“Gaitzagoa da hosto-zabalek su hartzea, baina artadi hektareak ere erre ziren”

“Gaitzagoa da hosto-zabalek su hartzea, baina artadi hektareak ere erre ziren”

I. Maruri Bilbao

Juan Mari Atutxa (Lemoa, 1941) Bizkaiko Diputazioko Nekazaritza diputatua izan den 1987tik 1991ra. Itzaltze lanen arduradun politikoa izan zen, eta sutez sute ibili zen astebetez. “Gogoan dut goizetan departamentura joaten nintzela, Madariaga etorbidera, Deustura. Bazkaldu eta gero, mendira joaten ginen, goizaldera arte, Bizkai osotik. Banekien nik neuk gauza handirik ez nuela egingo, baina lagundu behintzat, eta antolatzen ibili”.

Zelan gogoratzen duzu duela 30 urteko abendu hura?

Ikaragarria izan zen. Orain lasai gogoratzen dut, baina sasoi hartan kezka handia izan nuen. Datuak zehatz ez ditut gogoratzen, baina nik buruan daukat Bizkaiko baso landatuen %20tik gora erre zela astebetean. Orduan egin genituen ikerketei esker dakigu ia bederatziehun sute izan zirela. Batzuk berezkoak izan ziren, eguraldiak suteei laguntzen zielako. Leia eta elurra egon ostean, hotzak erreta, eta, ondoren, hego haizea. Beste batzuk ez ziren berez piztuak izan. Beldurgarria izan zen hura.

Zer egin zenuten egoera larriari aurre egiteko?

Neurri zorrotz eta gogorra hartu genuen. Suteetan, 20.000 hektareatik gora izango ziren erretakoak Bizkaian. Eta zerratokiek eta paper fabrikek ez zuten gura erretako arbolak aprobetxatzea; arazoak sortzen zizkielako zerratokietan egurra ebakitzerakoan, eta papera egiterakoan erreak ematen duen tinduagatik. Dekretuz debekatu genuen, gutxienez urtebeterako, pinu berdea moztea. Kexa itzelak jaso genituen, eta batzuk oso arrazoizkoak ziren. Pentsatu baserritar batek tratua egina zuela pinua botatzeko, edo konpromisoa hartuta seme edo alaba batentzat pisua erosteko, edo ezkontza bateko gastuak… Basoa horrelako gastuetarako erabili da eta.

Orduan guk laguntza batzuk onartu genituen maileguak eskatzeko, baserritarrei egoera errazteko. Zerrategiek eta paper fabrikek ez zuten beste biderik baso erreetako pinuak hartzea baino. Bestela mendian geratzea eta usteltzen hastea arriskutsua zen, ondorio kaltegarriak ekarri zitzakeelako: onddoak eta bestelako izurrite larriak eragin zitzakeen.

Esan duzu sute batzuk nahita piztuak izan zirela.

Gogoratzen dut Karrantzara joan ginen egunetako batean hamazortzi sute topatu genituela. Oso indartsuak ziren. Seguruenik, nahita piztuak gehienak, bazka larreak lortzeko. Ereñoko San Migelen ere ibili ginen goizaldez, baserriei eta laguntzen. Bizkai osoan 18-19 baserri erre ziren.

Zer ikasi zuen Bizkaiko Diputazioak sute haietan?

Mendiak garbi edukitzea beharrezkoa dela. Suebakiak edukitzea beharrezkoa dela. Baina kasu hartan egoera meteorologiko berezia izan genuen. Gehiago ez da errepikatu, zorionez. Eta ordura arte ere jendeak ez zuen horrelakorik ezagutu. Astebeteko suteak ez dira normalak. Foru aldundiak lan ona egiten du prebentziorako. Baina egia da artzainak gutxitu egin direla, ganadua gutxitu dela, eta horrek dakarrena da sasitzeak ugaritu egin direla, suteak zabaltzeko arriskua handituz. Mendiek garbi eta iristeko moduan egon behar dute, suhiltzaileek erraz eduki dezaten zelan joan.

Pinua hain zabal egoteak zer ikusirik izango zuen, zure ustez?

Ez dago zalantzarik. Pinuak askoz errazago hartzen du su, erretxina duelako. Pagoak, haritzak eta hosto-zabalek su hartzea askoz gaitzagoa da. Baina ezin da ahaztu Ereñoko San Migel inguruan artadi hektareak erre zirela. Ez zen pinua bakarrik erre. Hor gero berpiztu egin da artea. Foru aldunditik kontratatutako beharginek ipurditik moztu zuten, eta berriz erne zuen, eta gaur egun eder-eder dago, berde-berde.