June Prieto
Mungia BHIko ikasleek Aitita-amamen guda zibila liburua idatzi dute, Miren Billelabeitia euskara irakaslearen laguntzaz. Nerabeek beren aitita-amamek 36ko gerrari buruz kontatu dietena idatzi dute, eta egiazko 41 bizipen aukeratu dituzte lana osatzeko. Erein argitaletxeari esker, liburua Durangoko Azokan aurkeztuko da, gaur.
Irakasleak azaldu duenez, Literatura ikasgaian lantzeko ariketa batekin hasi zen liburuaren ideia: “Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok lantzen dut ikasleekin, eta eleberrian fikzioa eta errealitatearen arteko bereizketa ikusteko ariketa bat bidali nien”. Aitita-amamei 36ko gerran bizitakoaz galdetzea zen ariketa, hain zuzen.
Bi urte eman ditu Billelabeitiak ikasleen lanak jasotzen eta zuzentzen. Olaia Cancelo Mungia institutuko ikasleak liburuko Hilobi bat euskaraz pasartea idatzi du. Gogora ekarri du bere familiari gaiari buruz galdetu zion momentua: “Bazkalostean jarri ginen borobilean, eta amamak istorio bat kontatu zidan; izekok, birramamari entzundako beste zer edo zer”. Ikasle batzuen kasuan lehenengo aldia izan da haien familiako kideekin gerrari buruz hitz egin dutela, eta harriduraz entzun dute aitita-amamek kontatzeko daukatena.
Ander Villarrek ere bere birraititarengana jo zuen 36ko gerrari buruz jakiteko: “Nire birraitita Bermeon bizi da, eta aitzakia ona izan zen bisitan joateko. Gerra garaian bera oso txikia zela azaldu zidan. Bonbardaketak sufritzen ez zituzten arren, mendi aldekoak ikusten zituztela kontatu zidan. Itsasontzi bat ere bazeukaten, eta noizbait laguntza emateko baliatu zutela ere esan zuen. Solasaldiaren aurretik pentsatu nuen soilik nire birraititak iraun zuela, baina, berarekin hitz egin eta gero, jakin nuen beste batzuk ere salbatu zituela”.
Saizarbitoriaren laguntza
Kontakizun horietatik sortutako idazlanekin egin zuten Aitita-amamen guda zibila liburua. Saizarbitoria idazleak bultzada eman ziola azaldu du irakasleak: “Haren liburua landu eta gero, Saizarbitoriak hitzaldi bat eman zuen institutuan; bertan, ikasleen idazlanak irakurtzeko nahia helarazi zidan. Bera izan zen animatu gintuena Erein argitaletxearekin kontaktuan jartzera”.
Literatura eta hezkuntza bateratu ditu Billelabeitiak, praktikan jarriz ikasgelan ikasitakoa. Ideiaren jatorria literarioa dela azaldu du Billelabeitiak: “Irakurketa eta idazketa landu ditugu ariketa honekin, zelan kontatu beste norbaitek kontatutakoa”. Soilik bi baldintza jarri zizkien irakasleak ikasleei: testuan idazten zena egiazkoa izatea eta 400 hitz baino gutxiagoko idazlana izatea.
Ikasitako guztia baliagarria izan dela nabarmendu dute ikasleek. Cancelo: “Memoria historikoa dokumentaletan ikusten dugu. Liburua egin eta gero, konturatu gara gerren atzean pertsonak badaudela, izen-abizenekin. Ikasleen familiei gertatu zitzaizkien gauzak ere jakin izan ditugu honi esker”.
Halere, egun eskolaz kanpoko proiektua bilakatu da Mungia BHIko ikasleentzat, eta kontzientzia berezi bat garatu dutela azaldu du Villarrek: “Azken finean 36ko gerra ez da bakarrik Historiako liburuan agertzen den zerbait, baizik eta nire aititak bizi izandako zerbait”.