‘Black friday’ dela eta, Eraginek manifestazio bat antolatu du Bilbon

‘Black friday’ dela eta, Eraginek manifestazio bat antolatu du Bilbon

Peru Azpillaga Diez

Historiako belaunaldirik prestatuena izaten hasi ginen, eta gurasoak baino okerrago biziko den lehen belaunaldia izaten amaitu dugu”. Black friday erosketetara bideratutako egunaren harira, Eragin Bilboko Gazte Prekarioen Asanbladak dei egin die gazte langileei, gaur kaleak hartu eta prekaritatearen aurkako “gazte frontea” osatzeko. 19:00etan abiatuko dira San Mames ingurutik, sortu zirenetik haien bandera bilakatu duten No es lo que hay lelopean, gazteak “edozein lan baldintza onartzera eraman dituen beldurrari haginak zorroztuta aurre egiteko”.

“Kontsumismoaren ikur den gaurko egunari irakurketa orokor baten bidez erantzuten saiatu gara”, nabarmendu du Gaizka Suarez Eragineko kideak. “Mobilizazio sozial handien aro bat irekitzen ari dela uste dugu: pentsiodunak, feministak, klima larrialdia… Hori guztia ikusita, ezinbestekoa da gazteria ere kalera ateratzea eskubide sozialen alde”, argudiatu du. Izan ere, Suarezen ustez, gazteria “paralisi” batean dagoela dirudi: “Ematen du ez dela ezer gertatzen, bizi dugun prekarizazio prozesu basatia fenomeno meteorologiko bat dela sinetsarazi digute”. Hori dela eta, gaurko manifestazioa gazteen topagune bilakatzea espero dute, “desadostasuna” hedatu eta mobilizazio aro bati hasiera emateko.

Black friday eta gisako egitasmoak “sistemaren” beste espresio bat baino ez direla deritzo Suarezek. “Bilbon azken urteetan bestelako hiri eredu bat ari da garatzen, eta halako egitasmoek agerian uzten dute bizi dugun prekarizazio prozesua: lanaldi luzeagoak, aldi baterakoak, soldata urriak…”. Horregatik egin du Eraginek egoera bere orokorrean salatzeko hautua. Gaur egungo gazteriak azken urteetan hauspotu diren hainbat borroka “beretzat” jotzen dituela deritzo Suarezek, hala nola borroka feminista eta klima aldaketaren aurkako borroka. Borroka gaurkotuak direla azaldu du, orain arte protagonismo handirik izan ez dutenak, baina aspaldian sekulako indarra hartu dutenak.

“Hala ere, lanaren eta gure bizitzen egoeraren inguruko desaktibazio egoera larri bat dagoela ikusten dugu. Onartua dago. Asimilatu dugu hau dela dagoena, eta horregatik ez dugu hori gure borroka esparru bezala identifikatzen”. Dena den, borroken “berpizte” hori baliatuta, gaurko manifestazioa, gazteriak egun bizi duen “prekarizazio prozesu horren aurka aktibatzeko” baliatu nahi dute: “Datorren olatu sozial horren baitan, gazteok halabeharrez izan behar dugu protagonista; ez bakarrik gure gazte frontearen eraikuntzan, baita beste borrokak elikatuz ere”.

Suarezek esplikatu duenez, “ezegonkortasuna” ezarri dute gazteen bizitzen muinean. “Etengabeko ziurgabetasunean murgilduta gaude, eta ezin dugu bermatu gure bizitzak aurrera aterako ditugun ala ez”. Horrek “beldurrez” bizitzera kondenatzen dituela azpimarratu du Suarezek: “Kaleratzeak, lana galtzea, soldata jaistea… Kontu horiek guztiak prekaritatearen parte dira, eta gazteon amesgaizto bilakatu dituzte”. Pentsiodunen adibidea ere jarri du: “Egun, ezin dugu ezta babes sozialerako sistema duin bat bermatu, ezta lanaren menpe egongo ez garenik ere bizitzako etaparen batean”.