Andre musikarien bozgorailua

Ane Maruri Aransolo

Emakume musikariek agertoki berezia eta berria dute Interneten. Izan ere, Musika Gida Morea jaio da, Euskal Herriko agertokietan andreek egindako musikaren presentzia sustatzea helburu duena. Urtebeteko lanaren ostean emakumeen presentzia duten euskal taldeen datu base eta gida den webgune bat kaleratu dute Gernika-Lumoko Iparragirre Rock Elkarteko kideek.

“Plataforma digital bat da, nesken presentzia duen edozein talderen informazioa jasotzen duena”, zehaztu du Asier Musatadik, sortzaileetako batek. Izan ere, agertokietan emakumeen presentzia sustatzeko egunerokoan aurkitzen dituzten oztopoei aurre egin eta horiek bukatu gura dituzte: “Tresna modura erabiltzeko datu basea da. Andreen taldeei buruzko informazio falta ez dadila aitzakia izan agertokietan emakumeak ez egoteko. Gizonezkoz osatutako taldeak ikustera ohituta gaude, eta hori bukatu behar dugu, parekidetasunaren alde egin”.

Musika Gida Morea autokritikatik sortutako proiektua da. Izan ere, Iparragirre Rock Elkarteko kideek urteroko programazioari buruzko azterketa bat egin eta gero sortu zen ideia: “Rock elkarteko programazioa egiten zutenen helburuetako bat izan zen agertokian andreek presentzia handiagoa izatea, baina, urte bukaerako ebaluazioa egitean, haien falta nabarmena ikusi genuen. Gizonekin alderatuta, oso emakume gutxi zeuden agertoki gainean”.

Iazko Iparragirre elkartekoek antolatutako urte osoko programazioaren azterketa eginda, oholtza gainean aritutako 145 musikarietatik 21 besterik ez ziren izan emakumeak; musikarien %8, hain zuzen. “Datuak ez zitzaizkigun gustatu, eta, orain, hitzetatik ekintzetara igaro behar dugu”, adierazi dute elkarteko kideek. Hala, aurtengo urteari begira, emakume musikari gehiago nahi dituzte oholtzan: “Urte bukaeran ikusiko dugu ea helburuak betetzen ditugun”.

Emakumezkoak dituzten taldeak egon badaudela esan dute, eta horren adibidea dira Musika Gida Morean izena eman duten musika taldeak. “Webgunea ezagutarazi eta hilabetera 90 talde inguruk eman zuten izena”, azpimarratu dute; baina oraindik asko falta dira.

Datu base zabala

Emakumeen presentzia duen edozein talderi buruzko informazioa jasotzen du musika gidak. Webgunea bilatzaile bat da, taldearen izena, musika estiloa edota taldean zenbat emakume dauden zehazten duena. Halaber, lurraldearen araberako sailkapena ere egiten du.

Izena emandako artistaren edo talderen baten profilean sartuta, taldeari buruzko informazioa ere jaso daiteke: jatorria, musikaren deskribapen laburra edota taldekide kopurua, adibidez. Izan ere, kontzertuak antolatzeko garaian eragin gura dute sortzaileek, “ideia eta aukera berriak ezagutaraziz eta kontaktuak erraztuz”. Horiek horrela, jaiak, jaialdiak edota kontzertuak programatzen lan egiten dutenentzako aukerak ere eskaintzen ditu webguneak: taldeen azken bideo eta berriak ikus daitezke, eta musikariekin harremanetan jartzeko kontaktuak ere eskaintzen ditu, besteak beste. “Kontzertuak antolatzeko unean taldeekin zalantzak izaten ditugu, eta iruditzen zaigu gida honek erraztu egiten duela programatzeko lana. Diskoetxeen programetan aurkitzen ez diren taldeak ere badaudelako”, adierazi dute.

Bertan izena emateko, gutxienez talde bakoitzeko neska bat behar dela zehaztu dute antolatzaileek. Eta oraindik izena eman ez dutenei apuntatzeko gonbidapena luzatu diete: “Oraindik asko eta asko zarete bertan falta zaretenak; beraz, animatu, eta sartu informazioa”.

Herritarren babesa

Iparragirre Rock Elkarteko gizonezkoen artean sortu zen ideia, baina sortzaileek aitortu dute herriko beste talde eta elkarteen laguntza izan dutela. Musika Gida Morearen aurkezpenean egon ziren Gernika-Lumoko musikaren aterpe diren Astra sormen fabrikako eta Trinketeko kideak, eta, euren berbetan, “beharrezkoa” da Iparragirre Rock Elkartekoek egindako gida. “Autokritika eginez, hitzetatik ekintzetara pasatu dira, eta gizartean eragin dezakeen tresna bat osatu dute. Ez dute kontzertu sinple bat antolatu, pauso hori gainditu eta tresna bat kaleratu dute”.

Erreferentziak izatea “ezinbestekotzat” jotzen dute, gainera: “Emakumezkoak dituzten taldeak ezagutzen ez badira, lekurik izan ez dutelako da, eta horregatik aukerak eman behar zaizkie. Parekidetasunaren aldeko bidea egitea beharrezkoa da”.

Musika gida berriak hausnarketa egitera bultzatu dituztela esan dute Astrako koordinazio taldeko kideek. “Orain arte ez dugu horren serio hitz egin gai honi buruz, baina gida honek hausnarketara eraman gaitu, autokritika egitera”. Astrako kulturarako fabrika sozialeko kontzertuen kasuan, Astrak programatutako emanaldietan %34 izan dira emakumezko musikariak. Eta Musika Gida Morearekin erreferentziak sortu dituzte: “Apurka-apurka aurrerapausoak ematen gabiltza, eta gida honek horretarako balio du”.

Rock elkarteko kideek tresna bat kaleratu dute herritik herritarrentzat, eta Euskal Herrira zabaldu dute. Emakume musikarientzako topalekua sortu eta musikaz bete dute, batak bestearen doinuak ezagut ditzakeelako.