Gabonetarako iratzartzen

Gabonetarako iratzartzen

Ibai Maruri Bilbao

Edozein gernikarri herriko nortasuna osatzen duten hiru elementu zein diren galdetuz gero, Denis Azkaratek argi du hiruretako bat Marijesiak izango direla. “Arbola aipatuko dute, astelehenetako merkatua, frontoia… Baina seguru nago Marijesiak beti agertuko direla”. Nazareteko Jesusen jaiotza iragartzeko egiten diren kantu errondak dira Marijesiak. Bizkaiko herri askotan galdu egin diren arren, beste hainbatetan mantentzen dira oraindik, beste izen batzuekin bada ere. Dena den, Gernika-Lumokoak dira ezagunenak. Taldeko burua eta bakarlarietako bat da Azkarate.

Bederatzi egunez kantatzen dituzte kopla horiek, abenduaren 16an hasita. Hala, joan den astelehen goizaldean ekin zioten aurtengo erronda sasoiari. 04:00etan abiatzen dira, eta herri osoa zeharkatzen dute gelditu barik. Urteko sasoi honetan egiten diren kantu errondetan ibilian egiten bakarrak dira Gernikakoak. Badute beste ezaugarri bat: “Elizen paretik pasatzean, gure Jauna dagoen lekuetan, belaunikatu egiten gara, eta une horretarako badugu kopla berezi bat: Sakramentu Santu Jauna/zelebradu zanian/izena ipini eutsen/ Jesus Salbadoria…”.

Azken egunean, abenduaren 24an, bigarren erronda bat ere egiten dute egun argiz. Orduan dirua batzen dute kalean dabiltzanen artean. Urtero eman egiten dute, normalean gobernuz kanpoko erakunderen bati. Aurten erdibitu egingo dute bildutakoa: erdia Aita Mari Mediterraneoan itsas salbamenduan dabilen euskal ontziari emango diote; beste erdiarekin eurak geratuko dira, proiektu bat dutelako esku artean. “Guk ez dugu aurrekonturik, eta nolabait finantzatu behar dugu”. Joan den astean aurkeztu zuten Marijesiak 4:00 Bederatzi gau hotzetan dokumentala. 59 minutuko iraupena du, eta 37 elkarrizketa jasotzen ditu. Horrez gainera, liburuxka bat ere prestatu dute, eta baita eduki multimedia ere. Izan ere, aurten mendeurrena bete da lehen Marijesi kopla idatziak argitaratu zirenetik. Garratza goitizenez ezagunagoa zen Pedro Bidagurenek XVII. mendetik jasotako koplen eskuliburua argitaratu zuen 1919an.

Guztira, 44 estrofa ezberdin kantatzen dituzte. Horietako 36 bederatziurreneko goizaldeetako errondetan kantatzen dira, eta gainontzeko zortziak, 24ko eguneko errondan. Koplen doinua ere ez da beti bera izaten. Lehen lau gauetan doinu bat erabiltzen dute; beste bost gauetan, beste bat; eta 24ko eguneko errondan hirugarren batekin kantatzen dute, “besteak baino alaiagoa, Jesusen jaiotza ospatzeko”.

Goizaldeko errondetan zazpi aldiz errepikatzen dituzte 36 estrofak, bukatu ahala berriro hasten direlako. Kantatzeko modua halakoa izaten da: bakarlari batek hasten du estrofa, eta gainontzekoek bukatzen dute. Lauzpabost bakarlari ibiltzen dira, txandakatuz. Aurten, sei dira: bost gizonezko eta andrazko bat. Iaz estreinatu zen andre bat bakarlari lanetan, baina soilik estrofa batzuetan aritu zen. Aurten, bakarlari txanda osoa beteko du. Dena den, ez da andreek parte hartzen duten lehen aldia. Are gehiago: taldea gaur egun osatzen duten 70 bat lagunetatik erdiak pasatxo emakumeak dira.

Etorkizuna bermatuta

1960ko hamarkadan hartu zuen parte lehen emakumeak Gernikako errondetan. Azkarateren esanetan, hamarkada zaila izan zen hura Marijesientzat. “Gizonezkoen errondak izan dira historikoki; lauzpabost ateratzen ziren, eta dirua biltzen zuten. 1960ko hamarkadan, tradizioa eteteko arriskuan egon zen. Baina jende gaztea sartu zen, eta aurrera egitea lortu zuten”.

Gaur egun etorkizuna bermatuta dutela iruditzen zaio, jende gaztea ere badagoelako taldean. Eta urtero sartzen zaie berriren bat, lekukoa hartzeko prest. Urtean zehar lo egoten da Gernika-Lumoko Marijesietako abesbatza. Urtean hilabetez elkartzen den gernikar talde bat da, azken batean. Azaroko azken barikuan dute beti lehen hitzordua: antolaketarako bilera izaten da. Orduan erabakitzen dute nortzuk izango diren bakarlariak, noiz egingo duten entsegu nagusia… Izan ere, egun bakarrean entseatzen dute. “Urteak dira Marijesiak abesten, eta buruz dakizkigu. Egia esan, herri osoak ezagutzen ditu kopla hauek. Badago konplizitate bat gure eta gernikarren artean. Nahiz eta ikusi ez, badakigu leihoaren atzeko aldetik entzuten izaten ditugula gauero”.