“Interes ekonomikoak jartzen dituzte gure osasunaren aurretik”

“Interes ekonomikoak jartzen dituzte gure osasunaren aurretik”

June Prieto

Bi urte pasatu dira Gueñes eta Zallako herriak hauts beltzez estalita agertu zirenetik. Ordutik, biomasa erretzen du Glefaran enpresak, eta bere tximinietatik osasunarentzako “partikula kaltegarriak” botatzen ditu. Enpresatik 400 metrotara bizi da Patricia Souto (Galdakao, 1972), Gueñes Bizia plataformako kidea: “Norbait ari da diru asko egiten gure osasunaren bizkar”.

Zergatik sortu zenuten Gueñes Bizia plataforma?

Eskualdeko berrehun familiak sortu genuen plataforma, eta 12.000 euro inguru batu genituen orotara. Gure helburu nagusia txosten zientifiko bat osatzea zen, jakiteko zer ari ginen arnasten. Jadanik gure osasunean ondorio batzuk ikusiak genituen, eta ez genituen sinesten airearen kalitatea “ona edo oso ona” zela esaten zuten Eusko Jaurlaritzaren txostenak.

Zer diote zientzialariek Glefaran enpresaren jarduerari buruz?

Zientzialariei gure arazoa azaldutakoan harrituta geratu ziren, eta doan etorri ziren guri laguntzera. Azaldu digutenaren arabera, egurra erretzearen arazorik larriena, eta ia konponezina, kearekin batera askatzen diren partikula txikiak dira, mikra batera ere iristen ez direnak. Merkatuan ez dago horiek jasotzeko iragazkirik. Airea arnastean zuzenean pasatzen dira gure odolera, eta osasun arazo larriak sortzen dituzte. Gainera, gure bailaran alderaketa termiko handia dago, eta horrek eragiten du partikulak ez sakabanatzea, arazoa are gehiago larrituz. Gueñestik joateko erabakia ere hartu dute batzuk.

Noizbait pentsatu duzu herria uztea?

Bai. Egunero pentsatzen dut. Baina ez da erabaki erraza. Gure eskualdea hondoa jota dago lanari dagokionez, eta etxeak saltzea ia ezinezkoa da, behintzat prezio duin batean. Gainera, orain, jendeak badakienean zelan dagoen airearen egoera, are zailagoa da.

Zelan eragiten dizu airearen kutsaduraren arazoak?

Nire alabari 5 urterekin asma diagnostikatu zioten, eta nagusitu ahala berez kenduko zitzaiola esan zioten medikuek. Orain, 9 urte ditu, eta gaixotasuna kroniko bihurtu zaio. Baina hori ez da dena: nire senarrak ere ondorio larriak ordaindu ditu hemen bizitzeagatik. 45 urte asma eduki gabe egon eta gero, orain bizi osorako botikak hartu beharko ditu, gauetan ito egiten baitzen. Hor erabaki nuen plataforman sartzea eta gogoz salatzea herrian zer gertatzen ari zen.

Arnas arazoez gain, zein beste gaixotasun sumatu duzue?

Plataforma sortu zuten lau pertsonatik hiruk minbizia garatu dute; nire kuadrillan ere andreen artean hiruk minbizia dute. Mundu mailako txosten guztietan azaltzen da biomasa erretzean zer-nolako gaixotasunak areagotzen diren; horregatik, iragazkirik ez denez existitzen, enpresatik etxebizitzetara bost kilometroko tartea derrigorrezkoa da. Gure kasuan, 500 metrora haur eskola bat dago, jakinda umeei ondorio larriagoak eragin ahal dizkiela, gehiago arnasten dutelako eta partikula horiek lurretik 30 zentimetrora kokatzen direlako.

Zer adierazi du Eusko Jaurlaritzak honen inguruan?

Eusko Jaurlaritzak ematen ditu baimenak; are gehiago, lau milioi euro eman dizkio diru laguntzetan Glefarani. Ni ez nago politikan sartuta, baina argi dago hemen badaudela gure osasuna baino garrantzitsuagoak iruditzen zaizkien interesak, eta onartezina da. Ez dugu jakin enpresa horrek zer jarrera edukiko zuen benetan martxan jarri zen arte; gainera, herrian lanpostuak sortuko zirela esan ziguten, eta hori ere gezurra izan da.

Zenbat lanpostu sortu ditu Glefaran enpresak?

Pasguren enpresa itxi zenean, duela lau urte, ia berrehun lanpostu galdu genituen, eta Glefaran agertu zen ehun lanpostu baino gehiago eskaintzen. Egun, 35 pertsona daude enpresan lanean, herrikoak hogeita gutxi. Baina guk ez dugu nahi enpresa ixtea, baizik eta beste jarduera batzuk egitea.

Zer jarduera mota egin ahal ditu enpresak biomasa erretzeaz gain?

Lau jarduera ezberdin egiteko baimena dauka. Lehenengoa, pellet edo ezpelak egitea; bigarrena, hondakinak birziklatzea; hirugarrena, plastikoarekin zer edo zer egitea; eta azkena, biomasa erretzea energia lortzeko. Egunero, 350 tona egur siku erretzen dituzte. Enpresak bi milioi euroko fakturazioa dauka urtean. Hori asko da. Baliabideak badituzte aldaketak egiteko, dirua badute ahalik eta lasterren egiteko. Argi dago energia lortzea egun negoziorik eraginkorrena dela dirua lortzeko, baina dena al da dirua? Eta gure osasuna?

Udalen jarrera ere ezkorra dela azaldu duzue. Plataformaren aurka egin dute noizbait?

Ez gaituzte sinistu nahi. Orain esaten dute beste ikerketa bat eskatuko dutela, baina ikerketa horretan ez dituzte neurtzen partikularik kaltegarrienak: artsenikoa eta hidrokarburoa, besteak beste. Plataformako kide batek horrela azaltzen du: hilabetero kolesterolak neurtzeak ez dizu esango minbizia duzunik, beste mota batzuetako analisiak egin beharko dituzu hori jakiteko. Berdin gertatzen da ikerketekin.

Bihar egingo duzuen manifestazioaren ondoren, zer gustatuko litzaizueke gertatzea?

Ahalik eta jende gehiena etorri behar da; horrela, indar handiagoa edukiko dugu gure eskariak betetzeko. Baina gure lana ez da amaitu: orain, medikuekin nahi dugu analisi bat egin. Orain arte, uste dugu ez direla behar beste inplikatu. Bizkaian, beste bi kasutan ezeztatu egin ziren biomasa zentral bat egiteko proiektuak. Zergatik baimendu dute hemen? Zer ote gara gu, txotxongilo batzuk? Gobernuak gure osasuna lehenetsi behar du, irtenbide bat bilatu behar du.