Natalia Salazar Orbe
Duela hamalau urtera arte, zortzi moja domingotar ziren Kurkudiko komentuko egoiliar bakarrak. Paisaia eta ingurumen aldetik eraikina dagoen lekuak duen interesa eta garrantzia direla eta, eremu horri eta izen bera duen mendi magalari babes bereziko neurriak aitortu zizkien Leioako hirigintza antolamendurako plan orokorrak (HAPO). Babes neurri haren ondorioz, ingurua ezin zitekeen urbanizatu; ez orain arte, behintzat. Izan ere, HAPOaren moldaketa puntual bat egitea erabaki du udalak. Urriaren 31ko osoko bilkuran onartu zuten moldaketa, eremu horretan kirol instalazio pribatuak ezartzeko. EAJk eta PSE-EEk babestu zuten, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontra bozkatu zuten. Hainbat herritar erabakiaren kontra agertu dira: SOS Kurkudi plataforma osatu dute, eta proiektuaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte.
Mojak joan zirenez geroztik eraikina utzita dagoela azaldu du udalak, ohar informatibo baten bitartez. Herritarrek kirola egiteko azpiegiturak nahi dituztela eta eskaera horri erantzuteko irtenbide gisa planteatu du proiektua.
SOS Kurkudi plataformak uste du proiektuak kalteak egingo dituela “arlo guztietan”, leku horretan jarriz gero. Alberto Santo Tomas platafomako kidearen arabera, ondorio kaltegarriak izango ditu paisaian, ingurugiroan eta trafikoan. Horrez gain, eremuak duen babes neurria galduko lukeela gogorarazi du. “Lurzoruak 210.000 metro koadro inguru ditu, eta horietatik 27.000 eraikitzeko baimena dago”. Onartezina dela iritzita, sinadura bilketa abiatu dute Change.org plataforman. 1.800 baino gehiago lortu dituzte.
Ingurugiroan izango duen eraginaz, “paisaia artifizialdu” egingo duela dio. Kurkudiko mendi magala hiri lur bihurtuko dutela salatu dute, eta kutsadura areagotuko dela ohartarazi.
Jasangarritasunaren kontra
Hara iristeko aukera bakarra autoa izango dela adierazi du Santo Tomasek. “Mendi malda batean dagoenez, errepide bat besterik ez dago hara iristeko”. Udal gobernuari leporatu dio mugikortasun jasangarriaren aldeko denetariko hitzarmenak sinatzen dituzten bitartean era horretako proiektu bat aurrera atera nahi izatea. “Ez dago garraio publikoz iristerik, ezta oinez edo bizikletaz joateko aukerarik ere. Zergatik egin azpiegitura hau leku babestu batean eta ez beste nonbait? Leioa handia da”.
Udalak kiroldegi pribatua han jartzeko herritarren eskaerei egin die aipamen. Santo Tomasek horri erantzun dio: “Ikerketa edo inkestarik ez dugu ezagutzen, baina egia da era horretako instalazioen eskaera badagoela. Ez dago, ordea, zerbitzu pribatuen eskaerarik. Gainera, Leioan ez dago udal kiroldegirik”.
Zigor Arteaga biologoaren txostena ere oinarri hartu du proiektuaren aurkako arrazoiak emateko. “Azken hamalau urteetan [komentua hutsik geratu zenez geroztik], txarrera egin beharrean, hor dauden habitatak hobetu egin direla dio. 2001. urtean, eremua babesteko neurria jaso zuen HAPOak. Zergatik kendu orain? Kontraesan hutsa da”.
Proiektua gauzatzeko formula kritikatu du. “HAPOa 2001ekoa da. Zortzi urteko iraunaldia dauka. Beraz, iraungita dago, erabat. Iragarria dute berehala berrikusiko dutela. Hori hala bada, zergatik planteatzen dute proiektua orain moldaketa puntual moduan?”. Horrenbeste metro koadroko lurzoru baten izaera aldatzea moldaketa puntuala baino gehiago dela uste du. “Proiektu hori HAPOaren berritze prozesuan landu beharko lukete, eta herri osoak aztertu beharko luke”.