Uribe Kostako bendeja, auzitan

Uribe Kostako bendeja, auzitan

Peru Azpillaga Diez

Uzta sasoi emankorrenean, abuztu eta irail inguruan batik bat, ekoizleak soberako ortuariak hartu eta herrietara jaisten dira salmenta egitera. Azken hamarkadetan desagertzen joan den praktika bada ere, urteko sasoi horretan ekoizle txiki bat herri bateko plazan edota elizako arkupean aurkitu daiteke oraindik. Produktu koloretsuenak mahai gainean jarrita, zuzenean ortutik etorritako fruitu eta barazkiak eskaintzen dituzte. Besteak beste, Uribe Kostako zenbait herritan ikusi daitezke bendeja saltzaileak: Sopelan, Getxon, Plentzian… Ugariak ez diren arren, eskualdeko ekoizleek eutsi diote uda partean herrietara hurbiltzeko ohitura zaharrari. Erregularizazio faltaren ondorioz, baina, arriskuan dagoen ohitura bilakatu da bendeja.

Izan ere, jada berez «gogorra» den ekoizleen lanari, haien produktuak kalean saltzeko dauden oztopoak gehitu behar zaizkio. Ordenantzarik ez dagoenez, legez kanpoko kale salmentatzat hartu dute bendeja Uribe Kostako udalek, eta berau debekatzera ere heldu dira. Plentzian eta Sopelan, dena den, hasiak dira praktika hori erregulatzeko lanean, eta Getxon, uda osoan zehar udaltzainekin tirabiran ibili ostean, Uribe Kostako Agroasanbladako kideek bendeja arautzeko proposamen bat helarazi diote udalari.

«Uribe Kostako hainbat herritan dabiltza bendeja erregulatu nahian», hasi da azaltzen Lander Labajo Uribe Kostako Agroasanbladako kidea. «Guk Getxon tramitazio bat bidali dugu, Sopelan eta Plentzian ere ari dira lanean; ea eskualde mailako zerbait lortzen dugun», azaldu du. Bere ustez, garrantzitsuena ekoizleek bendeja egiteko aukera izatea bermatzea da. «Baditugu beste salmenta bide batzuk, ezin gara astero barazkiak kanpoan saltzen ibili, baina aukera hori mantentzea funtsezkoa da». Izan ere, Labajok dioenez, bendeja ez da soilik soberako ortuariak saltzeko bide bat, beste era bateko kontsumo eta elikadura eredu bat bultzatzeko bidea ere bada. «Orain ez dago aukera handirik. Ikusi dugu, ordea, nola, bendejari esker, beste kultura bat sortzen den; harreman berezi bat eraikitzen da bezeroekin». Alta, udaltzainekin arazoak izaten dituztela nabarmendu du, eta kexu da, ezin direlako haiekin «liskarretan» ibili bendeja egiten duten bakoitzean. «Ez da egoera xamurra. Normalizatuta egon beharko litzateke».

Udan Getxoko gatazkaren erdigunean egon zen ekoizlea da Peio Fuente asanblada bereko kidea. Hiruka aldizkarian egindako elkarrizketan azaldu zuenez, bera 2013tik dabil Itzubaltzetako elizako arkupeetan udako bendeja saltzen. Lehenengo urtetik hurbildu zaizkio udaltzainak bertatik kanporatzeko asmoz, eta, aurten, esaterako, kale salmenta debekatuta dagoela argudiatuta, saltzeko zuena konfiskatu zioten. «Abuztuko hirugarren astean jazo zen arazoa, eta, egun hartatik urrira bitartean, bendeja masiboa egin dugu bertan astelehenero, babes dinamika gisa», esplikatu du Labajok. Izandako arazoen ondorioz isunak jasotzeko beldur diren arren, udalean erregularizazioa bultzatzeko tramite bat aurkeztu dutela jakinarazi du. Jazotzen dena jazotzen dela ere, datorren udan bendejari eusteko erabaki irmoa dutela erantsi du. «Erregularizatuko balitz, urte osoko egutegi bat osa genezake, plangintza moduko bat». Azaldu duenez, haiek ez dute astelehenero Poliziarekin iskanbilan ibili nahi. «Gu jenero bat saltzera goaz, besterik ez; bada garaia gure betiko bendejak bere lekuak berreskura ditzan». Fuentek ere ideia berari heldu dio: «Legalitatearen ikuspegitik baino, logikatik heldu beharko genioke. Bendeja egitea guztiz zilegi dela uste dut, hemen eta edonon».

Getxoko polemikaz gain, azken asteotan Sopelan ere agertu da bendejaren auzia. Josu Landaluze bertako alkateak azaldu duenez, hainbat dendatako ugazabak konpetentzia «desleialaz» kexatzera joan ziren udaletxera. Udal gobernuak Udaltzaingoari eskatu zion bendeja egiten ari zirenengana joan eta kalean gehiago ez saltzeko eskatzeko. Erabaki horren aurrean, ordea, kexak aurkeztu dituzte hainbat herritarrek. Izan ere, bederatzi urte zeramaten tokiko zenbait ekoizlek bendeja egiten, eta haien jarduna errotuta zegoela argudiatu dute. Udaletik denen onerako irtenbide baten bila dabiltzala jakinarazi dute. Landaluzek aipatu du ordenantza prestatzeko bidean dagoela, baina urtebete inguru edo gehiago beharko duela indarrean sartzeko. «Orain modu bat bilatzen gabiltza ordenantza indarrean sartu bitartean behin-behineko baimen bat emateko», azaldu du.

Bendejaren tradizioa
Bendejaren salmentaz eta Uribe Kostako ekoizleen egoeraz zenbait gako eman ditu Lander Labajok. Jakinarazi duenez, ez da «belaunaldien arteko erreleborik» egon eta, beraz, urteen poderioz, galdu egin da kalean barazkiak saltzeko ohitura, garai batean hain ohikoa zena. «Orain dela hamar urte, kontsumitzaile eta ekoizle batzuk batu eta Agroasanblada sortu genuen, Uribe Kostan baserritik bizitzeko aukera gutxi dagoelako. Horren harira hasi ginen bendeja berreskuratzeko ahalegina egiten», zehaztu du Labajok. Bere aburuz, garrantzitsua da ekoizleek «gutxienez» aukera horri eustea. Ekoizle ekologiko gutxi daude, eta zailtasun askori egin behar diete aurre. «Lurra da lehenengo arazoa. Uribe Kostan sekulako prezioan saltzen dute eta ezinezkoa da jende berria ortuan hastea, beste eskualdetara joan behar dira ekoizle gazteak».

Labajoren aburuz, bendejaren bidez gaur egun existitzen ez den eskaintza bat egiten da: «Bendejetan dauden produktuak etxeko produktuak dira, herrikoak, eta horiek ez daude saltokietan; gurea da jenero osasungarriena, duda barik». Horrekin batera, kale salmentaren bidez ekoizleek egiten duten lanari ikusgarritasuna ematen zaiola nabarmendu du. Era berean, herritarren eta ekoizleen artean «aliantza moduko bat» sortzen dela dio. Iruditzen zaio salmenta eredu honetan ez dagoela lehia desleialik. «Jeneroak desberdinak dira. Nik ulertzen dut dendariak kezka hori izatea, baina guk ez diogu bezerorik kentzen». Bendejara doan bezeroa «kontzientziaduna» dela uste du Labajok: «Ideologizatuta dagoen pertsona bat da; produktu bat erostera baino gehiago, eredu bat bultzatzera doa. Harreman bat sortzen da, eta horrek tokiko komertzioa bultzatzen du».