Burua askatzeko dantzan

Burua askatzeko dantzan

June Prieto

Zaldiak bezala dantzan egitea barruko korapiloak askatzeko baliagarria dela diote biodantza egiten dutenek. La Posada de los Abrazos elkarteak antolatzen ditu horrelako tailerrak, bakarrik bizi diren emakumeei laguntzeko.

Bilboko San Frantzisko auzoan dago elkartea, eta feminismotik eta auzolanean lan egiten du. Bertaratzen diren emakumeek hainbat arazo izaten dituzte; ohikoa izaten da ez edukitzea gertuko sare sozialik harremanetarako eta laguntza eskatzeko. Posadak bizitoki bat ematen die, eta laguntza ekonomikoak ere ematen dizkie, baina, horrez gain, tailerrak ere antolatzen ditu, emakumeak auzoan bakarrik ez egoteko; biodantza da horietako bat.

Dantza tailerrean parte hartzen dute Laura Agirretxea eta Leire Riveiro Posadako langileek. “Biodantza oso aproposa iruditu zitzaigun hona hurbiltzen diren emakumeekin egiteko; osasungarria da, eta gorputza, burua eta emozioak lantzen dira”, azaldu du Riveirok.

Norbanakoari laguntzeko tailer bat da, “sentimenduak eta bizipenak modu seguruan kontatzeko gune bat”. Baina era kolektiboan lantzen da, hau da, beste pertsonekin interakzioa ezinbestekoa da biodantza egiteko. “Konfiantzazko giroa lortzean, sareak bakarrik eraikitzen dira. Langileak, emakumeak eta auzotarrak batzen dira tailerrean, eta harreman horizontal bat sortzen dugu”, kontatu du Agirretxeak.

Intimitatea eta erosotasuna

Tailerrean hogei bat emakumek parte hartzen dute. “Beti dauzkagu leku berezi batzuk laguntzen ditugunentzat”, erantsi du Riveirok. Bi orduko saioak egiten dituzte, eta astero ezberdinak direla ere aipatu du.

Sandra Patiñok gidatzen ditu biodantza saioak. Formakuntza berezia egin du egoera zailetan norbere intimitateari eta erosotasunari mantendu ahal izateko. Klase hasieran 30 minutu egoten dira sentimenduez berbetan, eta gero ez dute berriro hitz egiten amaitu arte. “Aurreko astean, adibidez, zaldien moduan dantzatu genuen; oso dibertigarria izan zen, eta energia askatzeko balio izan zuen”, gogoratu du Riveirok. Kirola ere egiten dute tailerrean, bakoitzak bere erritmora, eta egunean bertan gorputza eskatzen duenaren arabera. Urte osoan hiru atal lantzen dituzte: feedback-a, autoerregulazioa eta aurrera egiteko gaitasuna. Guztiak pertsonaren eta energiaren arteko oreka bat lortzeko asmoz.

“Askotan bide formalak ez dira harremanak sortzeko modurik egokienak, eta horrelako tailerretan ikusten duzu nola jendea animatzen den bere bizipenak eta esperientziak kontatzera”, aitortu du Riveirok. Auzoan sareak sortzeko balio du horrek: “San Frantzisko auzoa oso maskulinoa da, baina tailerrean egiten diren harremanen emaitzak egunero ikusten ditugu, taldekideak gelditzen direnean erosketak egiteko edo tabernan te bat hartzeko”. Tailerrean burua deskonektatzea da helburua, gorputzarekin berriz konektatzeko.