Urte berria, Atik Zra

Bertsolari txapelketaren urtea da 2020a. Kirolean, Olinpiar Jokoetara doazen bizkaitarrak eta Eurokopa izango dira hizpide, nahiz eta bigarrenak bestelako eztabaidarik ere piztuko duen. 25 urte beteko dituzte metroak eta Bilboko Kafe Antzokiak. Eta Zorrotzaurre itxura hartzen hasiko da.

Ibai Maruri Bilbao

Urte berri, zaharrak berri izaten da askotan. Eta aurten ere iazko gai askok pil-pilean jarraituko dute. Baina berriak ere iritsiko dira. Hona 2020ak Bizkaian utziko dituen albiste eta berbagai nagusienetako batzuk.

A.
ABANDOKO GELTOKIA
AHTa, gertuago

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak aurtengo ekainean esleitu nahi dituzte AHT abiadura handiko trenaren Bilborako sarbidea eraikitzeko lanak. Arazorik ezean, 2023rako amaitu nahi dituzte, nahiz eta tren lasterra ez den martxan hasiko 2024ra arte. Iaz Espainiako Gobernuak aurkeztutako azterketaren arabera, 767,13 milioi euroren inbertsioa egin behar da; aurretik kalkulatutakoa baino ia 40 milioi gehiago. 257,47 milioi Arrigorriagatik Bilbora iritsiko den tunela eraikitzeko erabiliko dira; sei kilometrokoa izango da. Abandoko geltokia bera izango da garestiagoa: 495,73 milioi. Geltokia lurpekoa izango da, eta hiru solairu izango ditu. Izan ere, tren lasterraren geltoki ez ezik, orain arte bezala, Renferen aldirietako trenen geltoki ere izango da; horrez gain, Bizkaibusentzako hamahiru nasa izango ditu, baita 550 ibilgailurentzako aparkalekua ere. Durangaldeko lanekin ere jarraituko dute aurten; joan den udazkenean hasi ziren Atxondo eta Elorrio arteko tartearekin, hamar urteko etenaldiaren ondoren.

B.
BERTSOLARI TXAPELKETA
Onintza Enbeita berriro?

Sorpresa eman zuen Onintza Enbeitak 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Aurten berriro txapela Muxikara eroateko aukera izango du, irailean hasiko baita lehia. Joan den abenduan sasoiko dagoela erakutsi zuen, Busturialdeko txapela eskuratzean. Baina belaunaldi berriak ere gogor datoz. Beraz, lehia ekarriko du aurtengo txapelketak. Udaberrian hasiko dira txapelketa aurreko fasearekin. Iazko finalistak zuzenean sartuko dira azken kanporaketetara, Enbeita bera buru dela.

C.
COMIC CON AZOKA
Komikien erakusleihoa

Bilbao Heroes Comic Con azokako lehenengo ekitaldia egingo da aurten, Barakaldoko BEC erakustazokan, ekainaren 13an eta 14an. 8.000 metro karratuko eremuan laurogei erakusle elkartuko dira, asko eta asko atzerritik etorriak. Komikigile ugari eta entretenimenduaren arloko pertsona ospetsu nabarmenak elkartuko dira Barakaldon, telesail arrakastatsuetako aktoreak tartean direla. Zaleek pantailako edo komikietako haien idoloak ezagutzeko aukera izango dute.

D.
PLAZA BIRIBILEKO DORREA
Lehen maizterrak

Plaza Biribileko dorrea, orain arte BBVA Dorrea izandakoa, lanetan dago. 2021erako, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Dorrea bihurtu nahi du, eta hirian barreiatuta dauden foru administrazioaren bulegoetako asko bertan bilduko ditu. Horrez gainera, start-up-en nazioarteko zentro bat ere atonduko dute eraikinean. Dena den, lehen maizterrak aurten iritsiko dira. Arropa merkea saltzen duen Primark multinazionalak Bizkaiko bigarren saltokia irekiko baitu dorrearen lehen lau solairuetan. Hainbat eragile eta sindikatuk salatu dute, Primark lanpostu prekarioen ikur delako eta tokiko merkataritzari are kalte handiagoa egingo diolako.

