildutako obra abstraktu eta modernistek eta goi mailako modak.

AMEZTOI
Otsailak 12 – ekainak 7

Datorren astean inauguratuko du Bilboko Arte Ederren Museoak denboraldiko lehen erakusketa handia, Vicente Ameztoi (Donostia, 1946-2001) margolariari eskainitakoa. Aurreko belaunaldiko artistek berezkoa zuten lengoaia abstraktuaren aurrean, Ameztoik 1970eko hamarkadan euskal artea eraldatu zuen, figurazioaren aldeko apustua eginda, subjektibotasuna, misterioa eta ironia lagun zituela. Elementu aztoragarri eta ezohikoen presentzia ere haren ekoizpen osoaren ezaugarri da. Nabarmentzekoa da zer ahalmen duen egunerokoak diren elementuak —paisaia, adibidez— arte bihurtzeko. Euskal Herriko kulturari eta historia garaikideari egindako erreferentziekin batera, Ameztoik pintura ingeles prerrafaeldarra, Italiako quattrocento garaikoa eta Magritteren surrealismoa izan zituen, besteak beste, erreferente. Erakusketak Ameztoiren lanaren ikuspegi bateratua eskaintzen du estreinakoz, eta haren ibilbide osoa hartzen du. Arte Ederren Museoak berak ekoitzi du erakusketa; iazko urrian Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan aurkeztu zuten. Orain, handituta, Bilbora ekarriko dute. Arte Ederren Museoko zuzendari izandako Javier Viar eta Miriam Alzuri dira komisarioak.

BERUETE, REGOYOS
ETA PAISAIA
Martxoak 11 – ekainak 15

Udaberrian, museoak XIX. mendearen amaierako eta XX. mende hasierako Espainiako paisaiei buruzko erakusketa handi bat ekarriko du; martxoaren 11n hasiko da. Jose Entrecanales Ibarra eta Santiago Corral Perez bide, ubide eta portuetako ingeniariek 1940ko eta 70eko hamarkaden artean osatu zituzten bildumak dira erakusketaren ardatza. 1936ko gerra zela-eta, Espainiako azpiegiturak atzeratuak geratu ziren, eta haiek eraldatzen egin zuten lan biek; interes handia izan zuten mende erdi lehenago paisaiaren generoan izandako berrikuntzekin. Kalitate eta berrikuntza ahalmen handieneko margolariak aintzat hartu zituzten, eta obra garrantzitsuz hornitutako bildumak osatu. Horien artean nabarmentzekoak dira Aureliano de Beruete (Madril, 1845-1912) eta Dario de Regoyosen (Ribadesella, Asturias, Espainia, 1857 – Bartzelona, 1913) margolari inpresionistenak. Baina ez horienak bakarrik. Erakusketak 70 bat lan bilduko ditu, eta, aipatutako bi margolarien lanekin batera, Agustin Riancho, Francisco Gimeno, Santiago Rusiñol eta Joaquin Sorollaren batzuk ere egongo dira.

BACK SIDE.
MODAREN BIZKARRA
Ekainak 10 – urriak 12

Giza gorputzak arroparekin duen harremanari ikuspegi sozial eta psikologiko batetik begiratuz, Back Side. Modaren bizkarra erakusketak zalantzan jartzen du gure bizkarrari eta beste pertsona batzuen bizkarrari buruzko pertzepzioa. Ifrentzua gizakiaren mugen oroigarri bat da: ikusmenari ezkutatuta dago, eta, neurri batean, baita ukimenari ere. Hala ere, modak etengabe dekoratzen, zamatzen eta azaleratzen du. Palais Gallieraren bildumetako jantzien eta osagarrien erakusketa honek XVIII. mendetik gaur egunera arteko ehun pieza baino gehiago ekarriko ditu, modaren, pinturaren eta eskulturaren arteko elkarrizketa bat sortuz.

ABSTRAKZIOA
ETA MODERNITATEA
Ekaina – iraila

Nafarroako Unibertsitatea Museoaren laguntzarekin, Maria Josefa Uharteren bildumaren zati bat Iruñetik Bilbora etorriko da udan. Hemezortzi artistaren 47 obrak osatzen dute bilduma pribatu hau. 1950eko hamarkadaren amaiera aldera ekin zion Uharte familiak bildumari, euren gustu pertsonalei jarraituta. Arte geometrikoaren eta abstraktuaren alde egin zuten: lehenengo, Jorge Oteiza, Pablo Palazuelo eta Antoni Tapiesen lanekin; gero, Eduardo Txillida, Mark Rothko, Wassily Kandinsky eta Pablo Picasso.

ITSASOZ HARAINDI
Uztailak 2 – urriak 19

Patricia Phelps de Cisneros venezuelarraren bildumetan Europako eta AEBetako bidaiariek Latinoamerikako paisaietan sentitu zuten lilura eta jakin-mina kontatzen da. Tartean daude, besteak beste, Frans Post margolari barrokoaren espedizioak eta Alexander von Humboldten ibilaldiak. Bilbon erakutsiko den lan multzoak 150 pieza izango ditu: margolanak, estanpak, liburuak eta argazkiak. Mundu ordenatua irudikatzera ohituta zeuden begi europarrek Amerikako paisaia exotikoak zelan bildu zituzten ezagutzeko aukera egongo da.