Ia Erromako esklaboen pare

Ia Erromako esklaboen pare

Ibai Maruri Bilbao

Amaierarik gabeko lanegunak eta orduko lansaria lau eta bost euro artean. ELA sindikatuko Eraikuntza Arloko Bizkaiko arduradun Josean Martinen arabera, Bilboko autobus geltoki berria eraikitzen ibili diren beharginek “ia-ia Erromatarren garaiko esklaboen” baldintzak izan dituzte. “Geltoki eder bat egin digute, bai, baina langileen eskubideen bizkar eraikita dago”. Guztira 260 langile inguru ibili direla azaldu du, baina horietatik soilik 15 edo 18 izan dira obren esleipena jaso zuen enpresarenak; hau da, Amenabarrenak. Gainontzekoak azpikontratatuak izan dira. “Hemen ikusi ditugun lan baldintzak ez dira berriak. Oraintsu, Anoetako futbol zelaian [Donostian] ikusi ditugu, eta, aurretik, San Mames berrian ere ezagutu genituen. Tamalez, obra publiko zein pribatuetan ohikoa da egoera hau”.

Izan ere, salatu du langile azpikontratatuen kasuan ez dela lan ituna errespetatzen. ELAk ez zuen sinatu indarrean dagoen Bizkaiko eraikuntza arloko lan ituna(2018-2020); CCOOk eta UGTk sinatu zuten. “Ez genuen sinatu, ez langileen baldintzak ez zaizkigulako interesatzen, jakin badakigu-eta euren baldintzak errespetarazteko zailtasunak dituzten langileentzako babesa dela. Ez genuen sinatu, ohartu ginelako itun horrek ez duela ezertarako balio”. CCOOren datuak erabili ditu: sindikatu horren arabera, oro har, Bizkaian 22.000 langile daude eraikuntzan. “Baina lan itun honek erregulatutako 6.000 enpleguri soilik eragiten die; gainontzekoak azpikontratatuak dira”.

ELAko ordezkariak ahalegindu dira Bilboko autobus geltokiaren obrei bertatik bertara jarraitzen, baina, Martinek salatu duenez, enpresak zailtasunak ipini dizkie. Ez diete sartzen utzi. Bakarrik joan ahal izan dira langileak aldatzeko tokietara, han informazioa banatzera. Pena hartu du ikusta askotan beharginek eurak ere beldur izaten direla sindikatuetako ordezkariekin berba egiteko, obrako edo enpresako arduradunen batek ikus ez ditzaten. “Arazoak izango dituzten edo enplegua galduko duten beldur izaten dira”. Esan du galdetu izan diotela zergatik behar izan duen ELAk hainbeste denbora autobus geltokiko langileen baldintzak salatzeko. “Guretzat ez delako erraza izan errealitatea zein izan den jakiten”.

Ikusi dituzte arropaz aldatzeko leku txikiak, 40 zentimetro zabal ere ez direnak. “Kabitu ere ez ziren egiten”. Ikusi dituzte langileak tornuen gainetik saltoka, euren jarduera orduak erregistroan gera ez zitezen. “Bideoa dugu, eta han ikusten da zelan 260 langileetatik ehundik gora fitxatu gabe sartzen ziren”. Hori zergatik gertatzen den ere azaldu du. “Modu horretan, ez dago frogatzerik langileak zenbat ordu egin dituen, eta ezin da frogatu zenbat diru zor dion enpresak aparteko orduetan”. Horrez gain, legezkoak diren orduak baino gehiago egin dituztela ere azpimarratu du. Adibidez, zehaztu du Bilboko legediaren arabera asteburuetan eta jai egunetan ezin diatekeela 10:00ak baino lehenago lanean hasi. “Guk badakigu, eta frogak ditugu, asko izan direla 07:00etarako lanean egon direnak, lanean egon behar izan dutenak. Hemen hamabi eta hamalau orduko lanegunak izan dituzte, eta lan egin dute jaiegunetan ere”.

Behar baino gutxiago

ELAk langile baten nomina eskuratu du. Astelehenetik domekara egiten du lan, egunero hamabi ordu. Haren mailari dagokion soldata, aparteko orduengatik jaso beharrekoa kenduta, 1.640 eurokoa da. Astelehenetik barikura egunero egin dituen lau aparteko orduengatik eta zapatu eta domeketako 24 orduengatik, hilean, guztira, 3.000 eurotik gorako nomina jaso beharko luke. Baina 1.268,68 eurokoa da nomina. “Horrez gainera, ikus daiteke Burgosen sinatuta dagoela; hau da, azpikontratatutako enpresak hemendik kanpo ordaintzen ditu zergak hemen lortutako irabaziengatik”.