Ibai Maruri Bilbao
“Sarritan ibiltzen gara alboetara begira, urrunera begira, nor omendu dezakegun, eta ahaztu egiten zaigu gehienetan etxe barruan ditugula ereduak”, aitortu du Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak. “Gure zerbitzuek kalitatea bermatzeko ezinbestekoa da zerbitzua euskaraz ere eskaintzea. Administrazioak herritarren zerbitzura daude, eta ezin dugu ahaztu herritarrak eskubide osoa daukala nahi duen hizkuntzan artatua izateko”. Horregatik, Lauaxeta Sarien 15. ekitaldian, Bizkaiko Foru Aldundiak bere etxe barruan euskararen erabilera sustatzeko mikroplanei eman die ohorezko saria, EraMia izenekoei. Mikroplan horietan parte hartzen ari diren langileek jaso dute. Joan den astelehenean banatu zituzten sariak, Foru jauregian.
Sergio Alfonso Garcia da behargin horietako bat: “Bizkaiko Foru Aldundiaren langileontzat, funtzionario izanik, betebeharra da Bizkaiko gizarte elebidun honi zerbitzua ematea. Eta ez bakarrik gaztelaniaz; baita euskaraz ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuz”. Izaskun Carlos izan zen saria jasotzera igo ziren beste hamasei funtzionarioetako bat —mikroplana duten hamazazpi sail eta taldeak egon ziren ordezkatuta—. Diputazioko beharginei egin zien berba: “EraMian sartzeko gogoz zaudeten zerbitzu edo atalei esan nahi nizueke beldurra kentzeko. Euskarak gauza asko ekarri digu talde moduan, indartu egin gaitu, eta nortasun berezia eman dio taldeari. Ilusio eta motibazio berriak ekarri dizkigu taldera”.
Unai Rementeria ahaldun nagusiak aitortu zuen “hunkitu” egin zuela bera buru den erakundeko beharginen berba horiek entzuteak. “Funtzionarioak zareten heinean, eredua zarete gizartearentzat. Kargu publiko guztiek izan behar dugu eredu. Eta balio handia dauka administraziotik eleaniztasunaren aldekook eta euskaldunok ditugun eskubideak errespetatzen direla entzuteak”. Euskararen VI. Plangintzarekin “aurrerapausoak” emateko konpromisoa hartu zuen: “Gizarteari euskaraz bizitzeko aukerak eman behar dizkiogu. Guztiz elebiduna izango den administraziorako bidean pauso sendoak emango ditugu”.
Poesiaren mezua
Ohorezko sariaz gain, Poesia arloko biak —35 urtetik beherakoena eta 35 urte edo gehiago dituztenena— eta ikus-entzunezkoa ere banatu zituzten. Iñigo Astiz idazle eta BERRIA egunkariko kazetariak jaso du 35 urtetik beherako poesia arloko saria, Analfabetoa lanagatik (Susa, 2019). Lauaxeta Sariekin gizarteratzen den mezua goraipatu zuen Astizek: euskarazko kulturak eta euskal poesiak garrantzia dutela eta kontuan hartzekoak direla. Baina iruditzen zaio diputazioak beti ez duela mezu hori zabaltzen, eta hori plazaratzeko erabili zuen ekitaldiko hitzartzea: “Pentsatu dut Bizkaiko Foru Aldundia ere parte den zenbait kultur zentrotako zuzendariei orain arte ez zaiela euskara jakiterik eskatu kontratua egitean. Eta ondo iruditzen zait, noski, trantsizio baten lehen urratsa balitz; hau da, ez jakitetik jakiterako bide horretako lehen urratsa. Gertatzen dena da, ordea, urteak eraman arren, pertsona horiei ez diegula era kordialean ere aipatzen euskara jakiteak benetan zer garrantzi duen; gutxiago ezartzen dizkiegula epeak; eta, are gutxiago, obligazioak jartzen ditugula”. Astizek uste du horrela jokatuta sariekin zabaltzen den mezuaren “kontrakoa” zabaltzen dela: “Euskal Herrian kultur zentrorik garrantzitsuenetako zuzendari izatea badagoela, Euskal Herriko kultura oso bati bizkarra emanda ere”.
Pello Otxotekok jaso zuen 35 urtetik gorakoen poesia saria, Itsas Bizimina poesia bildumagatik (Balea Zuria, 2019). Poesiaren indarguneak nabarmendu zituen. “Garai nahasietan bizi gara, eta etsita senti gaitezke. Batzuetan gizakiak ez daki irtenbidea nondik bilatu. Agian, artea, musika eta literatura —poesia, bereziki— irtenbide horretara eraman gaitzaketen ateak izan daitezke”. Horregatik, poesia sortzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuen.
Ikus-entzunezko saria, azkenik, Fermin Etxegoien kazetariak jaso zuen, Euskaltzaindia: egunak eta lanak lanagatik. Lantaldeari eman zizkion eskerrak; bereziki, Bernardo Atxagari, zuzendari izateko proposatu zuelako.