E.
EUSKARALDIA
Ariguneak ekarriko ditu

Bigarren Euskaraldia abenduan iritsiko da Euskal Herrira. Arrakastatsua izan zen lehenengoa, duela bi urtekoa: 196.000 bat lagunek eman zuten izena Euskal Herri osoan, eta horietatik %35 bizkaitarrak izan ziren. Aurten, marka hori handitu nahi da, eta aldaketak izango ditu. Luzeagoa izango da: hamabost egun izango ditu ariketak, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Bigarren berritasuna adierazgarriagoa izango da: belarriprest eta ahobizi figurekin batera, ariguneak sortuko dira; hau da, Euskaraldiarekin bat egingo duten enpresa, erakunde, elkarte, mugimendu eta eragileek euskararen barne erabilera indartuko dute.

F.
FEMINISMOA
Martxoaren 8a, domekaz

Aurten zer egin gogoetan dabil Euskal Herriko mugimendu feminista. Izan ere, urteko egunik seinalatuena, martxoaren 8a, domeka izango da. Beraz, ez da egun aproposa aurreko urteetako greba feminista errepikatzeko. Dena den, Emakumeen Nazioarteko Egunak aspaldion lortu duen indar eta tentsio horri eutsi beharko diote, gizartean lortu duten babesa ez epeltzea lortu nahi badute. Mugimendu feministak hausnarketekin uztartuko ditu mobilizazioak. Urrirako beste hitzordu garrantzitsu bat izango dute Bilbon: Nazioarteko IV. Konferentzia Marxista Feminista. Mundu osoko pertsona ezagunak etorriko dira; besteak beste, Cinzia Arruzza eta Nancy Fraser.

G.
GALDEKETA, DURANGON
Geltokiaren orubean zer?

“Ados zaude PERI 1 TRENBIDEA proiektua bertan behera uztearekin eta prozesu parte-hartzaile bat izango duen alternatiba bideragarri baten azterketa martxan jartzearekin?”. Galdera hori egin nahi die Durangoko Udalak durangarrei. Iazko azaroaren 27an onartu zuten osoko bilkuran, EH Bilduren eta Herriaren Eskubidea plataformako zinegotzien aldeko botoarekin. Ondoren, Madrilera bidali zuten galdera, Espainiako Gobernuak herri galdeketari oniritzia eman diezaion. Durangoko Udalak aurten egin nahi du geltoki lurperatuaren oruberako aurreikusitako proiektua bertan behera uzteko herri galdeketa. Izan ere, proiektuak herritar askoren gaitzespena jaso zuen, eta, hein batean, horregatik galdu zuen EAJk Durangon berrogei urtez eskuetan izandako aginte makila.

H.
HONDAKINEN PLAN BERRIA
Batzar Nagusietara

Bizkaiko hondakinen azken plana 2016an iraungi zen, baina Bizkaiko Batzar Nagusiek —Bizkaiko Foru Aldundiaren eskariz— 2020ko abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki zuten; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gogor gaitzetsi zuten erabakia. Beraz, aurten agortuko da epe hori, eta ordurako Batzar Nagusiek berria onartu beharko dute. Hala beharko luke behintzat. Ez da erraza izango alderdi guztien adostasuna lortzea, batez ere, ez datozelako bat helburuak lortzeko moduetan. Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuaren arabera, plan berriak Europako Batasunak 2030erako ipinitako helburuak zelan lortuko diren zehaztuko du, eta ekonomia zirkularra izango du ardatzetako bat. Unzuetaren arabera, Bizkaiak “dagoeneko bete ditu” helburu gehienak.

I.
IBILALDIA
Elorrion, ‘Hel horri’

Bizkaiko euskaltzaleek Elorrion hitzordua izango dute maiatzaren 31n. Izan ere, Txintxarri ikastolak antolatu du aurtengo ikastolen jaia, Hel horri lelopean. Ikastolako arduradunen arabera, aurtengo Ibilaldiaren helburuak hezkuntza komunitateko harremanak “sendotzea” eta ikaslea “hezkuntza prozesuaren ardatz” bihurtzea izango dira.

