Emakume denen elkargune

Ane Maruri Aransolo

Herriko andreek merezi duten tokia izatea: horixe da Oxigastra Curtisi emakume taldeak bilatzen duena; Muxika udalerria osatzen duten Muxika, Gorozika eta Ibarruri herrietako andreek jarri zuten martxan. 2013an batu ziren lehenengo aldiz, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira herrian zerbait berezia egiteko asmoz, eta, ordutik, hiru antzerki eta hainbat ekitaldi prestatu ditu Oxigastra Curtisi taldeak. Bidelagun eginda, familia handia eratu dute.

Onintza Enbeita proiektuaren sustatzaileak esan du kasualitatez sortu zutela taldea: “Erdu Gazte Asanbladako kideek zerbait berezia egin gura zuten martxoaren 8an, eta 30 andre inguru batu eta ekintza parte hartzailea egitea erabaki genuen lehenengo batzarrean”. Hala, 36ko gerran kartzelan egondako Muxikako sei andre omentzea erabaki zuten.

Hori horrela, Ahotsak proiektuak Gregoria Ajuriagogeaskoa udalerriko andre horietako bat elkarrizketatu zuela ohartuta, haren hitzetan oinarritutako antzerki “xume” bat prestatu zuten. “Oso ekitaldi polita izan zen herriko elizan egin genuena. Jende asko joan zen ikustera; eliza bete egin zen”, aitortu du Enbeitak. Arrakastaz ohartuta, hurrengo urterako antzerki bat prestatzea erabaki zuten, eta horretarako taldea eratu zuten.

Gure etxe bakarra eraiki zuten lehenengo, Errautsetatik Erne-tu ziren gero, eta Isilduen Museoa-n elkartu ziren azkenengoz. Lehenengo antzerkian herriko andreen bizimodua izan zuten oinarri: zelan bizi ziren, elizarekin zer lotura zuten eta errekara zertara joaten ziren erakutsi zuten.

Bigarren ikuskizuna, baina, erronka “handiagoa” izan zen: “Lehenengoan gure ohiturak islatu genituen, baina bigarrena fikzioa izan zen. Laurehun urte atzera egin, eta pertsonaia berriak interpretatu genituen. Hori antzeztea erronka berezia izan zen, eta lortu genuela uste dut”. Pausoz pauso aurrera egiten jarraitu, eta Isilduen Museoa prestatu zuten 2017ko azaroaren 25erako. Emakumeen historia kontatzeko zabaldu zuten museoa; historiak ahaztu eta isildu dituen emakumeena.

Azken urtean ez dute antzerki berririk antzeztu, baina hainbat ekitaldi antolatu dituzte; besteak beste, herrian hilik zegoen Arimen Gaua berreskuratu dute. “Taldeko nagusiek gogoratzen zuten ohiturari ikuspuntu berria eman diogu. Gogoratutakoei kasu egin eta imajinazioa landuz, sekulako ekitaldia prestatu genuen”, esan dute taldeko kideek, eta jendeari gau hura “asko gustatu” zitzaiola aitortu dute.

Herriz herriko zabalkundea

Aurten ere bide berberari jarraituko diote Muxikako emakumeek. Martxoaren 7an herritarren aurrean egingo duten ekitaldia prestatzen dabiltza, eta urte berrirako hainbat erronka dituzte: herritik kanpo horrenbestetan antzeztu ez duten azken lana erakustea, esate baterako.

Lehenengo bi antzerkiekin herriz herri ibili zirela dio Beda Ajuriagogeaskoa taldeko kideak: “Busturialdeko hainbat herritan aritu gara, baita Lea-Artibain eta Durangaldean ere. Antzinako antzezleak ibiltzen ziren bezala ibili gara azken urteetan”.

30 lagunekin sortu zuten taldea, eta 62 herritarrek osatzen dute orain. Pausoz pauso, elkarregaz hazi dira, ibilbideari kilometroak gehitu dizkiote, eta inoiz pentsatuko ez luketen toki batera iritsi dira. “Guk ez genekien gaur egun egiten duguna egiteko gai izango ginenik. Taldeak batzeko eta ondo pasatzeko balio du, baina baita ahalduntzeko ere. Inork ez zuen esango Gernika-Lumoko Lizeo antzokia birritan beteko genuenik, eta lortu dugu”, kontatu du Enbeitak. Hala, oztopoak oztopo, ezinezkoa zirudiena lortu dute: antzeztutakoagaz gozatzea.

Herriko andreek euren buruarengan sinestea bilatu dute hasieratik taldeko kideek, eta lortu dute. “Herriko andreak eurek merezi zuten lekura eramatea zen gure asmoa, baina hainbat helburu gehiago bete ditugu”. Hala, aurrerantzean ere, ohiturak, kanta zaharrak eta ipuinak berreskuratu gura dituzte, gero berreskuratutako horiek hurrengo belaunaldiei transmititzeko.

Elkar ezagutzeko gunea

Herriz herri aritzea nekagarria izan daitekeen arren, “ondo pasatzeko” aprobetxatzen dute Muxika, Gorozika eta Ibarruriko emakumeek. Izan ere, elkarregaz bizi izandako momentuak gorde eta euren arteko hartu-emanak suspertzeko une baliagarriak direla diote. “Gure auzoak oso sakabanatuta daude, eta, taldea eratu aurretik, auzoko bizilagunak besterik ez genituen ezagutzen. Orain, beste auzoetako herritarrak ezagutu ditugu, eta lagun egin gara”, adierazi du Lorea Ojanguren gazteak.

Iritzi berbera dauka Ajuriagogeaskoak, eta adin guztietako herritarrak ezagutzeko aukera izan duela nabarmendu du: “Adin guztietako emakumeak batzen gara. Hasieran umeak zirenak gaur egun gaztetxoak dira. Guretzako elkargunea da, beste emakumeekin hartu-emanak sustatzeko toki berezia”. Izan ere, antzerki taldeak familia bereko hiru belaunaldi ere batzen ditu, eta hori da Feli Madariagaren kasua. Bera da familiako nagusiena, eta alabagaz eta ilobagaz “pozarren” joaten da entseguetara: “Kalera ez naiz askotan ateratzen, baina antzerki entseguetara joatea asko gustatzen zait. Ondo pasatzen dut”.

Udalerria suspertu dute. Emakumeek sorgin-orratzak balira bezala egin dute hegaz, eta euren lekua zen oholtza hartu dute. Oraindik, baina, kilometroak dituzte egiteko, eta txalo zaparradak entzuteko. Izan ere, egindakoari esker, herritarrak eta inguruetako bizilagunak emakumeen balioaz ohartu dira. Haien gaitasunaz jabetu, eta urte luzez egindako lana txalotu diete. Hala dio Enbeitak: “Oholtzara atera eta egindakoagatik txalo zaparradak jasotzen dituzte, eta merezi dutela pentsatzen dut. Ez antzerkian egin dutenagatik bakarrik, euren bizitzan egindako lan guztiagatik baizik. Hori ez diete inoiz txalotu, eta merezi dute”.