Herrietan egon da aldaketa

Ibai Maruri Bilbao

“Pozik” eta “harro” sentitu zen EAJ maiatzaren 26an. Foru eta udal hauteskundeetan sekulako emaitzak lortu zituen, berriro ere. Zalantza gutxi zegoen, eta pronostiko guztiak bete ziren. Herrialde historikoan aspalditik duen lidergoari eutsi zion, are boto emaile gehiago erakarrita. Gehiengo osoa lortzeko batzarkide bakar baten faltan geratu zen Bizkaiko Batzar Nagusietan. Eta, sozialistekin egindako akordioari esker, erraz gobernatuko dute Bizkaia datozen lau urteetan. Bilboko Udalean ere beste horrenbeste egin zuen: zinegotzi bakarraren faltan geratu ziren, eta PSE-EErekin egindako gobernu itunak eman die hiriburuan inoiz izandako gehiengo osorik handiena. Baina, ekainaren 15ean, zapore gozo hori apur bat mikaztu zitzaien. Udalak osatzeko eguna iritsi zen. EH Bilduk Elkarrekin Podemosekin eta beste herri plataforma batzuekin egindako akordioen ondorioz, hainbat udaletako aginte makila galdu zuten jeltzaleek. Tartean, 40 urtez gobernatu dituzten herri garrantzitsu bi: Durango eta Galdakao. Galera gozatzeko, Bermeo, Markina-Xemein, Plentzia eta Zalla eskuratu zituzten, besteak beste.

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Barruti guztietan nagusi

Azken urteetako nagusitasuna erakutsi du EAJk beste behin. Barruti guztietan gailendu zen maiatzeko foru hauteskundeetan. Bakar batean ere ez zen jaitsi botoen %40tik, gainera. Bizkai osoko datuak kontuan hartuta, botoen %43 eskuratu zituen —253.413 boto—; duela lau urte Bizkaiko boto emaileen %37ren babesa lortu zuen. Busturia-Uribe barrutian —Uribe Kosta, Mungialdea, Txorierri, Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeek osatzen dute— erakutsi zuen nabarmenen bere indarra: botoen %47 eskuratu zituen. 2015eko hauteskundeetan baino batzarkide bi gehiago eskuratu ditu aurten: 23tik 25era pasatu da, Enkarterriko —Enkarterri, Ezkerraldea eta Meatzaldea eskualdeek osatzen dute— barrutian eta Busturia-Uribe barrutian batzarkide bana igota.

EH Bilduk 116.000 bizkaitarren babesa jaso zuen, duela lau urte baino 10.000 gehiagorena. Baina orduan baino batzarkide bat gutxiago eskuratu zuen: Busturia-Uribe barrutian EAJk batzarkide bat gehiago lortzean galdutakoa, hain zuzen. Hala, hamar kidek osatzen dute EH Bilduren taldea Bizkaiko Batzar Nagusietan.

Nahiz eta boto zenbaketaren hasieran iruditu EH Bilduk Bizkaiko bigarren indar izateari utziko ziola, bukatzerako 20.000 botoren aldea atera zion hirugarrenari, PSE-EEri. Horrek erakusten du sozialistek izan zuten gorakada, hein handi batean, hilabete lehenago Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan lortu zituzten emaitza onek hauspotuta. Duela lau urte baino 27.000 boto gehiago eskuratu dituzte sozialistek; guztira, 97.000 inguru, eta zortzi batzarkide —bat gehiago—. Bilbon eta Enkarterrin ibili zen indartsuen. Elkarrekin Podemosek sei batzarkideei eustea lortu zuen, nahiz eta 20.000 boto galdu. Kolperik latzena PPk jaso zuen: botoen %7ra ere ez zen iritsi, eta Batzar Nagusietan duten taldea erdira murriztu zaie lau urtean. Bilbon eta Durango-Arratia barrutietan —Durangaldea, Arratia eta Hego Uribe eskualdeak— baino ez du batzarkide bana lortu; bi guztira. Popularrek galdutako botoak dira jeltzaleek irabazitako asko.

Ekainaren 27an egin zuten Unai Rementeriaren inbestidura saioa Gernika-Lumoko Batzar Etxean. Hitzaldian iragarri zuen “hirugarren iraultza” egin nahi duela Bizkaian, jendea “hobeto” bizitzeko. Rementeriaren (Mundaka, 1973) arabera, “amets egiteko baino gehiago, ekiteko garaia” da, “Bizkaia handiagoa” izateko helburuz. Jarduera ekonomikoa, enplegua, eraldaketa energetikoa eta Bizkaia dorreko ekintzailetza zentroa dira agintaldi berriaren ardatzetako batzuk.

