Ibai Maruri Bilbao
Atzo hasi zen ofizialki Bizkaiko txotx garaia, ohi duten bezala Zornotzako Uxarte sagardotegian egindako inaugurazio ekitaldiarekin. Aurten, goi mailako bi kirolari hautatu dituzte edariaren enbaxadore izateko: Javier Conde lasterkari paralinpikoa eta Mikel Garcia atleta, iaz Australian egindako Inas Global Games proban urrezko hiru domina lortu zituena; eta haiek egin zuten lehen txotxa. Gaur egun, Conde Garciaren entrenatzailea da. Aurtengo sagardoa “suabea” dela esan dute, “apar onekoa”, eta “edateko erraza”. Seguru daude kontsumitzaileari gustatuko zaiola.
Jose Antonio Zamalloa da Uxarte sagardotegiko ugazaba. “Pozik” dago aurten lortutako uztarekin. “Oso ona izan da, sanoa. Gure inguruan, bertoko sagardietan, baldintza oso onak izan ditugu eguraldiaren aldetik. Euria egin du, eta beroa ere bai, tamainan, eta ez da ezer arrarorik edo txarrik egon”. Zamalloaren ustez, azken urteetako kanpainarik “onena” izan da aurtengoa.
Zortzi upategi-sagardotegik osatzen dute Bizkaiko Sagardogileak elkartea: Uxartek berak, Gatikako Etxebarriak eta Eguskizak, Markina-Xemeingo Axpek, Berriatuko Laka-Erdik, Lezamako Erdikoetxek, Gizaburuagako Leartibaik eta Zornotzako Etxerriagak. Osotara, 150.000 inguru litro sagardo ekoitzi dituzte, iaz baino gehiago. Guztia Bizkaiko sagarrarekin egindakoa da, eta, horregatik, ia guztia sor-markaren zigiluarekin merkaturatuko dute. Zamalloarekin bat dator Bizkaiko Sagardogileak elkarteko lehendakari Aitor Intxaurraga ere: “Sagar uzta bikaina izan da, bai kopuru aldetik, bai kalitate aldetik. Eguraldiak lagundu egin digu, eta oso sagar ona batu da”.
Oraingoan, Bizkaian aurreratuta etorri da sagarra biltzeko sasoia, eta, inguruko herrialdeetan ez bezala, irailaren erdialderako batzen hasita zeuden ekoizleak. Ondorioz, muztioaren irakinaldia ere apur bat aurreratu egin zen. “Hotz handirik ez du egin, eta hartzidurak nahiko azkar joan dira, baina dena ondo joan da”.
Elkartean zortzi sagardotegi daude, baina hiruk baino ez dute sagardoa eta sagardotegietako ohiko menua eskaintzen: Zornotzako Uxartek, Markina-Xemeingo Axpek eta Berriatuko Laka-Erdik. Atzo txotx garaia zabalduta, aurrerantzean prest egongo dira bezeroak jasotzeko, betiko menuarekin: bakailao tortilla, bakailao frijitua, txuleta, gazta, intxaurrak eta irasagarra.
Zaletasuna hedatzen
Zamalloak argitu du sagardotegia urte osoan izaten dutela zabalik, nahiz eta jende gehiena txotx garaian joaten zaien. Nabarmendu du Bizkaian sagardoaren kultura apurka-apurka zabaltzen ari dela. “Badoa, erritmo oso handian ez bada ere. Egia esan, Bizkaian ez dago eskaintza handirik”.
Gainontzeko bostek sagardoa botilaratu egiten dute, bezeroen artean saltzeko. Bizkaiko ekoizleek egindako sagardoa herrialde historikoan bertan saltzen da gehienbat, Intxaurragak zehaztu duenez. “Gure merkatu naturala da, eta horregatik zaindu behar dugu: Bizkaiko dendak, tabernak, banatzaileak… Gure ekoizpen mailari erreparatuz gero, uler daiteke ez gaudela kanpora begira hasteko moduan”.