Peru Azpillaga Diez
Gau Irekia jaialdiak mota guztietako kultur jarduerak bilduko ditu bihar San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako hirurogei gunetan. Jaialdiak Bilboko Auzo Garaietako aberastasun kulturala du oinarri, eta mota guztietako proposamenez osatutako egitarau bat atondu du. Horretarako, prozesu parte hartzaile bat izan dute oinarri, eta, horri esker, ehundik gora ikuskizun, tailer eta kontzertu eskainiko dituzte Sarean elkarteak gidatutako egitasmoan.
“Sarean elkartearen asmoa betidanik izan da auzoan lan egiten duten artista eta kulturgileak batzea eta mugimendu saretu bat osatzea”, azaldu du Sandra Amutxastegi Sarean elkarteko kideak. Erantsi du mugimenduak elkarbizitza sustatzea eta hobetzea duela helburu, eta hori lortzeko auzokideen parte hartzea eta inplikazioa lortu nahi dutela.
“Sarean proiektua 1980ko hamarkadan jarri zen martxan, baina momentu batean espaziorik gabe geratu zen; 2012. urtean, hain zuzen ere”. Orduan, Bilboko Udalarekin harremanetan jarri bitartean, lan egiteko “gogoa” zegoela ikusita, eta auzoko gainontzeko elkarte eta eragileekin zuten harremanari esker, auzo guztia batuko zuen jaiegun bat antolatzea erabaki zuten. “Egun horren bidez, auzo honek duen bizitzari ikusgarritasuna eman nahi zitzaion; guztion arteko elkarlana sustatzea eta benetan kale hauetan dagoen aberastasuna balioestea”, zehaztu du Amutxastegik.
Hari horretatik tiraka, Gau Irekia parte hartzean oinarrituta eraiki dutela azaldu du Sarean elkarteko kideak. “Kultura parte hartzailea da gure esentzia. Jaialdia izugarri hazi da lehenengo urtetik hona”. Aitortu duenez, aurten hainbestekoa izan da jasotako proposamen kopurua, batzuk baztertu egin behar izan baitituzte. “Lehenbiziko aldia da ezin ditugula proposamen guztiak egitarauan sartu; normalean, denei egiten diegu tokia, baina oraingoan gehiegi jaso ditugu”, esplikatu du Amutxastegik. Azken finean, sare zabal bat izan arren, Sarean elkarteak du egitasmoa aurrera ateratzeko ardura, eta, beraz, gaitasuna ere mugatua dela adierazi du.
Gau Irekia antolatzeko orduan, proposamenak jasotzeko deialdi ireki bat egiten da, eta artistek eta kolektiboek bertara igortzen dituzte ideiak; hots, kultura parte hartzailearen ideiari jarraituz osatzen dute egitarau guztia: “Badira espaziorik ez baina ideia andana dituzten artistak eta kolektiboak; orduan, gu, espazioekin harremanetan jarri, eta egitaraua atonduz goaz pixkanaka”. Metodologia horren bidez, gainera, ehun jarduera baino gehiago izango dituen egitarau bat osatzeaz gain, auzoko eragileen arteko konexioak lantzen dituztela deritzo. “Horrek ekarpen handia egiten dio auzoari”.
Amutxastegik azpimarratu du Auzo Garaietan mota guztietako adierazpide artistikoak lantzen dituzten proposamenak topatu daitezkeela: performanceak, zenbait herrialdetako dantza tradizionalak, dantza garaikideak, antzerkiak, erakusketak… “Denetarik biltzen saiatzen gara, kontzertuetatik hasi eta tailer praktikoetaraino”. Ohartarazi duenez, ezinezkoa da programazio osoa ikusteko aukera izatea, proposamenek auzo guztia betetzen dutelako, eta orduero dagoelako eskaintzaren bat. “Aldarrikatu nahi den ideia nagusia auzoaren aniztasuna eta bizitza bera dira”. Gau Irekiak agerian uzten du, beraz, elkarlanean eraikitzea posiblea dela: “Egitasmo kultural bat da, baina erakusten du denon artean ere elkarbizitza eraiki dezakegula”.
Kultur ekintza horiek guztiak San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako hirurogei gunetan sakabanatuta izango dira. “Auzoko elkarteentzat ere Gau Irekia egun erreferente bat da, denon arteko ospakizun bat”. Sarean elkartetik antolatzen den arren, Amutxastegik argi utzi du lan “itzela” dagoela atzetik: “Gau Irekia urtean zehar egindako lanaren eta garatutako proiektuen emaitza da, auzoaren berezitasunaren isla; hau da, elkarteen arteko harremana eta auzokideen elkarbizitza oinarri dituen jaialdi bat”.
Hortaz, gauza “isolatu” baten moduan ulertu beharrean, urte osoan ekoizten diren harremanei eta elkarbizitzari esker soilik antola daitekeen jaialdi bat dela gogorarazi du. “Eskaintzaz gain, oso polita da auzoan lan egiten duen elkarte bat lokalean sartu ahal izatea eta gure auzoan dauden proiektuak ezagutzea; ez da soilik eskaintza dagoela, baizik eta tokiak ere ezagutzeko aukera ematen duela”.
Horrekin batera, jaialdiarekin urte osoan jarraitzeko, Sarean-eko kideek Luzatu Gau Irekia egitasmoa jarri zuten martxan. 2018ko edizioan jaio zen ideia, eta, iazko arrakastaren ostean, aurten ere mantentzea erabaki dute. “Konturatu ginen ospatzeko egun bakarra izatea polita den arren nahiko murriztua zela”.
Hala, Gau Irekia baino hiru hilabete lehenago, hiru proiektu jartzen dituzte martxan, eta horien emaitza Gau Irekian bertan aurkezten dute. La Nave, Zimenduak eta Sanfran Mahaira! dira aurtengoak. La Nave auzoko umeei bideratuta dagoen proiektu bat da, hezkuntza eta artea uztartzen dituena. Zimenduak performance bat da, Auzo Garaietako Emakumeen Etxearen inguruko sormen prozesu bat biltzen duena. Eta Sanfran Mahaira! Auzo Garaietan gastronomiari lotuta egin diren egitasmoen dokumental bat da, sukaldeak integraziorako duen garrantzia balioesteko helburua duena.