J.
JABYER FERNANDEZ ETA JOSE LUIS BILBAO
‘Habidite auziko’ epaia

Jose Luis Bilbao hamabi uztez Bizkaiko ahaldun nagusi izandakoak epailean aurrean deklaratzea: hori izan da 2019an Bizkaiko politikak utzi duen irudi deigarrietako bat. Habidite auzian lekuko moduan deklaratu behar izan zuen; hau da, ez da bere aurkako epai bat. Jabyer Fernandezena izandako Habidite Technologies enpresak 2006an Alonsotegin modulukako etxebizitzak eraikitzeko lantegi bat abian jartzeko akordioa egin zuen Bizkaiko Diputazioarekin. Diputazioak akordioa bete ez zuelakoan, 31 milioi euroren kalte-ordaina eskatu du. Bilbaok egin zuen akordioa Fernandezekin, eta berak eten zuen. Izan ere, 2012an, Europako Batzordeak ebatzi zuen akordio horiek estatu laguntzak zirela; enpresariaren ustez, hori jakin beharra zeukan aldundiak. Epaiak argitu dezake Bilbaok “zikin” jokatu ote zuen prozesu hartan, Fernandezek egosten dion bezala.

K.
KENDRICK LAMER
Kobetamendira bidean

BBK Live jaialdiak hip-hoparen erregea ekarriko du aurten Bilbora: Kendrick Lamer AEBetako rap kantaria izango da jaialdiaren izarretako bat. Bere hainbat lan azken hamarkadako disko onenen zerrenda gehienetan sartzea lortu duen artista bakarrenetako da, bakarra ez bada. Harekin batera, Kobetamendiko agertoki nagusitik igaroko dira The Killers, udaberrian argitaratuko duen disko berriarekin, eta Pet Shop Boys, Greatest Hits ikuskizunarekin. Uztailaren 9an, 10ean eta 11n egingo da jaialdia.

L.
LORALDIA
Pessoa eta Sarrionandia

Joseba Sarrionandiak Fernando Pessoa miresten du, eta miresmena nabaria da euskal idazlearen sormenaren paisaian hasiera-hasieratik. Loraldiak idazle bien hitzordu literario bat irudikatuko du aurten; non, eta Lisboan, Casa do Fado batean. Fado eta ardo berde artean, bi idazleok berba egingo dute. Mikel Antzak hitzorduari berbak ipiniko dizkio. Diana Villarinho fadogile gazteak, berriz, musika jarriko du. Pessoa eta Sarrionandia Casa do Fadon izango da aurtengo Loraldiak ekarriko duen ikuskizunetako bat. Iñigo Astiz eta Mikel Aierberen Högeitavat mendeko emanaldi poetikoa, Mizel Theret dantzariaren Diagonalean zehar koreografia eta beste hainbat emanaldi ekarriko ditu Loraldiak, martxoaren 10etik 29ra.

M.
MAKINA ETA ERREMINTA BIURTEKOA
Ekonomiaren zita nagusia

Bizkaiko eta Euskal Herriko industria alorrak bi urtean behingo ekitaldi nagusia izango du aurten ere, 31. Makina eta Erreminta Biurtekoan. Maiatzaren 25etik 29ra egingo da, Barakaldoko BEC erakustazokan. Mundua aldatuko duen teknologia leloa aukeratu dute, eta 4.0 industria izango da ardatza. Iragarri dute 31. ekitaldian erakusketa “indartsu” itzuliko dela. Fabrikatzaile, inportatzaile eta banatzaile nagusiak elkartuko dira, mundu osoko bisitari eta erosleei azken aurrerakuntzak aurkezteko asmoz.

N.
N-240 ETA N-634 ERREPIDEAK
Istripuak konponbide eske

Bizkaian auto istripu gehien dituzten errepideak dira N-240a eta N-634a. Urte bukaera iluna izan dute, gainera. Inguruko herritarrek hainbat mobilizazio egin dituzte konponbide eske, eta diputazioak berak errepide sareko puntu ilunak desagertzen hasteko diru sail bat gorde du aurtengo aurrekontuetan. Ikusteko dago bi horiekin zer egingo duen.

O.
OLINPIAR JOKOAK
Bizkaitarrak Tokiora

Deialdien zain, ondo bidean, lau hauek ziur egongo dira datorren udan Tokioko Olinpiar Jokoetan: Ainhoa Hernandez eskubaloi jokalaria, Ian Ponciano patinatzailea, Jonathan Castroviejo txirrindularia eta Unai Lopez futbolaria. Seguruenik gehiago izango dira joateko aukera izango duten bizkaitarrak. Uztailaren 24tik abuztuaren 9ra milaka bizkaitar egongo da telebistara begira herrialdeko kirolariak animatzen.

