BIC41067 zaindaria

Igor Elordui Etxebarria

Edo Eskirolak II. Hau zutabe hau irakurtzeko ohitura daukazuenok gogoratuko duzue duela hamabost egun, urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren ingurumarian, eskirol postmoderno edo neoeskirolei buruz idatzi nuela. Ba, greba egunean, alaba, emaztea eta hirurok manifestaziora joan ginen, Bilbora. Autoz joan ginen, ez baitzitzaigun guztiz koherentea iruditzen autobusez edo trenez joatea, eta manifestazioa Jesusen Bihotzaren plazan hasiko zenez, San Mames ingurura joan ginen zuzenean. Hantxe topatu genuen aparkatzeko lekua. Ez genuen aparkatzeagatik TAOrik ordaindu, horri ere ez baikeneritzon guztiz koherentea. Gainera, ze demonio, duela justu bi urte beraien eskubideen defentsan greba egin zuten TAOko langileek ere grebarekin bat egingo zutela uste genuen.

Inuzenteak geu. Manifestaziotik bueltan automobilaren haizetakoan isuna, dotore tolestuta eta plastikotxo baten barruan. Arrazoia: baliodun titulurik edo tiketik gabe aparkatzea. Zaindariaren zenbakia: BIC41067. Horra hor paradoxa: geure egun horretako lansariari uko eginez greba egin eta manifestaziora joan ginen —baita zaindari horren— lan baldintzen eta pentsioaren alde. Ostera, lanera joan eta bere lana bete zuen, zintzo, gure kalterako, BIC41067k.

Gurago nuke honakoa eskura eman BIC41067 TAOko zaindariari, ondo tolestuta eta plastikotxo batean dotore sartuta. Berari eta berak bezala grebaren egunean lan egin zuten zaindari, begirale, polizia eta eskirol guztiei. Baina hori ezin dudanez egin, lan-istripuz bi langile hil diren astean (11 dira, jada, urtea hasi zenetik hil diren beharginak) hemen uzten dut idatzita:

Nik, _____ enpresako langileak, _____ NA zenbakidunak, hauxe adierazten dut:

Greben kontra nagoela erabat. Baita nire lan egiteko askatasuna mugatzen duen edozein hertsapenen aurka ere, alegia, piketeen eta nire lanpostura lasai eta askatasunez joatea eta iristea eragozten didan edozein indarkeria motaren kontra.

Hori dela eta, jarrera horrekin koherente jokatu nahian, ESKATZEN DUT:

8 orduko lanaldiaren onura kentzea eta 15 orduko lanaldia aplikatzea.

Asteko atseden-egunen onura kentzea eta urte osoan atsedenik gabe lan egiteko betebeharra aplikatzea.

Aparteko ordainsarien onura ken diezadatela eta aplika diezadatela urtean 12 ordainsari kobratzeko betebeharra.

Amatasunaren, ezkontzaren, heriotzaren eta abarren bajen onurak kentzea eta baja-eskubiderik gabe lan egiteko betebeharra aplikatzea.

Gaixotasunagatiko baja-onura kentzea eta lan egiteko betebeharra aplikatzea, nahiz eta larriki gaixo egon.

Ken diezazkidatela Gizarte Segurantzari eta langabeziari egindako ekarpenen onurak, aurrerantzean neu arduratuko naiz eta ordainpeko arreta medikoa jasotzeaz.

Eta ken diezazkidatela, orobat, idazki honetan jasota ez dauden greba, pikete eta indarkeriaren bidez lortutako onura guztiak.

Halaber, adierazten dut uko egiten diodala, berariaz, osorik eta betiko, 2020ko urtarrilaren 30eko grebaren bidez lor daitekeen edozein onurari.

Sinatuta.