Fosterren Bilbo

Fosterren Bilbo

Ibai Maruri Bilbao

Duela urte bi iritsi zen Miguel Zugaza, bigarrenez, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaritzara. Berehala esan zuen museoa zaharberritzeko premia ikusten zuela, eta eraldaketa fisikoa ere izan beharko zela. Eraikina egungo eta etorkizuneko premietara egokituko duen proiektua hautatzeko nazioarteko lehiaketa bat egin dute aurten, museoaren 110. urteurrena ospatu den urtean, hain zuzen: Norman Foster arkitekto ingelesak handituko du. Bizkaiko hiriburuari estu lotuta dago Foster; Bilbo modernizatu eta eraldatu zuen metroari, zehazki. Hark diseinatu zuen, eta geltokietarako kristalezko sarbideek Fosterito izena dute, haren omenez.

Egungo eraikinak dituen metro koadroetatik 2.250 berrituko dituzte, eta beste 5.140 gehituko dituzte; 18.658.200 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta 2022. urtearen amaierarako bukatu nahi dituzte. Datorren urtean dira hastekoak. Proiektua hautatzeko lehiaketa martxan jarri zutenean hilabete batzuez museoa itxi egin beharko zela iragarri zuten arren, Fosterrek eta bere taldeak diseinatu duten proiektuari esker, azkenean, obrek iraun bitartean ere zabalik mantentzeko aukera egongo da.

Zugazaren esanetan, Norman Fosterrek ondutako proiektuak museoaren “ikusgarritasuna” handituko du, baita eraikinaren “funtzionaltasuna” hobetu ere. “Gaur egungo eraikinaren gainean igerian egongo den areto handiarekin identitate berri bat hartuko du museoak, eta, era berean, ibilbideak eta espazioak hobetuko ditu: sarrera nagusia berriz kokatuko da sorreran ezarritako tokian, lehen solairu osoa bateratuko du, eta, gainera, museoaren Arriaga plaza atrio handi bat bihurtuko da”.

Museoaren eraikin zaharraren ate nagusia, Euskadi plazara begira dagoena, zarratuta dago gaur egun, ondoren eraikitako kristalezko eraikin modernoan baitago sarbidea. Hori da, besteak beste, handitzearekin aldatuko den elementu nagusietako bat. Euskadi plazarekin lotuko da museoa, eta trafikoan ere aldaketak eragingo ditu. “Casilda Iturrizar parkea handitu egingo da: gaur egun Euskadi plazan dagoen biribilgunea parkearekin lotuko du”.

Zuloak estaltzen

Leku faltarena ez ezik, beste bi hutsune historiko ere badaramatza museoak aspaldian arrastaka: lau urte igaro ditu bere bildumarako artelanak erosteko diru sail berezirik izan gabe, eta nabarmena da betidanik andre artisten lanekiko izan duen arreta falta. Bi zulo horiek betetzen joateko borondatea azaldu du Zugazak. Aurten eman dituzte lehen pausoak. Besteak beste, Adolfo Giarden, Paul Gauguinen eta Nikolas Lekuonaren hainbat artelan erosteko baliatu dute erakunde publikoek 2019rako bideratutako 300.000 euroko poltsa. Aldi berean, andre artisten lanak erosteko ildo berezi bat ere ipini dute martxan aurten, eta, besteak beste, Isabel Bakedano, Elena Mendizabal eta Miren Arenzanaren obrak erosi dituzte hari esker.