Peru Azpillaga Diez
Azken hilabeteetan Mesedeetako osasun zentroan izan diren murrizketek auzokideen kezka piztu dute. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Koordinakundeak jakinarazi duenez, ordutegia eta langile kopurua murrizteaz gain, Osakidetzak zentro horretako zenbait zerbitzu Miribillako osasun zentro berrira mugitu ditu. Horrek beldurra zabaldu du koordinakundeko kideen artean, uste baitute euren zentroa “husteko asmoa” duela Osakidetzak.
Egoera argitzeko, azalpenak eskatu dizkiete osasun zerbitzuko arduradunei, baina ez dute inongo erantzunik jaso. Horri aurre egiteko, 2.300 sinadura lortu dituzte Mesedeetako osasun zentroaren zerbitzuak lehengoratzeko, eta, egoera aldatu ezean, mobilizazioak iragarri dituzte. “Ez dakigu zergatik ari diren zerbitzuak kentzen. Bat-batean, azaroaren erdialdean, enteratu ginen zerbitzu batzuk Miribillara eramango zituztela”, jakinarazi du Idel Aguilerak, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Koordinakundeko kideak. “Geroztik, ez dugu inongo azalpenik jaso”.
Emagin eta pediatria zerbitzuez ari da Aguilera. Orain, Mesedeetako osasun zentroko erabiltzaileek Miribillara lekualdatu beharra dute artatuak izateko. “Baina ez da izan hori bakarrik”, erantsi du Aguilerak. “Handik gutxira, jakin genuen etenik gabeko arreta zerbitzua ere kendu egingo zutela”. Azaldu duenez, lehen, Mesedeetako osasun zentroak 08:00etatik 20:00etarako jardunaldia zuen, eta, orain, 15:00ak arte irekitzen dute soilik. “Orduan hasi ginen kezkatzen”, adierazi du Aguilerak.
Kezka hori auzokideen artean zabalduz joan dela esan du. Batez ere, ikusi dutelako ez dela gauza bakan bat izan. “Lehenengo zerbitzu bat da; gero, bestea; gero, arreta ordutegia murriztea; ondoren, mediku eta erizain batzuk lekuz aldatzea… Badirudi zentroa guztiz husteko asmoa dutela”. Larriena, haren ustez, egoeraren aurrean aurkeztutako alternatiba falta izan da. “Ulergarria da Miribillako osasun zentroa indartu behar izatea, baina ezin da Mesedeetako zentroaren bizkar izan”.
Aguilerak esplikatu duenez, aldapaz beteriko auzoa da haiena, eta, gainera, jende nagusi askoren bizitokia ere bada. “Ez da zentzuzkoa, Miribillako zentroa ez dago eskura jende nagusiarentzat eta ez dago bertara hurbiltzeko inolako zerbitzu publikorik”. Osasun zentroko erabiltzaile gehienak adineko pertsonak izanik, egindako murrizketek “kalte larria” eragiten dietela salatu dute. “Ibiltzeko zailtasunak izateaz gain, kontuan izan behar da gure auzoan ez dagoela inongo irisgarritasun planik; gaur egun, Miribillara joan behar izatea ez da aukera bideragarri bat gure auzoko jendearentzat”.
Egoeraren inguruan informazio falta dagoela ohartarazi du Aguilerak, ez Osakidetzak ez Bilboko Udalak ez dutelako murrizketen inguruko azalpenik eman. “Ez dakigu zer gertatuko den, eta zaila egiten zaigu benetan euren asmoa ulertzea. Errealitatea da gure osasun zentroan geroz eta zerbitzu gutxiago daudela; eta hori kezkagarria da”.
Aguilerak azaldu duenez, Bilboko beste auzo batzuetako osasun zentroetan ere gertatu izan dira halako egoerak. “Osasun zerbitzuen murrizketa plan bati erantzuten diola dirudi, zerbitzuak kenduz edota ordutegiak murriztuz”. Hori ikusita, haien auzoak bizi duen errealitate “bereziari” eutsi dio Aguilerak. “Bazterketa arazoak daude, kalera atera ezin den jende oso nagusia, irisgarritasun arazoak… Zerbitzu sozialak indartu egin behar dira; eta hemen, kontrara, ahuldu baino ez dituzte egiten”.
Alde horretatik, argitu egin du ulertzen dutela Osakidetzak Miribillako osasun zentroa indartu behar izatea. “Jende asko bizi da han, eta normala da horren beharra izatea; guk ez dugu horren kontra egiten, inondik inora ere. Baina ezin dute hori argudiotzat erabili gure osasun zentroa husteko”. Datozen egunetan azalpenen bat jasotzea espero dutela azaldu du. “Bestela, mobilizazioekin hasiko gara; ezin dugu egoera hau onartu”. Herenegun auzo batzarra izan zuten.