Autoak, lurpera

Ibai Maruri Bilbao

Auto ilara amaigabeak eta trafiko motela izaten dira Artatzako biribilgunetik eta errepidetik igarotzen diren ibilgailuen gidariek eta inguruko bizilagunek egunero sufritzen duten arazorik handiena. “Artatzako lotuneak oso-osoan eragiten du Leioako bizimoduan. Garraio publikoa ez da eraginkorra, sortzen diren pilaketen ondorioz. Herrira sartzeko eta irteteko arazoak egoten dira. Eta, horrez gain, kaltea egiten du zarata aldetik eta kutsadura aldetik. Herria erdibitzen du. Beti eduki dugun errepide bat da, baina ez orain duen trafiko mailarekin eta ez oraingo neurrian”, kexatu da Iban Rodriguez Leioako alkatea. Erakunde publikoak konponbidea eman guran dabiltza. Asteon, Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako diputatuaren bisita jaso du: astelehenean biribilgunerako sarbidean hirugarren lerroa sortzeko obrak aurkeztu zituzten elkarrekin. Leioatik Getxorako norabidean hasiko dira orain, eta, bukatutakoan, kontrakoan egingo dute gauza bera.

Baina horrek egoera arintzeko baino ez du balioko. Bizkaiko Diputazioak 2018ko maiatzean iragarri zuen behin betiko konponbidea zera izango dela: Artatzako —Leioa eta Getxo artean— eta Ballontiko —Portugalete eta Sestao artean— biribilguneak lotuko dituen tunela. Uste dute Leioan dituzten trafiko arazoak ez ezik Arrondegiko zubikoak eta Barakaldon Max Centerreko lotunekoak ere konponduko dituela. Joan den astean iragarri zuten lurpeko azpiegituraren behin betiko ibilbidea: hasieran proposatutako hiru aukeretan luzeena hautatu dute, baina itsasadarraren azpitik gutxien igaroko dena. Hau da, Artatzan lurperatuko da, Lamiakoko araztegiaren ingurutik igaroko da, itsasadarra zeharkatuko du Sestaoko hegaleraino, eta Ballontin azaleratuko da.

Tunela diseinatzeko proiektua lizitaziora atera du diputazioak, 10,5 milioi euroan eta 33 hilabeteko epearekin. 2023. urtean hasiko dira eraikitzen, Bilbo hegoaldeko saihesbidea AP-68arekin lotzeko lanak amaitzean. Eta 2027 edo 2028rako egongo da martxan. Doakoa izango da, 3.037 metro izango ditu, eta hiru minutuan lotuko ditu Uribe Kosta eta Ezkerraldea. Errepide gaineko ibilgailuentzat ez ezik, oraindik erabaki gabe dagoen garraiobide publiko batentzako ere lekua izango du.

Leioako alkateak ez du zalantzarik: “Egin beharreko obra bat da”. Iruditzen zaio itsasadarraren bi aldeak lotuko dituen azpiegitura baten premia dagoela. Egun, Arrondegiko zubia eta Bizkaiko zubia dira aukera bakarrak, baina Bizkaiko zubiak eraginkortasun “oso murritza” du autoentzat. “Egiaz daukagun bide bakarra Arrondegiko zubia da, eta ez du auto gehiago jasotzeko gaitasunik; dagoeneko gainezka dago”.

Rodriguezek azpimarratu du Leioan baino gehiago Getxo aldean egingo den azpiegitura batek mesede handiagoa egingo lukeela Leioan, Leioa pasatuta eginda baino; horregatik goraipatu du tunelaren kokalekua. “Lehen bazegoen zubi bat egiteko proiektua, baina Leioa pasatuta egitea zegoen aurreikusita; horrek ez lituzke Artatzako auto pilaketak konponduko. Horregatik uste dugu tunela dela alternatibarik onena”. Dena den, Artatzako biribilgunean egin beharko diren obrekiko kezka agertu du. Hori izango da tunelerako sarbideetako bat, eta bertan dago Artatzako parkea ere. Berdegune horri eta herriko sarbideei ahalik eta kalterik txikiena egiteko eskatu dio Leioako Udalak Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari.

Gero eta auto gehiago

Udazkenean hasi ziren Kukularrako lanen bigarren fasea eta Gurutzetako eta Arrondegiko zubien arteko lotunea hobetzeko lanak. Modu horretan, zubiaren bi muturretako trafikoa arindu nahi da, zubian pilaketarik ez egoteko. Baina horiek ere behin-behineko konponketak dira, tunela egin artean. RAC Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko bozeramaile Mario Garciaren esanetan, Bilboko metropoliko azpiegiturak “gainezka” daude, eta konponbidea berriak egitea da, eta “ez erdibideko konponketak” egitea. “Gero eta populazio handiagoa dugu, ibilgailu gehiago; horregatik, tunela bezalako azpiegiturak ezinbestekoak dira”.

Hiru onura ikusi dizkio. Batetik, esan du trafikoari arintasuna emango diola, eta auto pilaketak urrituko. Era berean, iruditzen zaio segurtasuna irabaziko dela, bai eraikiko diren errepide edo azpiegitura berrietan, bai lehendik erabiltzen ziren eta gainezka dauden horietan ere. Azkenik, tunelak eta errepide berriek “kutsadurari aurre egiten” lagunduko dutela azpimarratu du. “Nahiz eta herritar gehienek kontrakoa pentsatzen duten, zenbat eta motelago gidatu, zenbat eta modu irregularragoan gidatu —gelditu, martxan jarri, gelditu, martxan jarri…—, orduan eta erregai gehiago kontsumitzen dute ibilgailuek, eta, ondorioz, gas kutsagarri gehiago isurtzen dute airera”. Hala, Garciaren esanetan, azpiegitura berriei esker trafikoaren arintasuna bermatzea lortuko bada eta pilaketak saihestuko badira, “askoz gas kutsagarri gutxiago” isuriko da airera.

Garciak aitortu du ibilgailu pribatuaren erabilerak behera egin duela krisialdi ekonomikoa gogorren egon den urteetan. Baina azpimarratu du lehengo mailara itzuli dela berriro, eta aurrerantzean are indartsuago egongo dela, “gobernuek ipinitako mugak muga”. Haren ustez “pentsaezina” da ibilgailu pribaturik gabeko mugikortasuna. Gaineratu du gizarte gero eta zaharkituago batean ibilgailu pribatua beharrezkoagoa izango dela; ez du uste garraio publikoa “adinekoen premiei erantzuteko modurik egokiena” izan daitekeenik. Esan du etorkizunean autoak “eraginkorragoak” izango direla, eta “gutxiago” kutsatuko dutela.

Eguzki talde ekologistako Iratxe Garridok bestelako mugikortasun eredu bat proposatu du. Esan du politika publikoek garraio publikoa lehenetsi behar dutela, “kalitatezko eskaintza batek” autoaren erabilera apaltzea ekarriko lukeela sinetsita. Tunelak, berriz, garraio pribatua “indartzen eta saritzen” duela salatu du. “Leku batzuetan auto pilaketak daudelako eraikiko dute, baina honekin ez dute lortuko auto gutxiago egotea. Egingo duten bakarra izango da errepide batzuetan dauden ibilgailuak errepide gehiagoren artean banatu, pilaketak saihesteko”. Eguzkiko kideari iruditzen zaio diputazioak Bilboko itsasadarraren bi ertzak lotuko dituen garraio publiko eraginkor baten aldeko apustua egin beharko lukeela. “Gaur egun ez dugu horrelakorik”.