P.
PEÑASCAL PLANA
Azken infraetxebizitzak

Iazko azaroan amaitu ziren Peñascal auzoan 45 etxebizitza sozial eraikitzeko lanak. Horietatik 25 auzoan bertan bizi diren beste horrenbeste familiarentzat izango dira. Izan ere, Jaurlaritzak eta udalak Bilboko azken infraetxeak amaitzeko planari ekin diote. Epe luzerakoa da; amaitzerako 303 etxebizitza berri eraiki beharko dituzte. Horren helburua auzoan dauden 315 infraetxebizitzak eraistea da. Aurten hasiko dira lehen ehun etxeak eraisten. Hirigintza plan garrantzitsua da hiriburuarentzat.

Q.
QUIRON , IMQ ETA DEUSTUKO UNIBERTSITATEA
Medikuntza gradua

Deustuko Unibertsitateak Medikuntza gradua eskainiko du datorren ikasturtetik aurrera, Bizkaiko campusean. Ikasturte honetan abiatu nahi zuten gradua, baina Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak berandu eman zion azken baimena egitasmoari. Unibertsitateak azaldu duenez, jada aukeratuak ditu 29 irakasle, eta izenpetu ditu hitzarmenak 11 ospitale pribaturekin. Besteak beste, Quiron eta IMQ osasun aseguru-etxeen kliniketan egin ahal izango dituzte praktikak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, berriz, abenduan hautatu zuen LKS Ingenieria kooperatiba Basurtun eraikiko duen Medikuntza Fakultatea diseinatu eta obrak gidatzeko. 2024rako eduki nahi dute prest.

R
RICHARD ARTSCHWAGER
New Yorketik Bilbora

Zazpi hamarkadako jarduna izan zuen Richard Artschwager artista estatubatuarrak (19232013). Espazioa eta hori egituratzen eta osatzen duten eguneroko objektuak zehatz-mehatz ulertu nahi zituen. Hala, pinturaren eta eskulturaren arteko erdibidean zeuden hainbat materialen bidez lortu zuen bere adierazpidea, baina 1960ko eta 1970eko hamarkadetako testuinguruan nagusi izan ziren proposamen minimalistetatik urrunduz. Bere sorkuntza ibilbidearen analisi antologikoa egiten duen erakusketa bat iritsiko da Bilboko Guggenheim museora otsailean, hirurogei obra baino gehiagorekin. Besteak beste, Lygia Clark, William Kentridge eta Lee Krasner ere iritsiko dira.

S.
SAN MAMES
Eurokopako zelaia

Azken urteetako nazioarteko kirol eta ikuskizunen zerrendara beste bat gehituko da aurten: 2020ko Eurokopa. Europako selekzioen arteko futbol txapelketa nagusiko joko zelaietako bat izango da San Mames; hain zuzen ere, Espainiako selekzioak taldekako fasean izango duen etxeko zelaia. Besteak beste, haren aurka jokatuko dute Bilbon Poloniak, Suediak eta erabakitzeko dagoen hirugarren selekzio batek. Hautsak harrotu ditu ekitaldiak, eta aurten zer esana emango du. Batetik, Espainiako selekzioak etxeko zelaitzat izango duelako San Mames; bestetik, Eurokoparen eredua salatzen dute hainbatek. Erakunde publikoek inbertsio handiak egin dituzte, eta Bizkaiko Diputazioak zerga politiketan aldaketak egin ditu antolatzaileen mesedetan. Segurtasun aldetik, bateko eta besteko zaletuen arteko liskarrak ere espero dira.

T.
TXOMIN AGIRRE
Heriotzaren mendeurrena

Ondarroan jaio zen Domingo Agirre Badiola abade eta idazlea, 1864ko maiatzaren 4an. Askorentzat euskarazko lehen eleberrigilea izan zen. Lan nagusiak Kresala —bizkaieraz idatzia— eta Garoa izan zituen. 1918an, Eusko Ikaskuntzak Oñatiko lehen batzar hartan Euskaltzaindiaren sorrera erabaki zenean batzarkide zela, euskararen saileko taldearen zuzendaritzaz arduratu zen. Ez zen lehen lau euskaltzainetako bat izan, baina hurrengo urtean taldea zabaldu zenean akademiara sartu zirenetako bat izan zen. Dena den, egotaldi laburra izan zuen, osasun arazoak tarteko: 1920ko urtarrilaren 14an hil zen.

