Hobekuntza pedagogiko iraunkorrean murgilduta

Hobekuntza pedagogiko iraunkorrean murgilduta

Helburu irmoak buruan hasi zuen ikasturtea Andramari Zornotzako Ikastolak. Irakaskuntza tradizionala lekuz kanpo geratzen ari da ikastolen hezkuntza ereduan, eta marko pedagogiko berriek hartu diote tokia; horren adibide da Andramari Zornotzako Ikastolan lantzen ari diren Haur Hezkuntzako Marko Pedagogiko Propioa.
Martxan daukaten proiektuak kontuan hartzen ditu haurraren erritmo biologiko-kognitiboak eta emozionalak. Hori horrela, haurrek berez dituzten gaitasunak eta jokabideak identifikatu eta era positiboan garatzen laguntzen die eredu horrek. Autokonfiantza eta inguruarenganako konfiantza lantzen dituzte pertsona trebatuak, osoak eta zoriontsuak izateko.

Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako ere marko pedagogiko berri bat sortzeko erronka du Andramari Zornotzako Ikastolak, eta jada hasi dira lehen pausoak ematen. Bestalde, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan EKI proiektua dute.
• Euskal Curriculuma garatzen du, konpetentzietan oinarrituta dago eta integrazioaren pedagogiaren bitartez lantzen da.
• Eredu pedagogiko honi esker edukiak bereganatzeaz gainera, horiek eguneroko bizitzan, egoera errealetan, aplikatzen ikasiko dute ikasleek.
• Ohiko ikasliburuaren ordez, liburu digitalak eta ordenagailuak erabiltzen dituzte ikasleek konpetentzia digitalak ere garatuz.

Hizkuntzen ikaskuntzaren garrantziaz ere jabetuta daude Andramari Ikastolan, eta Hizkuntza Proiektuan ere lanean ari dira. Hizkuntzen ikaskuntzari eta erabilerari dagozkien alderdi guztiak bildu eta haien trataerari koherentzia ematen dion egitasmoa da Hizkuntza Proiektua.

Andramari Zornotzako Ikastolaren hezkuntza eta hizkuntza proiektuaren ardatza euskara izanik, ikastolak pertsona eleaniztunak formatu nahi ditu, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera ere barneratuta. Hau da, bertako hizkuntza propioa (euskara) eta kontaktuko hizkuntzaz gain (gaztelania), ikasleek atzerriko hizkuntza batean (ingelesa) ere nahikotasun maila lor dezaten nahi dute, bai eta laugarren hizkuntza bati buruzko (frantsesa) gutxieneko ezagutza barneratzeko aukera ere eskaintzea.

Hizkuntza Proiektuak ikastetxeko hizkuntza habitat osoa hartzen du aintzat: ikastola osatzen duten kide guztien hizkuntza errealitatea lantzea; ikasleena eta irakasleena batez ere, baina baita gurasoena, langileena eta ikastolari lotutako eragileena ere. Zehaztutako lehentasunen arabera, globaltasunean aritzea du helburu. Horrela, ikastolaren Hizkuntza Proiektuak bere baitan biltzen ditu berton lantzen dituzten hizkuntza guztiak: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Betiere, euskara oinarri eta ardatz izanik.

Hezkidetza plana
Andramari Zornotzako Ikastolak bat egiten du erabat David Sanchez Garrido hezkuntza orientatzaileak hezkidetzari buruz emandako definizioarekin: «Hezkuntzako edozein eragilek genero estereotipoek inposatzen duten garapen pertsonal mugatua gainditzeko, eta pentsamenduan, jarreretan, portaeran, munduaren ikuskeran eta interpretazioan aldaketak eragiteko garatzen duen esku hartze nahitaezkoaren baitako eduki, helburu eta estrategien multzoa da hezkidetza. Kultura androzentriko eta patriarkalak berezko duen sexu diskriminazioak dakarren inertziak soilik justifikatzen du gizakien arteko desberdintasuna, eta hori prebenitu, orekatu edo errotik ateratzea da helburua».

Genero estereotipoak mugagabeak dira gizartean, eta horiek jasotzen dituzte haurrek eta gazteek ere. Hezkidetzak identifikatu egiten ditu jendarteak etengabe errepikatzen dituen hezkuntza matxistak sortzen dituen mugak, eta, horiek gainditzeko hausnarketa guneak prestatzen ditu. Haurren eta gazteen garapen askea sortzeko bideak lantzea da pedagogia horren azken helburua.

Esparru ugaritan egin beharreko elkarlanean aritzea ezinbestekoa da: ikasleak, irakasleak, familiak eta komunitate osoa prestatzea funtsezkoa da helburu horiek lortuko badira. Andramari Ikastolako Hezkidetza egitasmoan, irakasleen formakuntzan lanean ari dira. Ikasleekin ere unitate didaktikoak lantzen dituzte data esanguratsuetan, azaroaren 25ean, martxoaren 8an edota maiatzaren 17an, esaterako. Irakasleek eta ikasleek hezkidetzarekin loturiko gaiak lantzen dituzte unitate didaktiko horien bitartez: matxismoa, indarkeria, aniztasuna…

Familiekin ere hezkidetza arloa lantzea da Andramari Ikastolaren erronketako bat. Hezkuntza komunitateko lotura sendoen bidez soilik izango baita eraginkorra pedagogia hori. Hankamotz geratuko litzateke pedagogia komunitateak bere osotasunean landuko ez balu hezkidetza arloa.