“Gertaera txar bat aprobetxatu genuen pausoak norabide onean emateko”

“Gertaera txar bat aprobetxatu genuen pausoak norabide onean emateko”

I. Maruri Bilbao

“Hau ez da udal gobernuaren edo alderdi politiko baten plana. Alderdi guztiek eta abusuak salatzeko sortu zen Ez Naiz Isilduko plataformak elkarlanean egin dugun lanaren emaitza da”, argitu nahi izan du Asier Iragorri (Basauri, 1968) Basauriko alkateak. Pozik dago adingabeen aurkako abusuei aurre egiteko planak eragindako aldaketarekin.

Urtebete pasatu da iazko urtarrilean Basauriko kaleetan adingabeen aurkako abusuak salatzeko manifestazio jendetsua egin zenetik. Zer aldatu da herrian?

Esango nuke abusuak argitara atera ditugula. Baskoniako kasua gogorra izan zen Basauri osoarentzako. “Hau gure herrian gertatu da eta gertatzen ari da”, pentsatu genuen. Eta erabaki genuen herri modura aurre egin behar geniola, eta buelta eman egoerari. Gertaera txar bat aprobetxatu genuen pausoak norabide onean ematen hasteko.

Iazko udaberrian jarri zenuten martxan abusuen aurkako plana, nahiz eta berez ez den udalaren eskumenekoa. Zergatik?

Urtarrileko manifestaziora Ez Naiz Isilduko plataformak deitu zuen. Udalean ordezkaritza genuen alderdiak hainbatetan elkartu ginen plataformarekin, manifestazioaren aurretik eta ondoren. Bileretan pentsatu genuen biktimei arreta emateko eta prebentzioa lantzeko programa bat behar genuela. Ni Gizarte Politiketako zinegotzia nintzen orduan. Ongizate zerbitzuetatik hainbat gauza egiten genituen aurretik ere, baina ez genuen abusuenganako begirada berezirik. Feminismoan esaten da betaurreko moreak behar direla berdintasun politikak egiteko; ba, kasu honetan, antzeko zerbait. Pentsatu genuen gure profesionalekin eta kanpoko profesionalekin arreta programa antolatu genezakeela. Prestakuntza saioak behar genituela ikusi genuen, gizarte zerbitzuetako profesionalentzat.

Ondoren biktimei arreta emateko leihatila bakarra ipini zenuten martxan.

Telefono zenbaki bat, Whatsapp zenbaki bat eta helbide elektroniko bat dira. Abusua bizi duen norbaitek edo abusuren baten zantzua duen norbaitek badauka nora jo. Eta, horrez gainera, prebentzio lana egitea ere pentsatu genuen, herriko aisialdi eta kirol klub, ikastetxe eta familiekin prestakuntza saioak eginez. Bilera bat egin genuen eragileekin uda aurretik, gure asmoen berri emateko. Gaur egun, saio horiek eskaintzen gabiltza.

Zelako erantzuna jaso dute saio horiek? Interesa piztu dute?

Arrera ona jaso zuten proposatu genituenetik. Prestakuntza saioetara etorri ez direnekin ere oso harreman ona sortu da. Informazioa zabaltzen ari gara. Ikusi behar dugu orain hurrengo pausoak zeintzuk izango diren. Balorazio hori egiteko daukagu, baina eragileen aldetik oso arrera ona jaso du. Gurasoen elkarteek interes berezia agertu dute, eta kluben aldetik ere parte hartze handia egon da saioetan.

Leihatilaren baloraziorik egin duzue?

Nire ustez balorazioa egitea ez da garrantzitsuena; garrantzitsuena da aukera hori eman izana. Lehendik ere bagenuen familiekin eta adingabeekin lan egiteko programa bat gizarte zerbitzuetan. Lehen ere abusuen inguruko arreta egiten zen. Baina orain badute tresna bat, informazioa eta laguntza behar dutenean zuzenean joateko. Ez da soilik adingabeentzat, duela 30 urte edo gehiago jazotako abusuen biktimentzat ere bada. Guk aholkularitza ematen diegu; beste erakunde batzuek dituzten zerbitzuen berri ere maten diegu. Hurbiltzen denari arreta eskaintzen diogu, eta hemengo profesionalek baloratzen dute arreta bereziagoa behar duten; izan daiteke salaketa jarri aurreko orientazioa, edo biktimari delituaren ondorioei aurre egiten laguntzeko… Eta ez da bakarrik biktimentzako leihatila: abusuren baten susmoa duenak ere jo dezake.

Baskoniako entrenatzailearen aurkako auzian herri akusazio izan nahi zenuten, baina ez dizuete utzi.

Indarkeria matxistaren kasuan onartzen da, baina badirudi adingabeen aurkako sexu abusuen kasuan ez dagoela horretarako aukerarik; beharbada, legea aldatu beharko litzateke. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ez zuen gure eskaera onartu. Esan ziguten ezinezkoa dela, legeak ez duelako ahalbidetzen. Salatzaileak adingabeak diren heinean, uste genuen udalak ere epaiketan parte izan behar zuela.