U.
URTARRILAREN 30A
Greba orokorrerako deia

Bizkaiko pentsiodunek biziberritu dute eskubide sozialen aldeko borroka. 2018ko urtarrilaren 15etik ia astelehenero elkartu dira udaletxeetan. Espainiako Gizarte Segurantzak ordaindutako pentsioa kobratzen duten guztientzako eredu bihurtu dira. Besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta urteroko igoera KPIaren araberakoa izatea eskatzen dute. Borroka gehiago batu dira harrezkero, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak grebara deitu du urtarrilaren 30erako. Pentsioez gain, beste aldarrikapen batzuk ere baditu deialdiak: erosahalmena berreskuratu, prekaritatea amaitu, gutxieneko diru sarrerak bermatu…

V.
‘VIA CRUCIS’
Nekaldia bueltan Arkotxan

Hainbat eta ezagunak dira Bizkaian Nazareteko Jesusen nekaldia, heriotza eta berpizkundea ospatzeko egiten diren prozesio eta antzezpenak. Prozesio handienak, Bilbokoak; antzezpenetan, Balmasedakoa. Baina ez dira bakarrak. 50 urtez antzeztu dute Jesusen nekaldia Zaratamoko Arkotxa auzoan. Iaz bertan behera utzi behar izan zuten, parte hartzaile faltagatik. Behin betirako agurra izan zitekeela esan zuten. Baina urtebete baino lehen irauli da egoera: Gaztek-abik elkarteak iragarri berri du apirilean nekaldia antzeztuko dutela berriro.

W.
WAGNER
Bitan entzungo da aurten

Richard Wagner konpositore alemaniarrak bisita bi egingo ditu ekainera bitartean. OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkartearen eskutik iritsiko da lehenengo, urtarrilaren 18, 21, 24 eta 27an. Elkarteak Der Fliegende Holländer operarekin hasiko du urte berria, Euskalduna jauregian. Ekainean, berriz, Verdi vs. Wagner kontzertu bereziarekin itxiko du kontzertu denboraldia Bilboko Orkestra Sinfonikoak; hilaren 11n eta 12an, Euskalduna jauregian.

X.
XXV. URTEURRENA
Metroa eta Kafe Antzokia

Eraldaketa eragile bik mende laurden beteko dute aurten. 1995eko azaroaren 11n inauguratu zen Bilboko Metroaren 1. linea. Hiriko eta metropoliko mugikortasuna erabat aldatu ditu. Gaur egun, hiru linea ditu martxan, eta berriak egiteko proiektuak daude. Hilabete pasatxo igarotakoan, abenduaren 15ean, Bilboko Kafe Antzokiak ireki zituen ateak, hiriburuko euskaldunei topagune eta arnasgune bat eskainiz. Musikaren eta kulturaren agertoki ezinbestekoa izan da urteotan.

Y.
YATEAK ETA TXALUPAK
Orden premian Plentzian

Iazko udazkenean hautsak harrotu zituen Plentzian portua eta itsasadarra berrantolatzeko proiektuak. Aldeko eta kontrako iritziak sortu ditu. Denak daude ados itsasadarrean ainguratuta dauden txalupa eta yateak ordenatu beharra dagoela; berez, abenduan ziren lanak hastekoak, baina, Eusko Legebiltzarraren gehiengoak proiektua txarretsi ondoren, Jaurlaritzak atzeratzea erabaki du, ados jarri arte.

Z.
ZORROTZAURRE
Urbanizazioa martxan

Abenduko bileran onartu zuen Kontratazio Batzordeak Zorrotzaurreko ipar muturreko kale, plaza, lorategi eta hiri zerbitzuen urbanizazio lanak lehiaketara ateratzea. Hala, aurten hasiko dira lan horiekin. Zorrotzaurreko uharte berria, bada, itxura hartzen hasiko da 2020 honetan.