“Salatu dugu engainatu egin gaituztela”

“Salatu dugu engainatu egin gaituztela”

N. S. O.

Getxo Aquariumen itxierak herrian izango duen eraginaz gain, ondorioak ere izango ditu bertan lanean jarduten ziren bost beharginentzat. Urtarrilaren 31tik aurrera kale gorrian geratuko dira. Bost langile horietako bat da Javier Urkiaga (Santurtzi, 1979). Museoa itxiko zutela jakin aurretik greban zebiltzan langileak, euretako bi kaleratu egin zituztelako. Orain, museoaren itxiera saihestea dute helburu nagusi.

Akuarioko bost langileak kalean geratzeko arriskuan zaudete.

Bost beharginetatik bi urrian kaleratu gintuzten. Helegitea jarri genuen, diziplina kaleratzeak izan zirelako. Helegite horiek otsailean eta uztailean ebatziko dituzte. Beraz, museoa urtarrilean ixten badute, ez da izango astirik lehenago ebazteko. Gainerako hirurek ere lanpostua galduko dute urtarrilaren 31n. Hala ere, ez digute esaten ezer. Suposatzen dugu urtarrilaren 31n kontratuak iraungiko direla.

Greba hasi zenuten kaleratzeengatik.

Bai. Urriaren 14an grebara jo genuen, kaleratutako bi langileak berriz itzul zitezen, lan ituna bete zezatela aldarrikatzeko eta Getxoko Udalak esku har zezan eskatzeko, enpresa ez baitzen ari betetzen udalarekin zuen kontratua. Horiek ziren genituen aldarrikapenak. Orain, akuarioa ez ixteko eskaera gehitu diegu.

Zein egoeratan zaudete orain?

Greban jarraitzen dugu. Kaleratu ez dituzten hiru langileek betetzen dituzte gutxieneko zerbitzuak. Enpresaren zuzendariaren loba kontratatu dute akuarioa ostiral arratsaldeetan eta asteburuetan irekitzeko. Egoera hori salatu egin dugu Lan Ikuskaritzaren aurrean, greba eskubidearen urraketagatik, eta udalean ere salatu dugu. Udalak ez du eskurik hartu nahi afera horretan.

Zer-nola jakin zenuten akuarioa itxiko dutela?

Egunkari digital batean irakurri genuen, abenduan. Udalak komunikabideei eta talde politikoei jakinarazi zien erabakia, abenduaren 23ko osoko bilkuran landu behar zutelako.

Lehenago udalarengana jo zenuten zuek, zuen lan gatazkan inplika zedila eskatzeko. Enpresak akuarioa itxi egin zezakeela pentsatzen zenuten?

Ez, ez genuen horren berri. Greba urriaren 14an hasi zen, eta urriko osoko bilkuran egoeraren berri eman genion udalari. Greban geundela azaldu genien, eta udalari inplikatzeko eskatu genion. Azaroko eta abenduko osoko bilkuretan ere hitz egin genuen. Alkateak bazekien akuarioa itxi egingo zutela, udalak eta aldundiak urriaren 14an sinatu baitzuten itxiera akordioa. Hala ere, ez ziguten esan ezer, eta talde politiko guztien antzera, abenduaren erdi aldera izan genuen akuarioa ixteko asmoaren berri.

Informazioa ezkutatu dizuetela salatu duzue.

Noski. Salatu dugu engainatu egin gaituztela, iruzurra egin dutela gurekin. Ez dugu ulertzen zergatik ezkutatu ziguten informazioa. Horrek kalte handia egin digu. Izan ere, jakinez gero, ziurrenik beste era batera jardungo genukeen. Enpresak bazuen informazio horren berri hasieratik. Kaleratzeen arrazoietako bat izan da akuarioaren itxiera, ez baitzuten nahi ni —langileen ordezkari naizen aldetik— eta kaleratutako beste langilea —aldarrikapenetan sutsuena zen bera— azken prozesu honetan egon gintezen.

Udalak esan du proiektuari eustea oso garestia dela, Bizkaiko Aldundiaren babesa galduta. Badago irtenbiderik?

Ezin dut baloratu proiektua garestia den. Liburutegi bat garestia dela esatea bezala da. Proiektuak aurrera egiteko, udalak bideratu beharko lituzke akuariora aldundiak jartzen zituen 250.000 euroak. Bost langile dituen eta hezitzailea den proiektu hau garestia den baloratzen ez dakit. Gabonetako argien aurrekontua akuarioaren urte osokoa baino handiagoa da. Horrez gain, proposatu da espezie tropikalen atala kendu eta Atlantikokoa soilik uztea, garestiena hura baita. Negoziazio ororekiko jarrera itxia dute, ordea. Kostuak murriztuko lirateke azpikontratazioa desagerrarazita ere. Langileoi ordaintzeko 78.000 euro besterik ez dira behar.

Udalak esku hartu beharko luke?

Akuarioa udal ekipamendua da. Berau kudeatzen duen enpresak bete egin behar du hitzartutako kontratua. Kontua da ez dutela egin inongo jarraipenik. Nahiz eta guk jakinarazi dugun kontratuan jasotako gai batzuk ez direla ari betetzen, udalari berdin izan zaio. Salaketak jartzen hasi ginen duela bi urte, eta erantzun ere ez digute egin.

Zer espero duzue orain?

Gogoeta egin dezatela espero dugu, eta ez dezatela pikutara bidal egin den inbertsio handia. Akuarioaren gisako instalazioak egitea oso garestia da.

Aldarrikapenekin jarraituko duzue?

Azken egunera arte, bai. Informazio kanpaina dugu esku artean orain. Saiatuko gara hausnar dezaten. Sinadurak biltzen ari gara; herritarrek ez dute ulertzen oso ondo zer gertatzen ari den. Nahiko nuke udalak ulertzea ezin dela pikutara bidali hainbat urtetako lana eta inbertsioa. Udalaz gaindiko ekipamendutzat dute, eta uste dute beste erakunde batzuk inplikatu beharko liratekeela. Baina egongo da denbora beste erakunde batzuk inplikatzeko. Lana galduko duten beharginez gain, pena handia ematen dit 48 orduan proiektu hau galtzeak. Izan ere, itxieraren erabakia asteazken batean aurkeztu zuten, azken orduan, eta hurrengo ostiralean bukatu zen helegiteak aurkezteko epea.

Akuarioa berezia da.

Akuario bakoitzak biotopoak erakusten ditu. Ekosistemen parte dira eta baldintza fisiko oso bereziak dituzte. Hasierako sustatzaileetako bat EHUko irakasle bat izan zen. Tematuta zegoen akuarioa itsasoari buruzko ikasgela hezitzaile bihurtzeko. Ekosistemaren atalak erakustea nahi zuen, eta hala egin zuten.