Pradales: “Autorik ez hartzeko aukera emango du tunelak”

Pradales: “Autorik ez hartzeko aukera emango du tunelak”

I. Maruri Bilbao

Herritarrengan tunelak eragin ditzakeen kezkak lasaitu nahi izan ditu Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako diputatuak (Santurtzi, 1975). “Tunela oso sakon joango da, 40 metrora. Metroa askoz azalerago pasatzen da. Tunelaren zatirik handiena gainean etxebizitzarik ez dagoen lurzoruetatik pasatuko da”. Horrez gain, Leioan Artatzako parkea salbatuko dela ziurtatu du. Esan du kontuan hartuko dituztela azpiegitura igaroko den herrietako udalen proposamenak.

Bilboko metropoliaren trafiko arazoak konpontzeko iragarri duzue tunela. Zein dira?

Bizkaian eta, bereziki, Bilboko metropolian egunero, eta batez ere lanegunetan, auto ilarak dauzkagu, bai Artatzako lotunean, bai Arrondegiko zubian, bai Max Centerreko lotunean. Bizkaian egunero mugitzen diren ibilgailuen %85 triangelu honetatik pasatzen da, eta errepide horiek daukaten gaitasuna ia agortuta dago. Horri alternatiba bat bilatu behar zaio.

Zergatik tunela eta ez zubi bat?

Duela urte eta erdi, teknikariek hiru alternatibarekin azterketa egin zuten. Lehenengo biak zubiak ziren: bata, Axpe aldean, Sestao eta Erandio gurutzatzeko; bestea, Lutxana eta Barakaldo artean, ia Arrondegiko zubiaren azpitik beste bat Bilbo aldera joanda. Hirugarren alternatiba zen Lamiakoko ibai azpiko tunela. Hirurak aztertu ziren sakon, eta orduan erabaki zen aukerarik egokiena tunela dela. Hainbat arrazoi zeuden hori esateko: trafiko gehien hartzen zuen alternatiba zen, arazoa gehien konpontzen zuena, baina baita ingurumenean eta hirigintza arloan kalte gutxien eragiten zuena ere.

Esan izan duzu tunel horrekin eraztun bat zarratuko dela metropoliaren inguruan. Zer helburu dauka eraztun horrek?

Tunela eta hegoaldeko saihesbidea AP-68arekin lotzea proiektu beraren parte dira. Lan horiek egiten ari gara orain; 2022. urtearen amaieran bukatuko dira, eta 2023 hasieran martxan jarriko dugu lotura hori. Eraztuneko bigarren pieza da tunela, eta garrantzi handia izango du, saihesbide berria jartzen duelako martxan Bizkaian. Uribe Kostako, Eskuinaldeko, Ezkerraldeko eta Bilbo inguruko mugikortasuna aldatuko du. Iraultza izango da. Hiriguneetan ez sartzeko aukera emango die hainbat ibilgailuri, saihesbidea delako. Orain, Berangon bizi den pertsona bat Kantabria aldera baldin badoa, behartuta dago Getxo, Leioa, Erandio, Arrondegiko zubia eta Ezkerralde osoa pasatzera; buelta handia egin behar du, eta hirigune askotatik pasatu. Tunelarekin, hiru minututan itsasadarraren beste ertzean egongo da, eta artez joango da Kantabria aldera. Gauza bera gertatzen da Arabara joan behar bada. Gipuzkoara joateko, Artatzako errepidea eta Txorierriko lasterbidea erabili ordez, tuneletik, hegoaldeko saihesbidetik eta AP-8tik joateko aukera egongo da.

Ekologistek salatu dute autoaren erabilera sustatzen duen azpiegitura bat dela.

Hori ez da horrela. Nahi ez badugu ere milaka ibilgailu pasatzen dira hortik, eta arazo horri konponbide bat eman behar diogu. Kontuan hartu behar da Bilboko metropolia Europako trafikoaren ardatz atlantikoaren gune estrategikoa dela; horrek eragiten du milaka eta milaka ibilgailu —asko, kamioiak— inguru honetatik pasatzea. Gu erdigunean gaude: Frantziatik dator, eta hemendik igarotzen dira bai Lisboa eta Porto aldera, bai Madril aldera. Hori hurrengo hamarkadetan horrela izango da, ez bada areagotzen. Azken sei urteetan, trafikoak gora egin du. Esaterako, AP-8tik igarotzen diren ibilgailuen %60 hemendik pasatzen dira. Azkenik, azpimarratu behar da garraio publikoa Bizkaian, eta bereziki metropolian, Europa osoko onenetakoa izango dela ziurrenik. Metroa dugu, trena dugu, autobusak ditugu… Eta horiek indartu diren arren, zerbitzua hobetu den arren, egunero milaka eta milaka ibilgailu igarotzen dira inguru honetatik. Ez da lortu trafikoa gutxitzea.

Tunelak berak garraio publikoa izango du, ezta?

Oso argi daukagu: halako inbertsio handia egingo denean, etorkizuneko garraio publikoa diseinatzeko momentua dela. Beraz, tunelak ere aukera emango du autorik ez hartzeko. 2023an hasiko dira lanak; beraz, hiru urte ditugu ondo erabakitzeko zein izango den garraio publiko hori.