Feminismotik euskalduntzen

Feminismotik euskalduntzen

June Prieto

Mikromatxismoak, lodifobia, haurdunaldi subrogatua, kapitalismo arrosa eta feminismoarekin loturiko hainbat gai lantzen dituzte astelehenero Bilboko Bira kultur gunean. Pikara magazine aldizkariak antolatu zituen lehenengo saioak, eta orain talde autonomo gisa funtzionatzen du; horrela azaldu du June Fernandez magazin feministako kazetariak eta Berbalagun feminista izeneko egitasmo honen partaideak: “Hasi ginenetik badaude beti etortzen direnak. Horregatik, irailean, bi dinamizatzaile izendatu genituen, eta, orain, Pikara-ren rola hedapena egitea da soilik”.

2019ko maiatzean hasi ziren dinamika berriarekin, Bira gunearekin batera. Ideia aurretik sortu zen, Biran bertan eman zuten maitasun erromantikoari buruzko hitzaldi batean. “Pikara-ren proiektua birdefinitzeko prozesuan lantaldearen euskalduntze prozesu bat nahi genuela pentsatu genuen, eta horren ondorioz egin genuen euskarazko hitzaldi hori”, gogoratu du Fernandezek. Elkarlan horri jarraipena emateko nahiarekin geratu ziren bai Pikara bai Bira; Berbalagun feminista sortzea erabaki zuten orduan: “Pikara-ren helburuak beteko zituen ekintza bat zela pentsatu genuen. Alde batetik, gure euskalduntze prozesuan laguntzen du, eta, bestetik, Bilbon euskara sustatzen duen egitasmo bat sortu dugu”. Izan ere, Pikara magazine nazioarteko aldizkari bat izanda ere, lankide batzuk astelehenero joaten dira Berbalagun saioetara.

Hogei pertsona joan ziren lehenengo saiora. Partaideak jatorri eta helburu ezberdinekin joaten direla esan du Fernandezek: “Berbalagun asko txikitan euskaraz alfabetatu ziren edo heldu izanda euskaltegietan prozesu luzeak izan dituzte, eta, hala ere, euskaraz mintzatzeko orduan oso blokeatuta sentitzen dira. Beste batzuek, ordea, testuinguru formaletan euskara erabiltzen dute, baina sozializazio esparru ez-formalen falta sumatzen dute”. Bizitzako esparru diferenteetan sortzen dira segurtasun faltak: eremu profesionalean, militantean edota lagunekin eremu informaletan. Hori guztia gainditzeko asmoz, askotan geratzen dira trago batzuk hartzera Berbalagun saioaren ostean. Fernandezek aipatu duenez, saioaren beste helburu bat da euskarazko ekitaldi feministetara elkarrekin joatea.

Euskalgintzak teoria feministatik hartu du ahalduntze kontzeptua. Hala azpimarratu du Fernandezek. “Patriarkatuak emakumeon ahalduntzea mugatzen du, gure autoestimua eta gure ezagutzen autobalorazioa kaltetuz. Horrek emakumeon euskalduntze prozesua ere baldintzatzen du”. Espazio seguru bat sortuz, emakumeen ahalduntze prozesu horretan lagundu nahi dutela ere gehitu du.

Saioaren dinamika parte hartzailea da, eta saioak berbalagun guztiak seguru sentitzeko modukoak izaten dira. Konpromiso maila minimorik ere ez dago, bakoitza aske senti dadin joateko erabakia hartzen duenean. Izan ere, ez da beharrezkoa aurretik izena ematea Berbalagun feministarako. Egun solteetan joateko aukera zabalik dago probatu nahi duenarentzat, eta astero joateko aukera ez duenarentzat ere bai. Gaiei dagokienez, egunkari edo aldizkarietako artikuluetan oinarritzen dira ildoak jartzeko: “Argia-ko, BERRIA-ko, Klitto!-ko eta Pikara-ko artikuluak erabili izan ditugu eztabaidatzeko. Whatsapp talde bat dugu astelehenetan komentatzen ditugun baliabideak eta artikuluak zabaltzeko”.

‘Pikara’, euskararekin bat

Azken boladan feminismoa eta euskalgintza konektatzen dituen hainbat egitasmotan parte hartu dutela azaldu du Fernandezek. Eta berbalagun feministak ematen dituen emaitzekin pozik azaldu da. “Berbalagun feministarekin euskalgintzari eta feminismoari ekarpen bat egiten ari garela sentitzen dugu Pikara-n”.