Eskirola

Igor Elordui Etxebarria

Eskirol berba katalanetik ei dator. Esquirol da, katalanez, katamixarra, urtxintxa edo katagorria, eta baita Bartzelonako herri baten izena ere: L’Esquirol. Antza, RAEren arabera, XIX. mendeko greba batean herri horretatik joan ziren zenbait langile L’Esquiroletik hamar bat kilometrora dagoen Manlleu herrira, hango langile grebalariak ordeztera. Eta hortik ei dator eskirol deitzea greba batean lan egitera doan langileari.

Eskirola, baina, ez da bakar-bakarrik greba egiten duen langilea ordezten duen pertsona, eskirolak dira grebaldian lan egiten duten pertsona guztiak. Edo, bestela esanda, grebari atxikitzen ez zaion langilea. Eta ez langilea bakarrik, enpresa, denda edo dena delakoa egun horretan zabaltzen duen negozioaren jabea ere eskirola da (ez diot nik, Interneten dago). Eta zeintzuk dira eskirol batentzat eskirol izateko arrazoiak? Ba, izan ahal da ez datorrelako bat grebalarien aldarrikapenarekin. Izan ahal da buruzagi edo ugazabaren mehatxupean dagoelako. Izan ahal da greba egiteagatik jasotzen duen ordainsaria ez galtzeagatik. Edo izan ahal da beren-beregi kontratatu dutelako grebalariaren lana egiteko. Azkenaldian, baina, beste eskirol mota bat gailendu dela esango nuke: eskirol postmodernoa, neoeskirola. Gaur egungo eskirola, postmodernitatearen marka, berekoia da eta ez dauka eskirol-kontzientziarik. XXI. mendeko eskirola lasai doa lanera, bera ez baitago aldarrikapenen kontra. Ez du grebarik egingo, baina ez kontra dagoelako, nagusiak mehatxatu duelako edota dirua behar-beharrezkoa duelako, ezpada, ez duelako sentitzen greba hori “berarekin doala”. Greba denik ere, agian, justu-justu jakingo du, ezta zehaztasunez nork egiten duen deialdia eta zergatik. Gehienez ere, galdetzen badiote, lehenago entzundako eta behin eta berriro agertzen diren esaldi horietako batzuekin erantzungo dio galdetzen dionari (inork galdetzen badio, ze, hori da beste bat: gizarte postmodernoan lasai bizi da eskirol postmodernoa, esplikazioak greba egiten duenak eman behar izaten baititu, ez egiten ez duenak).

Esaldi errepikakorrei buruz ari nintzen, barkatu. Hona hemen horietako batzuk: “Betikoen greba da”, “grebarekin ez da ezer konpontzen”, “ez da greba bat egiteko une egokia” … Eta egia da, arrazoi dute: “Betikoek” egiten dute; “beste betikoek” ez dutelako inoiz egiten. Grebarekin ez da ezer konpontzen; mundu guztiak daki betikoek betikoa egin dezaten betikoei botoa emanda konpontzen direla gauzak beti. Ez da greba egiteko une egokia; batzuetan krisian gaude, eta beste batzuetan, jada krisitik atera gara.

Gero, gertatzen da —postmodernitatearen beste ezaugarri bat hori denez gero— eskirol postmodernoak formari garrantzi handia ematen diola, eta, horrexegatik, greba eguneko piketeak, oihuak eta indarkeria-zantzu oro kondenatuko ditu, bere lan egiteko eskubidea urratu delakoan. Axola gutxiago dio langabezian dagoenaren, lan prekarioa daukanaren, soldata miserable baten truke lan egiten duenaren edota pentsio ugerdo baterako ere eman ez dionaren lan egiteko eskubideak, antza.