Posible DA!

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Telecincon ikusten genuen Heidi. Gaztelaniaz aritzen zen, baina euskalduna zela uste nuen. Edo hobe esanda, ez nuen uste Heidi euskalduna ez zen beste ezer izan zitekeenik. Baserria, txakurra, zuhaitzak eta mendiak zituen inguruan, eta guk ere bai. Antzeko zerbait gertatzen zitzaidan panpinekin ere. Etxeko panpina iledun zein ilebakoak ere euskaldunak ziren. Berdin zuen paparrean love idatzia izan edota amamak Kanarietatik ekarria izan. Beti ziren euskaldunak. Guk euskaraz jolasten genuen beraiekin eta elkar ulertzen genuen.

Garai hartan barruan zerbaitek krak egin zigula akordatzen naiz gure osaba baten bikotekidea aurkeztu zigutenean. Euskararik ez zekien jendez inguratuta bizi ginen, baina gure senideen artean denak ziren euskal hiztunak, eta osabaren bikotekideak ez zekien euskararik. Ezagutu genuen lehen egunean gaztelaniaz hitz egiten zigula oroitzen dut, eta guk berba solteekin erantzuten geniola hanka sartzeko beldurrez. Harrituta bezain estu aritzen ginen berarekin berbetan.

Apur bat koxkortu nintzenean, euskal dantzen aitzakian herriz herri aritzen ginen Durangaldean dantzan. Igande osoko plana izaten zen eta zegokion herriko dantza taldeko beste umeen etxeetara joaten ginen bazkaltzera. Ume irekia nintzen, berbaldaua, baina beldur izaten nintzen ea egokitutako etxekoek euskararik jakingo ote zuten. Gure amaren laguntzaz erraz aurkitu genion estutasunari bidea: gaztelania ama hizkuntza zuen dantza-kide batekin batera joatea egokitutako etxera. Era horretan, zegokion etxekoek gaztelaniaz baino ez bazekiten izango nuen alboan ondo moldatuko zen norbait. Gerora pentsatu izan dut nik gaztelaniarekin sentitzen nuen segurtasun eza sentituko zuela beharbada nire kideak etxe euskalduna egokituz gero. Eta, agian, horregatik aritzen ginela biok beti batera herriz herri eta etxez etxe.

Harrezkero hasi nintzen ohartzen nire kidearen gurasoek euskararik ez jakitea bezain ohikoa zela nire izeko berri hark euskaraz tutik ere ez jakitea. Konturatu nintzen euskararekiko nuen loturaz, zeinen barneratuta nuen, zeinen euskalduna zen nire inguru hurbila, eta hortik kanpo euskara ez neukala bermatuta; are gehiago, gaztelania zela bermatuta neukana.

Joan den astean amaitu berri den Durangoko Azokan ere berriro izan dut antzeko gorputzaldia. Gu eta mundua, mundua eta gu. Durango euskal kultur sorkuntzaz beteta. Bertan, ikusgai, ukigai, entzungai eta irakurgai izan genituen ehunka obra gunez gune. Durango euskal hiztunez beteta, gure txikian gehiengoa izatearen sentsazio hauskor horrek ematen duen zorion aparretan pasa genituen lau egun zoragarri. Euskaraz sortzen eta euskaraz bizitzen jarraitzeko argudioen eta nahien zerrenda indartzeko balio izan digu batzuei, ederra izan da.

Egunez egun, gure inguru euskalduna hedatzen eta sendotzen jarraitzea dagokigu orain. Bakoitzak bere neurrian, bere moduan, bere indarrean, bere gaitasunean… baina nik euskarari hauspoa ematen jarraitzeko indarrez ekin diot berriz ere Azoka osteko urte berriari. Posible DA!