Ibai Maruri Bilbao
Urte aldaketarekin batera, ohi duen legez, Bizkaiko Foru Aldundiak herritarren iritzia neurtu du. 2019ko Neurbi inkestaren arabera, bizkaitarrek 2020rako dituzten kezka nagusiak ekonomiaren egoera eta enplegua dira. Egungo egoerari dagokionez, 1etik 10erako eskalan 6,6ko nota eman diote ekonomiaren egoerari eta 5,6koa enpleguari. Inkestan parte hartu dutenen erdiek uste dute 2020an ere igualtsu jarraituko duela egoerak, eta %30ek uste dute okerrera egingo duela aurten. Azaroan eta abenduan osatu zuten azterlana, telefono bidez egindako 2.874 elkarrizketarekin.
Bizi kalitate “altua” dutela erantzun dute inkestan parte hartu duten gehienek. Emandako batez besteko nota 7,8koa da. %88k uste dute Bizkaian “nahiko ondo edo oso ondo” bizi dela jendea. Dena den, egiteko “asko” dagoela iruditzen zaie. Besteak beste, enplegua aipatu dute. Zehatzago esateko, herritarren iritziz, Bizkaiko Foru Aldundiak aurten izan beharreko lehentasunak dira langabeziari eta lan prekaritateari aurre egitea eta gizarte babesa indartzea. Lehenetsi beharreko gainerako arloak dira honakoak: ekonomia (%15en ustez), segurtasuna (%12), herritarren beharrizanei erantzutea (%11) eta gazteak (%10).
Oro har, bizkaitar gehienek diputazioaren jarduerari buruzko iritzi baikorra dute: %51k “ona” esan dute, eta %5ek “oso ona”. Emaitza bera jaso du diputazioaren kudeaketak: 7 eta 8 arteko nota ipini diote %42k; beste horrenbeste izan dira 5 eta 6 arteko nota ipini diotenak. Gizarte ekintza diputazioaren jarduera nagusia dela erantzun dute %26k; azpiegiturak eta errepideak, %22k; ekonomiaren eta enpleguaren sustapena, %15ek; eta garraioa, %10ek.
Gehienak baikor
Bizkaitarrak oro har baikorrak dira etorkizunarekin: batez beste 6,7ko nota ipini diote etortzeko dagoenari; %46k, 7 eta 8 artekoa. Herritarren %72k uste dute “etorkizuna gizartea bera egiteko gai denaren mende” dagoela. %10ek erantzun dute “beldurra” sentitzen dutela etorkizunaz pentsatzean. Uste dute bost urte barru arreta handiagoa ipiniko dutela birziklatzean eta ingurumenean, eta denbora gehiago eskainiko diotela aisialdiari, familiari eta familiakoen eta ingurukoen zaintzari. Iruditzen zaie etorkizunean garrantzia handiagoa izango dutela norbere osasuna zaintzeak eta eguneroko joan-etorrietarako garraio publikoa edo bizikleta erabiltzeak. Kontsumo ohituren aldaketari dagokionez, berriz, ez dago adostasunik: %37k erantzun dute bost urte barru orain baino denbora gehiago igaroko dutela etxetik hurbil dituzten saltokietan erosketak egiten edo zerbitzuak kontratatzen, baina %35ek uste dute batez ere Internet bidez egingo dituztela erosketak.