Egun berean iragarri zuen gobernu taldea. Uztailaren 2an egin zuten karguaren zina hamar diputatuek —aurreko agintaldian baino bat gehiago—, eta, ondoren, agintaldiko lehen gobernu kontseiluan hartu zuten parte. Aldaketa gutxi dago: Isabel Sanchez Roblesen ordez, Sergio Murillo da Gizarte Ekintza diputatua. Ekonomiaren Sustapena eta Azpiegitura Saila izandakoa erdibitu du; Imanol Pradalesen esku jarraitzen dute azpiegiturek, baina Ainara Basurko Ogasun zuzendari ohiak hartu du bere gain ekonomiaren sustapena.

BILBOKO UDALA
Ia Azkunaren tamainan

Lehen agintaldian Iñaki Azkuna zenak baino babes gutxiago lortu zuen arren, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bere aurrekoaren neurrira gerturatzen hasi da: gehiengo osoa lortzeko zinegotzi baten faltan geratu zen maiatzeko bozetan. Azken lau urteetan baino ordezkari bat gehiago lortu zuen EAJk, 8.000 boto berri erakarrita. Hein handi batean, PPk galdutakoak dira: zinegotzi bat galdu dute popularrek, eta hiriburuko azken indar politikoa dira orain; garai batean bigarren ere izan ziren.

Azken agintaldian gobernukide izandako sozialistekin osatu du berriro ere gobernua Aburtok. PSE-EEri emaitza onak eman dizkio batasun horrek: gora egin du, hiriburuko bigarren indar bihurtzeraino. EH Bilduri kendu dio postu hori; lau zinegotzi lortu zituen Jone Goirizelaia buru zuen zerrendak; aurreko agintaldian izandako ordezkari kopuru bera. Ahal Duguren inguruko hautagaitza bi izan ziren 2015ean: Udalberri eta Goazen, bina zinegotzirekin. Udalberrik hiru ditu orain; Goazen hutsean geratu da.

BIZKAIKO HERRIAK
Aldaketa historikoak

Udal hauteskundeetan ere emaitza itzelak lortu zituen EAJk. 112 udalerri ditu Bizkaiak, hiriburua barne: jeltzaleen esku geratu dira 73 aginte makila; 29, EH Bilduko alkateen esku; zortzi eskuratu dituzte hautagaitza independenteek; eta bi sozialistek. Hau da, aurreko agintaldian baino zortzi alkate gehiago ditu EAJk, hiru gutxiago EH Bilduk, bost gutxiago independenteek eta parean daude sozialistak. Guztira, 21 herritan izan dira alderdi aldaketak.

Alonsotegi, Arrigorriaga, Balmaseda eta Elantxobe galdu dituzte jeltzaleek, EH Bilduren eta independenteen —Balmasedan— mesedetan. Baina baita Galdakao eta Durango ere. 40 urtez aginte makila eskuetan izan ondoren, kolpe latza izan da EAJrentzat bi herri horien galera. Usasoloren desanexioari trabak jarri izanak eta, batez ere, Bilboko Metroaren 5. linea egin ordez Bilboko Metroa eta herria Euskotrenen bidez lotzeko proiektuak haserrea eragin du Galdakaon. Metroaren auziak hauspotuta eratu zen Auzoak izeneko plataforma. Horiekin, Usansolo Herria desanexioaren aldekoekin eta Elkarrekin Podemosekin elkartuta osatu du EH Bilduk udal gobernua. Durangon, berriz, lurperatuta dagoen tren geltokiaren orubearen obrek babesa kendu diete jeltzaleei. Elkarrekin Podemosek babestuta iritsi da EH Bildu alkatetzara.

Trukean, zazpi alkatetza kendu dizkiete jeltzaleek subiranistei: Arteaga, Atxondo, Lanestosa, Markina-Xemein, Plentzia, Zaldibar eta Bermeo, herri sinbolikoen artean. Gainera, EAJ indartu egin da Getxon eta Barakaldon. Eta, sozialistekin lortu dituen gobernu itunei esker, herrialde historikoaren %71 gobernatzen dute elkarrekin.

Estreinakoz Ezkerraldera ere iritsi da itun hori. Sestaon EAJk gehiengo osoa dauka, eta ez du sozialisten beharrik izan. Barakaldon, bakeak egin dituzte. 1990eko hamarkadan hainbat gobernu itun egin zituzten, baina gerora harremana gaiztotu zen. 2011-2015 agintaldian bereziki tenkatu zen, 2013an Alfonso Garcia sozialistak Tontxu Rodriguez alderdikideari lekukoa hartu zionean alkatetzan. Egungo alkate Amaia del Campo (EAJ) zen oposizio burua. 2015ean gobernu ituna egin zuten, alderdietako buruzagitzek behartuta; aurki hautsi zen. Oraingoan gozoagoa da harremana. Santurtzin eta Portugaleten egunotan ari dira gobernu ituna adosten: jeltzaleak daude Santurtzin; sozialistak Portugaleten.