“‘Nao Victoria’-rena da egin dudan maketarik handiena”

“‘Nao Victoria’-rena da egin dudan maketarik handiena”

Nerea Bedialauneta Alkorta

1519an Munduari lehen bira eman zion Nao Victoria ontziaren maketa egin du Gabriel Arrizabalaga Larrinagak (Ondarroa, 1953). Tamaina ikusgarria duen maketa Ondarroako Turismo Bulegoan dago jarrita.

Bost hamarkada inguru daramatzazu itsasontzien maketak egiten. Zelan bururatu zaizu Nao Victoria egitea?

Duela hiru bat urte, Iñas Urrosolo harremanetan jarri zen neu ere kide naizen Ondarroako Astilleru itsasontzi modelismorako elkarteko kide batzuekin, eta Nao Victoria-ren maketa egiteko proposatu zidaten. Itsasontzia herrikoa zenez, zer edo zer berezia antolatzeko asmoa zuen Urrosolok. Beti Ondarroagaz lotura duten itsasontzien maketak egin izan ditut, eta horregatik onartu nuen proposamena. Julian Diaz Alonso ondarroarrak idatzitako Sangre y especias: El secreto de la Nao Victoria liburuaren arabera, hementxe, Ondarroako ontziola batean egin zuten Nao Victoria ere.

Duela 500 urte egindako ontziaren maketa egiteko orduan zelan moldatu zara?

Ez da lan erraza izan. Lehenengo eta behin, maketa egiteko planoak lortu behar izan ditugu. Ondarroako Historia Zaleak elkartearen bidez, Nao Victoria fundazioagaz harremanetan ipini ginen, baina, egia esan, haien aldetik ez genuen laguntza handirik lortu.

Eta hori zer dela eta?

Euren aldetik eragozpenak besterik ez digute ipini. Denbora luzez zain egon arren, maketa egiteko orduan berezibiziko garrantzia duten itxura plano bat bera ere ez digute bidali. Erreplikaren itxura plano bat eskatu genien, baina ez ziguten eskatutakoa bidali; bidali dizkiguten dokumentuak ez dira eskatutakoak izan.

Eta itxura plano gabe zelan moldatu zarete?

Garai hartako ontzi baten itxura plano bat lortu genuen Interneten, baita erreplikaren hainbat argazki ere. Osagai horiekin guztiekin Iñaki Arantzamendik Nao Victoria-ren erreplikaren itxurara asko hurbiltzen den hiru dimentsiotako itxura planoa sortu zigun. Horri esker, maketa egitea lortu dugu.

Itxura planoa lortuta, noiz hasi zinen lanean?

2017ko azaroan hasi nintzen, eta bederatzi bat hilabetetan amaitu nuen lana. Normalean baino denbora gehiago behar izan dut. Egia esan, erronka handia izan da niretzat.

Aspaldi amaitu zenuen, beraz. Non egon da denbora tarte horretan maketa?

Hainbat hilabetez bodega baten gordeta eduki dugu. Baina, zoritxarrez, hezetasunaren eraginez, lizuntzen hasita zegoen. Maketa hondatuko zelakoan, kezkaturik negoen, eta Yolanda Burgoa turismo bulegoko arduradunagaz topo egin nuen egun baten. Turismo bulegoan ikusgai ipintzeko proposatu zidan, eta lekua aprosagoa zela irudituta, hona lekualdatu genuen duela hiru aste.

Bestelako ontzi batzuen maketak egitera ohituta zaude. Maketa honetan zelan moldatu zara?

Ez nago horrelako gauzak egitera ohitua. Halan eta guztiz ere, ondo moldatu naiz. Itxura plano on bat edukiz gero, planoak eskatzen dizuna jarraitu besterik ez da egin behar. Alde horretatik, ez dago aldaketa nabarmenik.

Maketa egiteko orduan laguntzarik eduki duzu?

Laguntzaile asko eduki ditut: modelismo elkarteko Bittor Muñiz, Isidor Antxustegi harotza, Jesus Mari Agirre…

Maketa osatzeko pieza guztiak zuek sortu dituzue?

Egurra, sokak, oihalak… oinarrizko materialak erosi, eta banan-banan geuk eraldatu ditugu, era tradizionalean. Pieza gutxi batzuk, kanoiak esaterako, ezin eginda ibili gara, eta hiru dimentsioko inprimagailuan egin ditugu.

Zer egur erabili duzue?

Gaztainondoa, haritza… erabili ditugu, eta horri guztiari kolorea emateko tinta beltza erabili dugu. Kroskoko marrak, ostera, tinta gorriarekin margotu ditugu.

Belak ere eskuz egin beharko zenituzten…

Sei bela ditu denetara, eta belak mugitzeko txirrikak eta gainontzeko material guztia ere guk egin dugu eskuz. Txirrika gehienak Bittor Muñizek egin ditu, denak ere eskuz. Bateren bat hiru dimetsioko inprimigailuan ere sortu dugu. Belak, lehenengo, zuriak egin genituen, baina adituek artxiboetatik lortutako informazioaren arabera, antza denez, okre gorria eman zieten Nao Victoria-ko belei, eta geuk ere okre gorria erabili dugu. Belak, gainera, era berezian ipini ditugu.

Zer eratara?

Haizeak puztuta egongo bailiran irudikatu nahi izan dugu. Oihalak kola zuriagaz gogortu ditugu, eta alanbrea ere erabili dugu.

Maketa non egin duzue?

Elkartean egin dugu dena, hasieratik amaierara. Maketa leku berean egitea da komenigarriena, ontziola batean modura.

Burukomin eta lan dezente eskatu dizue proiektuak.

Lan asko dago atzetik. Ordu asko sartu ditugu bederatzi bat hilabetetan. Gutxienez, egunean sei bat orduz ibili nintzen lanean. Egun batzuetan zortzi ordu ere bai.

Gaztetatik maketak egiten ibili ondoren, proiektu hau zailena izan dela esango zenuke?

Duda barik, proiekturik zailena Nao Victoria-rena izan da. Erronka handia izan da. Zailena ezeze, Nao Victoria-rena egin dudan maketarik-eta handiena izan da; luzeran 1,35 metro inguru ditu, eta garaieran, 1,50 metro. Ohituta nagoena baino eskala handiagoan egin dut; 1:18 eskalan. Normalean, eskala txikiagoan egiten ditut maketak; 1:50, 1:35… Orain arte eginda nuen handiena 1:35 eskalakoa zen.

Nao Victoria iaz amaitu zenuen. Baduzu beste proiekturik buruan?

Gure familian egon zen Segundo Bienvenida baxurako egurrezko arrantzontziaren maketa egiten nabil orain. Opari bat izango da. 1950ean egin zuten osaba Domingoren ontzia. Aitonak aurretik Bienvenida ontzia eduki zuen.

Eta zelan doan maketa?

Amaitzear nago. Koasta ez du ontziak duen lakoxea. Egiten ari naizenak koasta zer edo zer zorrotzagoa du.