Kultura askorentzako hauspoa

Kultura askorentzako hauspoa

Natalia Salazar Orbe

Inkongruentzia irudi liteke anglizismoa den berba batek mundu zabaleko herrien jakintza jasotzea. Folklore hitzak, izan ere, herri batek bereak eta berezkoak dituen ohitura, literatura, sinesmen, kondaira eta dantzak jasotzen ditu, besteak beste. Elementu horiek ez ezik, horien transmisioa ere barne hartzen du folkloreak. Lan horretan harri koskor bat jarriko du Barakaldok aurten ere. Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako folkloreei egingo die lekua Herrien arteko Folklore Jaialdian.

Hogei urtetik gorako ibilbidea egin du jaialdiak. 23. aldia dute aurtengoa, eta azken urteetan eskema finkoetatik ihes egin dute antolatzaileek. “Duela urte batzuk gainditu genuen dantza eta musika soileko asteburu bakarraren formatua, kultur hamabostaldiaren eskemara lerratzearren, eta horrek bide erosoa ematen digu folklorearen alderdi asko ukitzeko”. Aitor Gorostizaren hitzak dira. Jaialdia antolatzen duen Ibarra-Kaldu elkarteko kidea da bera.

Gaur, bihar eta etzi, ekitaldi nagusitzat hartu ohi diren musika eta dantza saioei ekingo diete. Musika eguna dute gaurkoa. Bi itsaso lotuko dituzte. “Atlantikoa eta Mediterraneoa lotuko ditugu, tresna bat hainbat modutan erabil daitekeela erakutsita”. Erabilera asko dituen tresna hori gaita da. “Kulturaren bereizgarri nagusia ez baita tresna bera, baizik eta tresnarekin zer egiten dugun”. Erakustaldia egingo dute Galiziako gaita ezagutaraziko duen Ceo do Sil eta Pollençako (Mallorca, Herrialde Katalanak) Xeremiers Orats taldeek. “Azken horrek Mallorcako musika tresna tradizionalak ezagutaraziko dizkigu: xeremia, hango xirolarru edo kornamusa, eta flabioi deritzon txirulatxoa, danbolin batekin batera jotzen dena”.

Herrialde Katalanetakoak izango dira Dantza Eguneko protagonistetako batzuk ere. Bi talde gonbidatuak handik iritsiko dira. “Bata, Pirinioetatik, Aran ibarretik; eta bestea, kostaldetik, Tarragonatik”. Hain zuzen, bihar ikusi ahalko dira Vielhako Colha de Santa Maria de Mijaran eta Esbart Dansaire taldeak.

Ikusezina, ikusgarri

Bestelako datu bat nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. “Jaialdiaren historia osoan lehen aldiz izango ditugu aldi berean gaztelaniarekin ofizialkideak diren estatuko hizkuntza guztiak gurean”. Euskara bertako taldeek ordezkatuko dute; galegoa, Ceo do Sil taldeak; eta katalana, Mallorcako eta Tarragonako taldeek. Horiez gain, aranera ere izango dutela azpimarratu dute. “Guretzat balio erantsi ikaragarria du aurtengo jaialdiak alde horretatik. Beste kulturak ezagutarazteko aukerak urrunago eramango ditugu, ikusezin bihurtu nahi dutena ikusgai jarriko dugu”.

Ibarra-Kaldu izango da Euskal Herriko ordezkaria. Urtero legez, aurten ere gai baten inguruan emango dute ikuskizuna. Batetik, Axuri beltza dantza sortu zeneko 50. urteurrena bete dela gogoraraziko dute. “Folklorean tradizioa eta sorkuntza ondo ezkondu eta errotu daitezkeela aldarrikatzeko, Jose Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik sortutako bi dantza eskainiko ditugu”. Emakumeak dantzaren munduan izan duen lekuari buruz joan den astean Oier Araolazak eman zuen hitzaldiari lotuta dago Barakaldoko taldeak landuko duen bigarren gaia. “Emakumearen bazterketa eta berdintasunaren aldarrikapena irudikatzen duten dantza batzuk eskainiko ditugu”.

Saio horiek guztiak Barakaldon egingo dituzte. Igandean,berriz, Urduñara eramango dute jaialdia. Duela hogei urte hasi ziren Kanpoko Eguna deritzotena jaialdiaren amaieran txertatzen. Urtero aukeratzen dute Bizkaiko herri bat, “ahal dela, kultur periferia geografikoan, jaurerriko kulturgintzaren erdigunetik hurbil bizi garenok zer konpartitu baitaukagu gure besteko eskaintza zabala ez daukaten udalerriekin”. Horrez gain, aukera ematen diete tokian tokiko taldeei haien herrietako programazioetan eta kultur bizitzan protagonismoa har dezaten, “haien irudia eta estatusa sendotzeko”.

Urduñara lehenengoz joango dira. Bertako Erauntsi taldeak ere parte hartuko du emanaldian, eta talde gonbidatuen anfitrioi lanak ere egingo ditu.

Jaialdiaren ekitaldi nagusitzat jotzen direnak asteburu honetan egin arren, aurreko astea ere emanaldiz bete zuten. Folklorearen denetariko alderdiei heltzeko lanetan aritu ziren. Folklorea herritar guztiengana gerturatzeaz gain, haiek ere protagonista egin nahi izan dituzte aurtengo jaialdian, besteak beste, kantu poteoaren bidez. “Folklorea ikusteko edo entzuteko soilik ez delako, egiteko ere badelako”.

Bestalde, haurrak ere izan dituzte kontuan. “Txotxongiloak izan genituen folklorea umeei hurbiltzeko, narrazioaren eta antzerkiaren bidez”. Horrez gain, bi argazki erakusketa egin dituzte: “Bata, ohikoa, bisitan datozkigun taldeen kulturak ezagutzera ematen dituena. Bestea, Barakaldoko eta gure auzoko argazki zaharrez osatua, gure herriaren iragana ezagutarazteko”.

Manu Orbek eta Luki Gomezek, argazki zaharren erakusketa horrekin lotuta, hitzaldi bat egin zuten joan den astean. “Gure herriko memoria kolektiboko ipuinak, txisteak, esamesak eta pasadizoak kontatu zituzten, horiek ere hartzen baititu folkloreak bere barnean, eta nortasun bateratu bat osatzen laguntzen baitute”.

Oier Aranzabal, berriz, emakumeak euskal dantzan izan duen lekuari buruz mintzatu zen. “Topiko askoren oinarririk eza agerian utzi zuen: aspalditik sinetsarazi digute emakumeak rol pasiboa izan duela tradizioan; dantzari izan beharrean, dantzatua izan dela, besteak beste. Hori guztia asmatutako gezur bat da, garai jakin bateko debeku eta eragozpenen emaitza. Emakumeek izan dute garrantzia euskal dantzetan; ez nolanahikoa, gainera”. Hala aztertu du Aranzabalek, lantzen ari den tesian.

Ertz horiek guztiak ditu aztergai jaialdiak. Eta, beti bezala, bertsolaritzari ere lehen mailako lekua eman diote. Batetik, euskaldunen zaletasuna sustatzeko. Baina, bestetik, bertsoa “erdaldunei ere” hurbildu nahi diete, “komunikazio bide ere badela ikus dezaten, ez zerbait sinboliko edo testimoniala. Mundu hori ezagutu barik zerbait galtzen dela sentiarazteko. Ezagutzeko eta ikasteko beharra sentiarazteko”.