“Zigor horrekin jarraitzen dugu guk. Ez da amaitzen”

“Zigor horrekin jarraitzen dugu guk. Ez da amaitzen”

Natalia Salazar Orbe

Ia 250 euskal preso politiko daude oraindik espetxeetan sakabanatuta. Asteburuero autoa, autobusa edo trena hartu, eta milaka kilometro egiten dituzte Espainiako eta Frantziako estatuetako bideetan barrena euskal preso politikoen senide eta lagunek. Senideek eurek deskribatu duten bezala, “odisea” horretan murgilduta daudenetako bi dira Iera Arantzamendi (Ondarroa, 1983) eta Iñigo Badiola (Ondarroa, 1972). Aitzol Etxabururen bikotekidea da lehenengoa, eta Asier Badiolaren anaia bigarrena. Hamar urte egin dituzte preso biek. Asteburu honetan ez dira errepidera aterako. Presoek ez dute izango bisitarik asteon, haien senide eta lagunek Sarek eta Bakegileek Bilbon eta Baionan deitu dituzten manifestazioetan parte hartu ahal izan dezaten. Baionako mobilizazioa 15:00etan hasiko da, Ez dezagun historia errepikarazi lelopean. Bilbokoa, berriz, 17:00etan aterako da Casillatik, Orain presoak mezuarekin. Mobilizazio jendetsuek ematen dieten “indarra” nabarmendu dute biek.

Zeintzuk kartzela ezagutu dituzte Aitzolek eta Asierrek —eta haiekin batera, zuek— atxilotu zituztenez geroztik?

IERA ARANTZAMENDI: Aitzol 2009an atxilotu zuten. Fleury Merogisko kartzelan egon zen 2015era arte. Gero, Clarvaixera lekualdatu zuten. Fleury Parisen dago. Clarvaix, berriz, Ondarroatik mila kilometro pasatxora. Autoz hara iristeko, 12 orduko bidaia egin behar da; autobusez eginez gero, hamar ordu behar dira Parisera iristeko eta beste lau ordu handik espetxera iristeko. Odisea bat da. Trenez Parisera iristeko, denbora gutxixeago behar da. Hala ere, bidaia luzea da. 2018ko uztailean Mont-de-Marsanera aldatu zuten. 2014ko irailean Madrilen egon zen, Soto del Realen epaiketa bat izan zuelako. Hilabete pasatxo egin zuen han.

IÑIGO BADIOLA: Urtarrilaren 26an hamar urte beteko dira Asier atxilotu zutenetik. Lehenengo, Soto del Realera eraman zuten. Bisita egitera joan ginenerako, ordea, handik aterata zeukaten. Estremerara (Madril) eraman zuten, eta asteburu hartan bertan ikusi ahal izan genuen. Hiru urte inguru egin zituen han. Handik Valentziara eraman zuten, Picassentera. Han dago orduz geroztik. Sei urte egin ditu bertan. Orain, sei ordu inguruko bidaia dugu Valentziara. Lehen, erraz egiten genuen joan-etorria. Orain, gurasoek Mirentxin hartzen dute normalean, edo beste gidari batek lagunduta joaten dira. Mirentxini eskerrak eman behar dizkiogu.

Beraz, sakabanaketaren eta urrunketaren ondorioak pairatu dituzue beti. Zer eragin du horrek zuengan?

I. B.: Asier Valentzian dago; ez dago Andaluzian: Almerian, Granadan edo Puerton. Hala ere, bisitara Asierren alabekin joaten garenean, Mirentxinen joaten gara gehienetan: bariku gauean ateratzen dira, eta goizaldean iristen dira. Eskerrak umeek bidean lo egiten duten. Aurrez aurreko bisita egiteko aprobetxatzen dute, ahalik eta bisita luzeena egin ahal izateko. Larunbateko 22:00ak aldera iristen dira bueltan. Beraz, bidean egiten dituzte 24 ordu. Niretzat ez da horrenbeste, baina umeentzat bai. Batak 13 urte dauzka, eta besteak, bederatzi. Eta gurasoentzat ere gogorra da. Mirentxinen ez bagoaz, hotela edo apartamentua hartu behar dugu lotarako. Horrek gastu handiagoa ere badakar.

I. A.: Aitzol Fleuryn zegoela, bezperan joaten ginen sarri, eta gaua pasatzen genuen hotel batean. Gaua ez, ordu batzuez besterik ez genuen hartzen atseden, bisita goizean goiz izaten baitzen. Bidaiarako txartelak erosi behar genituen, hotela erreserbatu, autobusa hartu… Presio handia da: denboragatik, eta hartu behar dituzun garraiobide guztiengatik. Gero, Clarvoixera 12 orduko bidaia egin behar genuen autoz. Aiurik [sei hilabeteko umeak] ez du ezagutu hori, baina bai gure lobek. 12 ordu auto barruan egin behar dituen ume baten egoera edonork irudika dezake. Nahiko ondo egiten zuten. Hala ere, egoera horrek arrisku eta desesperazio handia eragiten ditu. Han bisitak egun gehiagotan egiten ziren. Beraz, hiruzpalau egunez geratzen ginen.

