Urtezahar, galtza zahar; urte berri, galtza berri

Igor Elordui Etxebarria

Oraindik egun batzuk falta zaizkizu eta egon lasai, ea ezustekorik handienak orain hartuko dituzun.

—Bai, esakuneak badio: Urte betean gertatu ez dena, sarritan ordu batean gertatzen duk. Eta hi, ba al hago prest?

—Beharko. Aspaldi hasi ziren nire egutegiak, agendak eta abar banatzen. Baina, gu, azken batean, zenbaki bat baino ez gara. Bibaka hartzen gaituzte, dena zarata eta algara, baina berez ez gara ezer. Horixe, zenbaki bat.

—Urteak ahoa luze, laguntxo. Egon hadi heu ere lasai. Orain hireak izango dituk aste, hilabete, urtaro eta abarrak. Eta hi agertuko haiz gutun, agiri eta horietan guztietan goiburuan. Hi azalduko haiz lehenengo-lehenengo Interneten urtea adierazi beharreko laukitxoen artean ere. Zenbaki biribila haiz, gainera: 2020.

—Bai, baina bisurtea naiz, eta esakunezale zarenez gero, entzun hau: Bisurtea, latza eta estua. Edo hau: Urte bata da ama, bestea amaizun. Ai, zer datorkidan, sikiera, baneki…

—Hori neuk ere ez zekiat, baina mila urte igarota, ura bere bidean. Aditu: Hasteko, egin kontu, neureak eta beste bi zaramatzatek Altsasuko gazteek kartzelan. Ikusiko al dituk hik etxean! Euskal presoak behingoz Euskal Herrira ekartzeko garaia ere baduk, gero. Kartzelak direla eta, zuhur ibili, Zaballan lau preso hil zituan-eta neure lehenengo lau hilabeteetan, hilabeteko bana.

—Urtearen azkenean ere zapata berdinak… Zer gehiago, Urtezahar?

—Espainian bat ez, bi izan dituk hauteskundeak: apirilean eta azaroan. Euskal Herrian ere egin zitiztean hauteskundeak: foru eta udal hauteskundeak. EAJk koska bat gora egin zian EAEn; Nafarroan, Maria Txibite lehendakari eta Enrique Maia Iruñeko alkate. Nire hondar-egunotan EAJk Elkarrekin Podemosen babesa jaso dik aurrekontuak onartzeko. Eta estatutua eguneratzeko aditu-taldeak egin diken testuarekin ere baduk saltsa, ohartarazten diat.

—Eta politika ez den zeozer, agure?

—Politika dena duk, Txarribelarri. Ni joango nauk, baina pentsiodunak ez dituk erretiratu, ez horixe. Eta hiri tokatuko zaik Eskubide Sozialen Gutunak deitu diken pentsio eta bizitza duinen aldeko greba. Iraultza feministak ere aurrera segitzen dik. Bizkaiko metalgintzak lortu dik hitzarmena, baina Araluce itxi eta 141 langile kalera joan dituk. Horretaz gainera, Euskal Herrian egin zituan, Miarritzen G7koen goi-bilera eta Hendaian horren aurkako gailurra; bi mundu aurrez aurre. Garai latzak zetozak, abisatzen diat: klimak alerta jo dik, gazte.

—Berri txarrak, orduan…

—Albisteak txarrak, asko… baina Berri Txarrak… horiek onak, oso onak izan dituk. Joaten ikusi ditinat. Eta beste batzuk ere bai: Jon Lopategi, Xabier Arzalluz, Iñigo Muguruza… Ikusi ditinat itzulerak ere: Josu Zabala eta Gari, inun baino alaiago; Korrika, Klika… Hik Korrikarik ez duk ezagutuko, baina bai Euskaraldia; hori bazekiat, aurten egin ditiztek eta aurkezpenak. Zer diok?

—Urtezahar, galtza zahar; urte berri, galtza berri. Ikusiko da zer dagoen berri. Agur, 2019!