Fredi Paia: «Maiteminduta nago Tomas Arrizabalaga trikitilariaz»

Fredi Paia: «Maiteminduta nago Tomas Arrizabalaga trikitilariaz»

Natalia Salazar Orbe / Bilbo

Tomas Arrizabalaga Zitze (Plentzia, 1917-Gatika, 1978) trikitilariari buruzko liburua idatzi du Fredi Paiak (Getxo, 1981): Zitze. Isukitze hauspogoran. Biografia liburu-disko formatoan aurkeztu du, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen eskutik.

Tomas Arrizabalagak ez zuen izan bizitza erraza. Zerk eman dizu arreta?
Nire ondorio nagusia da errealitateak fikzioa gainditzen duela. Bizitza gogor samarra izan zuen. Liburua hasten da kontatzen zer nola heldu zen Tomasen familia Plentziara. Historia interesgarria da, Isukitzeko herri basoaren erosketa eta populaketari buruzkoa. Olagibel izeneko enpresaburu batek esperimentu sozial bat egin zuen han. Herri baso bat erosi zuen, eta Oriotik eta Getariatik (Gipuzkoa) jendea hartu eta herri edo auzo berri bat sortu zuen hutsetik. Herriotako jendea ekarri omen zuten ohituta zeudelako itsasertzeko nekazaritzan. Esperimentu horrek onurak ekarri zituen, euskara Plentzian gainbehera baitzegoen. Ahobizien herri bat sortu zen. Tomasen aitona zen Getariatik iritsi zirenetako bat.

Oso gazte geratu zen umezurtz, 1936ko gerran gudari aritu zen, heriotza zigorrera kondenatu zuten… Zer aurkitu duzu?
XX. mendea oso gogorara izan zen. Niri datu batek eman dit arreta: 14 urterekin itsarora joan zen lanera. Trikitia itsasontziko lehen bidaia horretan ezagutu zuen. Aitak eman zion diru guztia gastatu zuen trikitixa batean. Bi tren hartu behar izan zituen itsasontzira heltzeko. Bigarrenean, trikitia jotzen aritu zen —oraindik jakin ere egin gabe—. Bada, tren bidaia amaitu zuenerako aitak emandakoa baino diru gehiago zeukan. Era horretako pasadizu mordoa dauzka. Maiteminduta nago gizon honetaz. Gustatuko zitzaidan gizon honen koadrilakoa izan izana.

Haren umorea azpimarratu duzu.
Heriotzera kondenatuta egon zen, azkenean libratu zen fusilamendutik, Zaragozan izan zuten preso bi urtez… Herrira itzuli zen, eta zerotik hasi behar izan zuten. Dena lapurtu zieten. Hala ere, umorea ez zuen galdu. Jendea animatzen ibiltzen zen beti.

1941ean gertatu zen beste bitxikeria bat. Bigarren Mundu Gerrako hegazkin nazi batek lurra jo zuen bere etxetik hurbil. Itsas gizon ibili zenean ingeles apur bat ikasi zuenez, bere bila etorri ziren, itzultzaile lanak egin zitzan. Pilotua oso urduri zegoen, Frantzian edo Espainian ote zegoen galdezka. Kontuan hartu behar da Frantzia gerran zegoela Alemaniaren aurka, eta Espainia aliatua zela, Francoren bidez. Tomasek Euskadin zegoela erantzun zion. Bestea jokoz kanpo geratu zen.

Trikitia etxeko girora mugatu behar izan zuen hasieran.
Gerra ostean trikitilariak ezkutatu egin behar izan ziren, ordea. Frankistentzat trikitia abertzaleen musika tresna zen. Beraz, etxe inguruan aritzen zen. Hala ere, Mungian ere aritu zen. Atxilotu ere egin zuten, bandalismoa egotzita.

Zer nola eman zuen bestelako plazetarako jauzia?
1958an egin zen Bizkaiko lehen bertsolari txapelketa, Bilboko Areatzan. Euskal kulturak dimentsio publikoa hartu zuen lehen aldia izan zen. Tomasen kasuan, beste bitxikeria bat ere gertatu zen. Asto bat zuten etxean, eta semea harekin hasi zen asto lasterketatara joaten. Txapelketa guztiak irabazi zituen. Munduko txapeldun atera zen Laudion. Familia osoa joaten zen animatzera, trikitiarekin. Orduan hasi zen etxetik irteten. Klandestinitate kultural hori gainditu ostean, herrietan txapelketak antolatzen hasi ziren. 1970eko hamarkada inguruan zen. Tomas Arrizabalaga txapelketetan lehiatzen hasi zen, eta Euskal Herri mailakoetara iritsi zen. Donostian hasi ziren antolatzen txapelketok, Trinitate plazan. Lehen txapelketan bigarren egin zuen. Dimentsio nazionala hartu zuen lehen bizkaitarra izan zen. Pisua izan zuen bere garaian.

Liburu diskoa aurkeztu duzue. Zer aurki daiteke bertan?
Metodo etnografikoa eta historikoa erabili ditut. Agiriterietara jo dut, eta grabazio mordoa egin dut —familiakoei zein Isukitzen bizi izandako jendeari—. Biografiaz gain, testuinguru kultural eta soziala azaleratzen da liburuan. Gerrari buruzko hainbat datu ematen dira, ulertzeko zein zen orduko egoera. Diskoan, berriz, aurkitu ditugun abesti batzuk ageri dira. Horietan bere estiloa ikus daiteke. Batzuek ez daukate kalitate handirik, 1970eko hamarkadako grabazioak direlako. Musika estiloei buruz ere hitz egiten da. Bizkaian, dena zen kantatua. Jende honek ez zuen ulertzen trikiti pieza bat jo zitekeenik kantatu gabe. Estilo berezia ageri da.

1950-1960ko urteetan eman zen euskal kulturaren estandarizazioa ere jaso dut. Belaunaldi hau fronte guztietan harrapatu zuen estandarizazioak. Hizkuntza estandarizatu zen: hauek bizkaieraz hitz egiten zuten, nahiz eta gipuzkoar jatorrikoak izan. Trikiti estiloa aldatu beharra ere egokitu zitzaien —kantatu gabeko piezak—. Bertsolaritzan ere aldaketa egon zen. Belaunaldi hau jokoz kanpo geratu zen. Oso ilusionatuta zeuden euskara gora egiten ari zelako eta euskal kultura klandestinitatetik ateratzen ari zelako, baina, beraientzako ez zuen ekarri diktadurak debekatu ziena berreskuratzea. Beharrezkotzat eta onuragarritzat jo zuten, nahiz eta kontziente izan aurrerapen horrek eurek baztertu egiten zituela neurri handi batean.

Zein ondare utzi zuen Tomas Arrizabalagak?
Alde batetik, bere eskolaren jarraipena familian bertan: bere seme Kepa Arrizabalaga gaur egun Bizkaiko pandero jole klasiko nagusia dela esan daiteke. Bestetik, Tomasek garrantzia handia izan zuen Bizkaiko ipar-mendebalde honetan, trikitixak jarraipena izan zezan.