Bakea iritsi da metalera

Bakea iritsi da metalera

Imanol Magro Eizmendi

Industrian akordioaren urtea izan da, argazki historikoa utzi duena. Bizkaiko metalgintzako 58.000 langileek —48.000 gizon eta 10.000 emakume— lan itun berria dute zortzi urte geroago. 34 bilera egin ondoren, FVEM Bizkaiko metalgintzako enpresen federazioak eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordioa adostu zuten azaroaren 27an, eta, eragile bakoitzak bere barne bozketak egin ondoren, berretsi egin zuten astebete geroago. ELA sindikatuak, berriz, ez zuen onartu. Sektorean ordezkari gehien dituen sindikatua da (%41,58), baina ez akordioa blokeatzeko adina.

Borroka urtea izan da Bizkaiko metalgintzan, eta lan ituna sinatzea azken ataleko ezustea izan da. FVEMek eta sindikatuek aurreakordioa adostu zutenean, zortzi greba egun deituta zeuden; aurrez, hamar eginak zituzten: bost maiatz-ekainean, eta beste bost irailean eta urrian. Greba horietan mobilizazio jendetsuak eta protesta ekitaldi entzutetsuak egon dira. Hein handi batean, lau sindikatuek maiatzaren 10ean plataforma bateratua egitea adostu zutelako. ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk elkarrekin negoziatzea erabaki zuten, eta eskakizun bateratuak aurkeztea. Patronalak berak onartu du pauso hori erabakigarria izan zela negoziazioekin aurrera egiteko.

Udaberriko greben aurreko eta osteko negoziazioek, baina, ez zuten fruiturik eman. Bi aldeek elkarri leporatu zioten pauso txikiegiak ematea eta bete ezinezko eskakizunak egitea. Udan bi aldeen arteko harremanak egon ziren, baina ez negoziazio formalik. Urri hasieran bost eguneko greba egin zuten berriz. Ohikoa denez, sindikatuek eta enpresariek parte-hartze datu oso ezberdinak plazaratu zituzten. Hainbat enpresatan istiluak eta kalteak egon ziren, eta FVEM negoziazioak uztekotan egon zen.

Lan Harremanen Kontseilua izan da bilera guztien jokalekua, eta urri amaieran sindikatuak izan ziren patronalari bilera erronda berria eskatu ziotenak. Azarorako ezarri zuten negoziazio egutegia, eta, lehen bost bileretako joera antzua ikusita, zortzi eguneko greba deialdia egin zuten azaro amaiera eta abendurako. Jarrerak “oso urrun” zeudela adierazi zuten sindikatuek, puntu jakin batzuetan bereziki.

18.400 euro gutxienez

Grebei berriz ekin aurreko azken bileran askatu zen korapilo historikoa. Patronalak subrogazio eskubidea onartu zuen kontratu publiko eta mantenu lanetan; sindikatuek, aldiz, aldi baterako lan enpresei mugarik ez ezartzea. Lan hitzarmen berriarekin, soldatak ere eguneratu dituzte —2011 eta 2018 arteko KPIak igo dituzte, eta %2,5 gehitu—, eta metaleko langileek 18.400 euro jasoko dituzte gutxienez, hamalau soldatatan banatuta. Soldata aldaketa handiena, halere, 2003ko hitzarmenarekin jarraitzen zuten langileek nabarituko dute, haiek 5.012 euro gehiago jasoko baitute. Beste lorpen deigarrienetako bat laneko osasun arazoak aztertuko dituen batzorde mistoa sortzea da.