Diputazioa: “Aparkalekuak ez du kalterik sortuko Gaztelugatxen”

Diputazioa: “Aparkalekuak ez du kalterik sortuko Gaztelugatxen”

Ibai Maruri Bilbao

“Saileko teknikarien txostena argia da: proiektuak ez du eragin kaltegarririk ekarriko, eta isuriak ez dira handituko. Beraz, aldeko txostena jaso du”. Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxe inguruan egin nahi duen aparkalekua babestu du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk eskatuta joan da Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordera.

Txostena irakurtzera eta azpiegituraren ezaugarriak azaltzera mugatu da Unzueta. Proiektua onartuta dago. Aparkalekuak 51 autorentzako, autobus birentzako eta bizikletak uzteko lekua izango du. “Azken helburua garraio pribatuaren erabilera murriztea da”, nabarmendu du. Gaztelugatxe herrialdeko leku turistikoenetako bat da gaur egun, ia arazo bihurtzeraino. Joan den udan 235.000 bisitari jaso zituen.

Gaztelugatxe bera biotopo babestua da, eta Urdaibaiko biosfera erreserbaren mugan dago. Beraz, ezinbestekoa da turismo hori jasangarria izateko neurriak hartzea. Elkarrekin Bizkaiako Xabier Benitoren arabera, “ideia txarra da, ezer konpontzen ez duen oso inbertsio handia delako eta ingurumenarekin erlazionatuta hainbat arazo sortzen dituelako”. 1.600 metro koadro izango ditu aparkalekuak, eta ia milioi bat euroko aurrekontua izango du. Gainera, iruditzen zaio aparkalekuak ez duela murriztuko ibilgailu pribatuaren erabilera.

EH Bilduko Iratxe Arriolak salatu du ingurunea artifizialtzeko baino ez duela balio izango. “Non sartzen da proiektu hori klima aldaketaren kontrako estrategian?”, egin du galdera. Proiektua berriro aztertzeko eskatu dio Unzuetari. Bermeotik eta Bakiotik Bizkaibusen anezkak martxan jartzea proposatu du; baita Gaztelugatxera oinez edo bizikletaz joan ahal izateko bidea egiteko ere.

Aparkalekuaren aurka agertu da PP ere. “Ingurumenean eragin larria izango duen eta itzulezina izango den obra” dela azpimarratu du Eduardo Andrade batzarkide popularrak. Proiektua bertan behera utzi eta zerotik hasteko eskatu dio diputazioari. Besteak beste, SOS Gaztelugatxe plataformako kideak eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburua Batzar Nagusietara joatea nahi du, azalpenak ematera.

“Estrategia falta”

SOS Gaztelugatxe plataformak ohar bidez eman du bere iritzia. Kexatu da Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak “berriro huts egin” diela. “Ezelako autokritikarik egin gabe, Gaztelugatxeko biotopotik metro gutxira aparkaleku bat egitea aurreikusten duen proiektua irakurtzera mugatu da. Are gehiago, bere sailak egindako akatsak onartu beharrean, besteak egin ditu akats horien arduradun”, salatu du.

Era berean, ohartarazi dute proiektuak oraindik ez duela ingurumen txostenik. Saileko teknikariek egindakoa da diputatuak astelehenean batzordean irakurri zuena. SOS Gaztelugatxek uste du ezinbestekoa dela aparkalekuak biotopoan eragin ditzakeen kalteak aztertzea. Gainera, egin nahi den aparkalekua behin betikoa edo behin-behinekoa izango den argitzeko ere eskatu diote Unzuetari.

Plataformak nabarmendu du diputazioak urte luzez Gaztelugatxe leku turistiko izateko lan egin duela eta hori sustatu duela. Hori egin ondoren lekua jasangarri egiteko proiektu integral bat behar dela iruditzen zaio, eta diputazioari egotzi dio horrelakorik egin ez izana. Era berean, Bakioko eta Bermeoko herritarrek dituzten kezka eta zalantzei erantzun gabe jarraitzen duela egotzi dio.