“Anonimoa zena zentralitatera eramatea izan da gure asmoa”

“Anonimoa zena zentralitatera eramatea izan da gure asmoa”

Peru Azpillaga Diez

Erandion dagoen Sustraiak izeneko eskulturaren aipamenarekin abiatzen da Maroma. Hitzik gabeko Erandioko historia dokumentala. Arrantzale batek, laborari batek eta fabrikako langile batek osatzen dute herriaren arima irudikatu nahi duen obra hori; hiru gizonezkok, alegia. “Maromoak deitzen diogu guk obrari”, zehaztu du Garazi Hidalgo Erandioko Txoko Feministako kideak.

Hain zuzen ere, eragile feministako kideek bultzatutako egitasmo bat da dokumentala. Bost urte aritu dira horretarako buru-belarri lanean, eta, prozesuan gorabeherak izan dituzten arren, emaitzarekin “harro” azaldu da Hidalgo: “Anonimatuan eta itzalean zeuden istorioei zentralitatea eman diegu”. Gaur estreinatuko dute, 19:00etan, Altxagako liburutegian.

Erandioztarrek gaur ikusiko dute dokumentala lehenengoz. Zer ikusiko dute?

Herriko zortzi emakumeren testigantzak bildu ditugu; adin, jardun eta jatorri askotakoak dira. Berez, orain arte anonimoak ziren. Dokumentalaren bidez, inon agertzen ez diren istorio horiek guztiak gure herriaren historiaren parte ere badirela aldarrikatu nahi dugu.

Ezkutuan zeuden zenbait errealitate bistarazi nahi izan dituzue, beraz?

Bai. Dokumentaleko protagonistak ez dira famatuak, eta hor dago gakoetako bat. Ikusarazi nahi genuen gutako bakoitzak badituela kontatzea merezi duten istorioak; are gehiago emakume izanda. Ariketa pertsonal modura ere azaldu nahi genuen, bakoitzak bere bizitza kontatzeko egindako esfortzuagatik. Nahiz eta istorio horiek guztiak ez diren inon agertzen, gure herriko historiaren parte dira.

Nola erabaki zenuten nortzuk izango ziren dokumentaleko protagonistak? Zer irizpideren arabera?

Herriaren aniztasuna islatzen saiatu gara; badakigu errealitate guztiak biltzea ezinezkoa dela, eta aukeraketa batean beti dagoela filtro bat. Baina argi utzi nahi genuen Erandio herri zabala dela: hainbat auzo ditu, izaera desberdinekoak, batzuk oso deskonektatuta euren artean… eta horiek guztiak ahal den heinean ordezkatzen saiatu gara. Horrez gain, profil desberdinak ere bildu ditugu: hainbat adin, jatorri eta ogibidetako pertsonak. Batzuek, esaterako, bizitza militantea eraman dute, kontzientzia politiko garbia dute, eta beste batzuk, ordea, oso urrun bizi izan dira errealitate horretatik.

Nola jaso zuten emakume horiek haien testigantzak dokumental batean biltzeko ideia?

Baten bat segituan animatu zen, baina, oro har, zalantzak izan zituzten. Zalantzan jartzen zuten zer zen berek kontatu zezaketena. Hori irakatsi digute, hau da, guk kontatzeko dugunak ez duela balio handirik, eta, orduan, harritu egiten gara norbait galdezka datorkigunean. Ostera, gauza oso interesgarriak eta politak agertu dira, hausnarketa aberasgarriak benetan. Alde horretatik, oso eskuzabalak izan dira guztiak.

Zergatik diozu hori?

Azken finean, elkarrizketatuen testigantzetan oinarritzen delako lana. Elkarrizketa intimoak dira; bakoitzak gauza gehiago edo gutxiago kontatzen ditu, baina, oro har, nahikotxo biluzi dute beren burua. Elkarrizketetan garapen bat nabari da; bakoitzak, bere biografia eta bizitza kontatuz, bere gorabeherak eta lorpenak esplikatzen ditu.

Sustraiak eskulturarekin abiatzen da dokumentala, eta izenburua bera ere hortik eratorri duzue. Zer islatzen du eskultura horrek?

Hasierako ideia ez zen hori, baina halaxe izan da amaieran, bai. Herrian dugun eskultura horretan hiru gizonkote handi agertzen dira, eta bakoitzak gure historian garrantzia izan duen sektore bana ordezkatzen du. Ezin dugu ulertu nola gure herriaren historia ordezkatzen duen monumentu batean gizonak baino ez diren ageri. Guk Maromo ezizena jarri diogu, hiru gizonkote handi direlako, eta hortik dator dokumentalaren izenburua: hemen hau jarri badigute ere, guk gizonkote horien atzean bizitzak sostengatu dituztenen istorioak bildu ditugu.

Erandioren historia idatzi gabea…

Anonimoa zena zentralitatera eramatea izan da gure asmoa. Emakumeak itzalean egon gara beti; ez gara errespetatuak izan. Gure herrietako historia idatzi dutenek gutxietsi egin gaituzte beti.

Bost urtez luzatu da dokumentalaren ekoizpena. Nola bizi izan duzue prozesu hori?

Gorabehera asko izan ditu lanak. Taldeko bost kide ibili gara honetan buru-belarri. Gutako inor ez zen aditua halako gai batean, eta laguntza topatu behar izan dugu. Erritmoa motela izan da oso, eta grabaketan lagundu ziguten pertsonak ez dira izan muntaketa lanetan lagundu gaituzten berberak. Krisi momentuak ere izan ditugu, baina, hala ere, aurrera ateratzea lortu dugu.

Harro zaudete, beraz, egindako lanarekin?

Oso gustura geratu gara. Muntatzaileek oso lan txukuna egin dute, eta elkarlana oso aberasgarria izan da. Hain prozesu luzearen ostean, eta izandako zalantza guztiak kontuan izanda, oso pozik geratu gara emaitzarekin.