Gaur egun, hiru ordu inguruko bidaia egin behar dugu autoz. Bisita normalak laburragoak dira, eta, normalean, joan-etorria egun berean egiten dugu. Umea jaio denetik, batzuetan bezperan joaten gara deskantsatuago egoteko. Bueltarako autoa berriz ere hartzeko, lasaiago gabiltza hala. Trenean ibiltzen ginenean, gaur egun Frantzian daudenak bezalako hainbat greba ezagutu genituen. Horrek egonezin handia sortzen zigun.

Mont-de-Marsanen dagoela, alde handia nabari duzue?

I. A.: Bai, bidaiari dagokionez, aldea handia da.

Zuen egunerokoa baldintzatu egiten dute bidaiek?

I. B.: Bai. Anaia bisitatzeko ordua hartu behar dut astero, niretzat zein beste senide edo lagun batentzat. Zeintzuk doazen antolatu, kartzelarekin konektatu —aspaldion lehenengoan hartzen dute telefonoa—, eta berretsi jasota dagoela bisita. Asteazkenera arte daukat txanda hartzeko aukera. Gero, paketea sartu behar bazaio, zer behar duen ikusi eta prestatu. Hotela hartu behar bada ere, egin egin behar da. Zer ordutan atera antolatu, errepideen egoerari erreparatu behar diozu, edo elurra egingo duen begiratu.

I. A.: Bai, badauka eragina. Bidaiaren aurreko egunetan, horren pentsamenduan zaude. Alde batetik, poz handia daukazu, ikusteko irrikan zaudelako. Eta, beste alde batetik, autoan joan behar baduzu, erregai tanga bete behar duzu, gurpilak ondo daudela egiaztatu, eguraldiaren iragarpenari erreparatu… Baita gaur egun ere, nahiz eta bidaia motzagoa izan, hori guztia berdin zaindu behar duzu. Paketea eraman behar bazaio, prestatu egin behar da. Ez da norbera doan bidaiaren kontua soilik. Besteak doazenean ere kezka daukazu: “Helduko ziren?”, pentsatzen duzu.

I. B.: Mezua bidaltzeko eskatzen diegu: hara iristerakoan eta bueltan daudenean. Eta Asierrek deitzen duenean ere lehenengo galdera horixe da: “Heldu dira?”.

Umeak ere tartean daude. Zuena, Iera, Asierrenak eta zeureak ere bai, Iñigo. Zer-nola bizi dute haiek egoera hau?

I.B.: Asierrek dena ematen du hilero duten aurrez aurreko bisitan. Bere alabak eta gurasoak sartzen dira bertan. Bisita hori gozatzen du gehien. Kezkatuta egoten da bisita jartzeko asteburua aukeratzeko, denborarekin eskatu behar du-eta. Hileko bigarren asteburua aukeratzen du normalean, baina inauteriak badira, umeek dantza egin behar badute edo jarduera bereziren bat badute, aldatu egiten du. Umeei ahalik eta eragozpen gutxien egin nahi die. Dena den, umeak aitarengana joateko irrikaz egoten dira. Oraingoz bai, behintzat. Asierrek esaten die joan nahi ez dutenean, esateko. Oraingoz gogotsu daude.

Azkeneko bisitan, pasadizo deseroso bat izan genuen. Bisitan sartzeko geundela, guardia zibil bat agertu zen txakur batekin. Ni lasai nengoen. Pentsatzen dut txakurra drogak antzemateko zela. Ama, aita eta loba biak zeuden. Txakurra han bueltaka zebilen, eta loba txikia [Asierren alaba] estutu egin zen. Maddi ahizparengana joan zen, hark heldu zion, eta azkenean pasatzen utzi ziguten. Bisitan sartu ginen, jolasean ibili ginen. Asier kexatu egin zen, bera dela kartzelan dagoena esanez, umeei halakorik ez egiteko. Eta esan zigun umeei horrelakorik berriro eginez gero, ez sartzeko. Era horretako sustoek bisitan ez etortzeko gogoa piz diezaiekete umeei.

I. A.: Nik, batez ere, kezkaz bizi dut umeak bidaia nola egingo duen.

Asierren lagun batzuek istripua ere izan zuten bidaia batean.

I. B.: Bai. Autoa erabat hondatu zen. Haiek ez zuten izan zauri larririk. Asier oso kezkatuta geratu zen, nahiz eta lagunek lasai egoteko esan zioten. Beste kezka bat da beretzat. Guri, berriz, gurpil bat lehertu zitzaigun. Konpondu eta aurrera egin genuen. Beste behin, elurra zela joan ginen. Bi ordu egin genituen geldi bidean. Heldu ginenean, Asierrek esan zigun zer-nolatan joan ginen. Nola ez gara joango, bada, aste guztia horren zain gaude eta!

Biktimekiko errespetuari eta aitortzari buruz asko hitz egiten da. Zuek gatazkaren biktimak zarete?

