“Ez dute negoziatu nahi”

“Ez dute negoziatu nahi”

Peru Azpillaga Diez

Hego Uribe eskualdeko zabor bilketa zerbitzuko langileek protestak abiatu dituzte euren lan baldintza “prekarioak” salatzeko. Hain zuzen ere, Arrigorriaga, Etxebarri, Zaratamo, Ugao-Miraballes, Zeberio, Arrankudiaga, Urduña, Orozko eta Arakaldo udalerrietako zaborrak biltzeaz arduratzen den Enviser enpresako langileak dira lanuzteak egiteari ekin diotenak. Udal horiek Hego Uribeko Udaltalde 21 jasangarritasun bulegoa osatzen dute, eta lehiaketa publiko bidez esleitu zioten Enviser enpresari zaborrak batzeko kontratua.

Langileek, ordea, lan baldintza “duinak” bermatuko lituzkeen hitzarmen bat galdegin dute, eta, zerbitzu publikoa kudeatzen duen enpresa esleipendunaren jarrera pasiboa dela-eta, esku hartzeko deia egin diete inplikatutako udalei. Zerbitzuko hamasei langileen ordezkari sindikala da Dani Unanue (ELA), eta, hark azaldu duenez, egoera aldatu ezean, greba mugagabera jotzeko prest dira langileak.

Zer egoera bizi duzue Enviser enpresako langileek?

2017an sortu zen Hego Uribe Udaltalde 21, eta eskualdeko bederatzi udalerritako zaborrak jasotzeko zerbitzua jarri zuen martxan. Bertan gauden langile gehienak udal zerbitzuetatik gatoz, eta haietatik eratorritako baldintzak mantendu ditugu. Hortaz, oso baldintza ezberdinei buruz ari gara eta sekulako aldeak daude gure soldaten artean, nahiz eta lan berdina egiten dugun. Batzuk hitzarmen batetik eratorritako baldintza duinagoak dituzte, baina gehienei langileen estatutua baino ez zaie aplikatzen.

Zertan nabaritzen dira zuen arteko alde horiek?

Kolektibo honetan lanean diharduten langile gehienek baldintza oso prekarioak dituzte; hilean mila eurotik beherako soldatak jasotzen dituzte, jaiegunetan lan egiten dute eta ez dute inolako gehigarririk jasotzen hondakin toxikoak biltzeagatik.

Azken finean, zuek zerbitzu publiko bat egiten duzue. Nola azal daiteke hainbesteko aldea egotea zuen lan balditzetan?

Ez dauka ez hanka ez buru. Ezin dugu ulertu nolatan ez dagoen hitzarmen bat Bizkaian gure lan baldintzak arautzeko. Hamasei profesional gabiltza lanean Enviser enpresan, eta guztiz abandonatuta sentitzen gara. Zerbitzu honek primeran funtziona zezakeen, baina, horren ordez, sufrimendua eragiten digute. Zentzugabea da. Hemen badira 1.000 eurotik beherako soldatarekin etxera itzultzen diren langileak. Ezinezkoa da horrekin bizitza duin bat izatea. Ez dugu ulertzen nola izan dezakegun egoera hau; areago, kontuan izanda gure lanak behar publiko bati erantzuten diola eta udalak eskainitako lizitazio baten menpe dagoela.

Zer jarrera agertu du enpresak zuen aldarriak direla eta?

Urte bat baino gehiago luzatu dira negoziazioak, baina ez dugu ezer lortu. Udaltalde 21 eratu ostean, 2018an hauteskunde sindikalak egin genituen, eta ni hautatu ninduten ordezkari. Geroztik, enpresarekin negoziatzen saiatu gara, hamalau hilabete igaro dira, baina enpresak ez du inongo borondaterik erakutsi; irabazitako lehiaketa publikoaren baldintzetara mugatzen dira. Jasotzen duten diruarekin gehiago egitea ezinezkoa dela argudiatzen dute.

Zergatik diozue Enviser enpresak ez duela borondaterik azaldu?

Ez dute negoziatu nahi. Hilero bildu ostean, uda baino lehen haien proposamena aurkeztuko zigutela esan ziguten. Ondoren, uda ostera itxaroteko eskatu ziguten, eta, ezer jasotzen ez genuela ikusita urrian deitu genienean, negoziazioak apurtuta zeudela esan ziguten; horrela, beste azalpenik eman gabe.

Egoera hori ikusirik, zer erantzukizun dute Hego Uribe Udaltalde 21 komitea osatzen duten udaletako gobernuek?

Nolatan esleitu dakioke zerbitzu publiko bat enpresa bati, langileek jasoko dituzten soldaten berri izan gabe? Gure ustez, ezinezkoa da. Arazoa da udal gobernuei ez zitzaiela inporta guk miseria bat kobratzea, ezta sekulako ezberdintasunak egotea gure artean. Gure helburu bakarra soldatak ahalik eta gehiena parekatzea baino ez da, eta dagozkigun lan baldintzak izatea; eta hori lortzeko, ezinbestekoa da udal gobernuek aurrerapauso bat ematea, haiek ahalbidetu dutelako egoera hau.

Hego Uribe Udaltalde 21ek Enviserrekin 2021ean amaitzen den kontratua ez berrizteko erabakia eta zuekin negoziatzeko jarrera azaldu du. Zehazki, zer aldarrikatzen duzue zuek?

Lehenik eta behin, enpresarekin hitz egin dezatela, gurekin harremanak moztu dituztelako. Haiek dira egoera honi aterabidea eman diezaioketen bakarrak. Gainera, lizitazioaren kontratuan ezartzen zen enpresak langileen baldintzak zaindu behar zituela, eta hori ez dira betetzen ari; elementu toxikoak jasotzea, adibidez, erabat legez kanpokoa da, eta hori salatu egingo dugu.

Uste duzu lortuko dituzuela aldarrikatzen dituzuen baldintzak?

Konfiantza osoa dugu gugan, eta ziur gara egoera konponduko dugula. Sinetsita gaude udalek pauso bat aurrera emango dutela. Herenegun egon ginen Udaltalderekin bilduta, eta borondatea dutela erakutsi digute. 28an berriz ere elkartuko gara, eta hitzetatik ekintzetara igarotzea espero dugu. Bestela, grebara jotzeko prest gaude.

Nolakoa izan da orain arte garatu duzuen borroka?

Bai enpresak bai udalek kasu egiten ez zigutela ikusita, lanuzteak egin genituen abenduaren 9an eta 10ean. Eta, egoera aldatzen ez zenez, abenduaren 26an eta 27an eta urtarrilaren 2an eta 3an errepikatu egin genituen. Hori bai, enpresak oso jarrera txarra erakutsi du momentu oro.

Zergatik diozu enpresak ez duela ondo jokatu?

Lehenik eta behin, ez zituen Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak errespetatu nahi, eta salaketa mehatxupean soilik onartu zuten. Ostera, Gabonetan lanuzteak egingo genituela ikusita, lana jarri ziguten abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an. Ez dugu inoiz lanik egin egun horietan. Ezin genuen sinetsi.