Gaur jaieguna da, egun handia

Igor Elordui Etxebarria

Finlandian. Gaur jaieguna da, egun handia, Finlandian. Gogaituta nauka Espainiako Konstituzioaren egun honek; gogaituta nauka Espainiako Konstituzioak; gogaituta naukate Espainiako politikak eta politikariek; gogaituta nauka Espainiak berak; eta gogaituta, Espainiari begira ari diren gure zenbait politikok, alderdik, erakundek eta abarrek. Hain modutan gogaituta, ze emankorragoa deritzodan Finlandiari buruz berba egiteari. Eta atera bitza nork bere konklusioak.

Bai. Gaur jaieguna da, egun handia, Finlandian. Gaurko egunez 1917an Finlandiak independentzia eskuratu zuen. Urte horretan, hilabeteak lehenago, martxoan, boltxebikeak heldu ziren gobernura Errusian, eta herrien autodeterminazio eskubidea onartu zuten. Finlandiak —ez gorabehera gutxirekin, hori egia da—, hori baliatu eta independentzia aldarrikatu zuen 1917ko abenduaren 6an. Gaurko egunez, alegia. Eta handik urtebetera, Estatu jaio berriaren egitura erabaki zuten. Alemaniarrak saiatu ziren Finlandia monarkia izan zedin, hango errege Alemaniako enperadore Wilhelm II.aren koinatua izatea gura baitzuten: Friedrich Karl Ludwig Konstantin von Hessen-Kassel (bai, horrela, hain luze). Baina finlandiarrek errepublika izango zela ebatzi zuten, eta 1919an, euren lehen konstituzioa onartu, eta Finlandiako Errepublika baieztatu zuten. Ehun urte bete dira aurten, beraz, Finlandiako lehen konstituzioa onartu zenetik. Azkena, ostera, 2000. urtean onetsi zuten. Eta ha zelako konstituzioa, lagunok! Eskubide zibil eta politikorik oinarrizkoenak jasotzen ditu: bizitzarako eskubidea, askatasun-eskubidea, osotasun fisikorako eskubidea… Debekuak ere bai: heriotza-zigorraren debekua, torturaren debekua, giza duintasuna urratzen duen edozein ekintzaren debekua… Baina ez hori bakarrik, azken “belaunaldiko eskubideak” ere, hala baiteritze, jasotzen ditu: ingurumenerako eskubidea, atzerritarraren izaera juridikoa, emakumeen eskubideak, umeen eskubideak…

Liluratuta nauka Finlandiak. Asteon eman dituzte ezagutzera azken PISA txostenaren emaitzak (Ikasleen Ebaluaziorako Nazioarteko Programa). Ba, horren arabera, Finlandiako hezkuntza-sistemak, %95 publikoa den eta apenas etxerako lanik ez ebaluaziorik ez daukan hezkuntza-sistemak, goi-goian darraie. Eta zein izango arrakastaren gakoa eta umeen erabakitzeko eskubidea omen. Zer eta zelan ikasi umeek eurek erabakitzen dute, antza. No eta to! Erabakitzeko eskubidea umeei euren ikas-prozesuan ere aitortzen zaie!

Finlandiara-eta begiratzeko esaten digute, baina Espainiara begira ari dira zenbait politikari, alderdi, erakunde eta abar… Adolf Ivar Arwidsson historialari eta idazle finlandiarrak esan zuen: “Ezin gara suediarrak izan, ez dugu errusiar izan nahi. Izan gaitezen, bada, finlandiarrak”. Ni ezin naiz izan euskalduna, soil-soilik euskalduna, uzten ez didatenez gero; ez dut espainiarra izan nahi. Agian egingo naiz Finlandiako.