I. B.: Biktima hitza ez nuke esango. Baina ondorioak ordaintzen ditugu. Gure senideak hemen baleude, kilometro gutxiago egingo genituzke. Beste kondena bat daramagu. Ez da normala seme-alabek edo gurasoek bisitara joateko pairatu behar duten egoera. Euskal Herriko espetxe batean baleude, ordubetean egingo genuke bidaia. Egoera honek bukatuta beharko luke, eta oraindik ondorioak pairatzen ari gara.

I. A.: Ondorioek hor jarraitzen dute, eta zigor horrekin bizi gara gu. Ez da amaitzen. Belaunaldi berriak datoz, eta oraindik ezagutzen ari dira zer den gurasoak, lagunak edo izeko-osabak espetxean bisitatzea.

I. B.: Zenbat aldiz entzun genuen ETA bukatzen zenean hau egun batetik bestera bukatuko zela? PPko politikariek ere esaten zuten hori. Urteak pasatu dira, eta berdinetan gaude.

Duela zenbait hilabete, Etxerat-ek barkamena eskatu zien ETAren biktimei, haien “minaren aurrean isiltasuna” izateagatik eta “urrun” egoteagatik. Zuek behar duzue zuen minaren aitortza egitea?

I. B.: Nik ez dut beharrik. Bakoitzak bere kontzientzian izango du ondo edo gaizki egin duen sakabanaketaren alde edo kontra eginda. Barkamena eskatzerik ez dut behar. Gatazkaren ondorioak pairatzen ditugula aitortzea, berriz, bai.

I. A.: Bai. Errepidean gertatutako 16 heriotzak aitortu gabe daude oraindik. Beharrezkoa da heriotza horien aitortza egitea; gatazka honen parte dira. Barkamen eskaerak berbak besterik ez dira. Hori esanda zer konpontzen da? Minak hor jarraituko du, edo ez. Hauxe egin behar da: egin dena onartu, aitortza eman eta hemen geratzen den korapilo hau konpondu.

ETA desegin zen, baina gatazkaren ondorioak ez dira desagertu. Presoen auzian desmobilizazioa sumatzen duzue?

I. B.: Agian, zorteko gara Ondarroan bizi garelako. Herria mobilizatuta ikusten dut. Gazteak falta direla esango nuke agian. Jende nagusia da gehien mugitzen dena.

I. A.: Nire ustez, aldatuz doa jendea mobilizatzeko modua edo jendeak elkartasuna adierazteko era. Urtarrileko mobilizazioak hor jarraitzen du. Mobilizaziorik handiena da. Eta musikariek 564 abestiarekin zabaldu duten deiak oihartzun handia izan du.

Frantziako Gobernua hasita dago aurrerapausoak ematen: DPS estatusa kendu die zenbait presori, beste batzuk Lannemazanera edo Mont-De-Marsanera gerturatu ditu. Benetan dago jarrera aldaketa bat?

I. A.: Aldaketa egon da. Oraindik geratzen dira elkarrizketa mahaian heldu beharreko hainbat gai: emakume presoena, gaixotasun larriak dituzten presoen egoerarena… DPS estatusa kentzea bada aurrerapausoa, hurbilketa batzuk egotea ere bai, baina oraindik bide bat geratzen zaio egiteko Frantziako Gobernuari. Dena den, egindakoa positiboa da, nola ez.

I. B.: Espainiako Estatua, aldiz, alderantziz ari da: Zaballatik urrundu ditu presoak.

Espainian eratzear dagoen gobernu berriarekiko itxaropenik baduzue?

I. B.: Itxaropena beti dago. [Pedro] Sanchez beste aukerak baino hobea da, baina ikusi beharko da mugitzen den. Ea legeak esaten duen minimoa betetzen duen. Hortik gora pauso handiak eman daitezke.

Borondate kontua da?

I. B.: Sakabanaketa erabaki politikoa izan zen. Erabaki hori baztertzen denerako, Zaballan preso guztientzako lekua dago. Horrek aldaketa handia ekar dezake. Horrez gain, gradu aldaketak bermatu beharko lituzkete. Eskaera batzuk epailearengana doaz, baina gauza asko erabaki politikoen mende daude. Denak kalera ateratzea ere erabaki politikoa da. Denbora aurrera doa, eta presoek urte asko daramatzate barruan. Denbora asko egin dutenak eta gaixo larriak atera egin beharko lirateke.

Garrantzitsua al da biharko Bilboko eta Baionako manifestazioak jendetsuak izatea?

I. B.: Bai. Horren argazkiaren zain egoten dira presoak. Poztu egiten dira herri bat elkartuta ikusita. Eta senideoi indarra ematen digu babes horrek.

I. A.: Bai, pentsatzen duzu: kontxo, jendeak badauka beharra hau amaitzeko; guk bizi duguna eta gure senide eta lagunek espetxe barruan bizi dutena amaitzeko. Hori azaltzera ateratzen da urtero, eta guretzat txutea izaten da.