“Beharrezkoa da legamia genetikoki eraldatuz joatea”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Ibai Lenitz Etxaburu (Ondarroa, 1994) doktoretza egiten ari da Goteborg hiriko (Suedia) Chalmers Unibertsitate Teknologikoan. 2018az geroztik Suedian bizi da, eta, ikasturtea hasi zenetik, proiektu bat garatzen ari da Saccaromyces cerevisiae deritzon legamia bioerregai modura erabili ahal izateko.

Zergatik erabaki zenuen doktoretza Suedian egitea, eta ez hurbilago?

Euskal Herrian horrelako aukera bat bilatzea oso zaila da; argi nuen atzerrira joan beharko nuela ikasketetan aurrera jarraitu ahal izateko. Espainian, egia esan, beka gutxiegi dago, eta norbere karrerarekin jarraitzeko aukera oso gutxi. Tesia egin ahal izateko Suediara etortzeko asmoa hartu nuen, eta, doktoretza hemen egitea proposatu zidatenean, ez nuen dudarik eduki. Chalmers Unibertsitate Teknologikoa, gainera, oso unibertsitate ona da, Europan oso ezaguna. Eta masterra amaitu ostean hemen lana aurkitzeko aukera handia dagoela jakinda, hona etortzea erabaki nuen. Euskal Herrian eta Espainian, esaterako, masterreko lana amaitu orduko, asko kaleratu egiten dituzte, eta ikasten edo ikertzen jarraitzeko aukera barik geratzen dira.

Non egiten duzu ikerketa?

Bioteknologia Industrialeko Departamentuan ari naiz lanean. Ni bakarrik ari naiz nire proiektua garatzen, baina, egia esan, nire antzerako ikerketak egiten dituzten beste hainbat kide ditut inguruan. Proiektua gainbegiralearen laguntzagaz garatzen ari naiz, eta aste bitik behin ikerlanaren nondik norakoak zehaztuz joaten gara.

Noiz hasi zinen hura garatzen?

Azken ikasturtean hasi naiz. 2018ko irailean etorri nintzen bertora master amaierako tesia egitera; eta doktoretzak ere lotura estua du aurrekoagaz.

Aurretik egindako tesiak badu zerikusia, beraz, doktoretzan ikertzen ari zaren gaiagaz.

Nire oraingo arduradunaren ardurapean dagoen postdoc batek ikuskatu zuen masterreko tesia. Irakasle arduradunak doktoretzarako lan eskaintza bat atera zuen, antzeko gai bategaz lotuta. Arlo horretan esperientzia nuela ikusita, eta aukera asko nituenez, beste hainbat hautagaigaz batera aurkeztea gomendatu zidaten, eta azkenean niretzat izan da postua; 2019ko irailean hasi nuen doktoretza.

Saccharomyces cerevisiae deritzon legamia ikertzen ari zara, legamia hori etorkizunean bioerregai modura erabiltzeko.

Legamia arruntenetariko bat da Saccharomyces cerevisiae. Garagardoa, ardoa eta ogia egiteko ere erabiltzen da. Legamiak andui asko ditu, eta nire asmoa da legamiaren tolerantzia handituta hori guztia industriara hedatzea. Legamia, berez, edozer ekoizteko erabili daiteke. Hartzidura oso erraza da, eta naturalki egiten du. Baina legamiari ibilbide metaboliko berri batzuk sartu ahal dizkiozu, edo eraldatu, bideratzeko bioproduktuen sorkuntza. Ez da prozesu sinplea, baina posible da hori lortzea.

Legamia, orduan, genetikoki eraldatzen duzue.

Legamia horren tolerantzia hobetzen badugu, prozesua bera ere eraginkorragoa bihurtuko dugu. Biomasa tratatzen dugunean, konposatu toxikoak agertzen dira, eta horiek oso txarrak dira legamiarentzat. Besteak beste, legamia ez da hainbeste hazten edo behar den beste birsortzen, eta legamiaren errendimendua apaldu egiten da. Beraz, beharrezkoa da legamia genetikoki eraldatuz joatea. Legamia mota hau, gainera, ondo ezagutzen dugunez, badakigu zer ibilbide metaboliko duen, eta zelan funtzionatzen duen barrutik. Eraldatzeko orduan ere errazagoa da. Legamiari buruzko zenbat eta ezagutza gehiago eduki, errazagoa da jakitea zelan eraldatu.

Legamia eraldatuz joateko, zer teknologia erabiltzen duzue?

CRISPR/Cas9 eta CRISPR/a teknologiak erabili ditut, bereziki. Punta-puntako teknologia da, eta 2013tik iraultza baten modukoa izan da eraldaketa genetikoak ikertzen dabiltzan askorentzat. Tresna oso erraza da organismoak eraldatzeko orduan. Sekulako bilakaera ona eduki du teknologia mota horrek, eta, gaur egun, denean erabiltzen da.

Besteak beste ardoa egiteko erabiltzen den legamia hobetu eta industriara bideratzea da zure asmoetako bat. Zer neurritan izango da hori garrantzitsua?

Gaur egun, klima aldaketaren eta emisioen arazoa hor dugu, eta, testuinguru horretan, jende asko ari da ikertzen emisioak zelan gutxitu. Batez ere, energia fosilen erabilera zelan gutxitu ari dira ikertzen; baita gu ere. Mozten edo berrerabiltzen ez diren landare hondakinetatik dena aprobetxatzea da gure asmoa, erregai bat sortu ahal izateko. Prozesu horretan, gainera, ez dugu sortzen inolako emisiorik. Alde batetik, birziklatzen ari gara, eta, bestetik, askoz ere emisio gutxiago ari gara sortzen.

Eta Saccharomyces cerevisiae legamiari dagokionez, zer berezitasun ditu?

Legamia mota hau nahikoa sendoa da; eta gaitasun hori oso garrantzitsua da industriarako. Industrian, prozesuak oso gogorrak dira. Baldintza oso gogorrak egoten dira: tenperatura altuak edo edozer izan daiteke. Eta legamia aproposa da horretarako. Legamiaren beste gaitasunetako bat da azkar hazten dela, eta gaitasun naturala du berez hartzitzeko; besteak beste, bioerregaiak ekoizteko gaitasun berezia du. Ikertzen ari naizen proiektuan, etanola sortzeko gaitasun hori erabil daiteke industrian, bioetanola ekoizteko. Bioetanola bioerregai modura erabiltzen dute bai Brasilen, bai AEBetako leku batzuetan.

Zer erabilpen ditu bioetanolak?

Bioetanolari ibilbide genetikoa aldatuz gero, beste konposatu batzuk ere sortu daitezke. Farmazeutikako, elikadura industrialeko eta beste hainbat ekoizkin ere sor daitezke. Industria kimikoan ezagutzen ditugun produktu asko sortzen ditugu, bioindustrian erabili ahal izateko gero.