Aluminio-paperezko bizitzak

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Aluminio-papera moztea ez da kontu zaila berez, gaitza dena da aluminiozko papera ondo moztea. Izango da markaren arabera edota kutxak eskaintzen duen mozteko teknikaren araberako erraztasunik, seguru. Baina pentsatu gura nuke ez naizela aluminio-paper lerro zentzugabe bat biribilkiaren ertz batean kaotikoki metatu izan zaion bakarra. Kalkulatzen duzu zati bat eta egiten diozu tira behin, gero berriro, eta eskuratutako aluminio-paper zatiarekin ahal duzuna egiten duzu gero.

Zenbat ogitarteko bildu izan dizkidaten umetan zilar koloredun paper horretan. Eta ogitartekoa jan bitartean zenbatetan jolastu izan naizen bilgarriarekin. Kuriosoa da hasieran zimurrik gabea eta lau-laua den hori mugimendu txikienarekin nola zimurtzen den. Gura duzun horren forma hartzen du eta inongo itsasgarririk gabe estaltzen du dena delakoa. Arazoa gero etortzen da, zimurrak leundu gura ditugunean, alegia. Behin leun-leuna izandakoa ez da berriz hasierako egoerara bueltatzen. Baina zimurtu eta zapaldu dezakezu nahi beste, eta bola gogor eta latz bat egin, bere zurrunean malgua ere badelako.

Bizitza ere aluminio-paperezkoa da. Kontua da denok ez garela paper zati berdinarekin abiatzen. Batzuena luzeagoa da, eta besteena laburragoa. Batzuena zimurtuta zegoen hasieratik, eta besteena, ingurukoen laguntzaz, leun-leun mantendu da urteetan. Batzuen bizitza da, papera apurtzeko beldurrez, aluminio-paperezko bola bat askatzen ahalegintzea. Eta beste batzuena, paperari egunez egun zimur bat egiteaz akordatzea. Bakoitzari egokitu zaionari patua dei diezaiokegu, edota, hobeto esanda, klasea.

Urtea hasi denetik bi lagun hil dira kale gorrian eta komunikabideetan ikusi ditugu haien gorpuak aluminiozkoa dirudien paperez estalita. Kutxazain automatikoen baldosetan amaitu dute bidea, gure herrietako gau izoztuetan. Ustez dirua ateratzeko balio duten lekuan hil ditu dirurik ezak. Ez dakizkigu beraien izenak, ez dakigu zein zen beraien bidea edota zeintzuk ziren beraien aluminiozko paperaren hausturak. Baina neguko gau hotzetan hil dira gure etxeen artean.

Ez dakit inoiz sartu duzuen aluminiozko paper zati bat ahora. Egin ez baduzue, egizue aproba. Har ezazue plater baten tamainako paper zati bat eta egin pilotatxo bat. Sartu hortzen artean, eta egin haginka. Eragiten duen hozkia hedatuko zaigu gorputzaren ertz bakoitzera eta begiak itxi beharko ditugu zirrarari eusteko. Gure bizitzek ez dute ustez modu naturalean hil diren bi lagun horien bizitzek baino gehiago balio. Egin hozka. Gaueko izotza baino hotzagoa da kapitalismoak eragiten digun geurekoitasuna. Egin hozka.

Egin hozka azkenengo bider, eta bakoitzak erabaki dezala, irentsi edo bota. Asko murtxikatuagatik zaila da zenbait gauza irensten, baina norbere ahoan murtxikatua bota arren ahoan utzitako zaporeak iraun egiten du. Iraun diezagula mingotsak, hozkiak, latzak, hotzak… hurrengo erailketak ez gaitzan berriz ere gure ogitarteko gozoari begira harrapatu.