Bizkaibusek bertan behera utzi du NON diskotekako geralekua

Peru Azpillaga Diez

Bizkaiko Diputazioak bertan behera utzi du Bizkaibusek Lemoako Bolunburu industrialdera egiten duen zerbitzua NON diskotekak irekitzen duen egunetan. Segurtasuna bermatzea “ezinezkoa” dela iritzita, diskoteka alboan dagoen geralekua saltatuko dute autobusek 07:00ak eta 10:00ak bitartean. Neurriak Bilbo eta Elorrio (A3911) eta Bilbo eta Eibar (A3912) lineetako ibilbideetan izango du eragina. Bizkaibuseko langileek egindako salaketen ostean hartu du erabakia Bizkaiko Diputazioak.

NON diskotekak irekitzen duen egunetan, besteak beste azaroaren hasieran ELA sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, aipatutako lineetako autobus gidariek “muturreko arrisku egoerei” egin behar diete aurre. Salatutakoaren arabera, “ohikoak” dira hitzezko erasoak, beste erabiltzaileei zuzendutako errespetu faltak, autobusari berari egindako kalteak, eta baita eraso fisikoak ere.

“Udalak eta diputazioak batera hartutako erabakia izan da”, azaldu du Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak. Orain dela hilabete batzuk bestelako neurriak hartzen saiatu zirela adierazi du, baina, egoerak okerrera egiten zuela ikusita, horrelako erabaki bat hartu behar izan dutela esplikatu du Elejabarrietak. “Ez da egoera oso drastikoa ere; orain dela urte asko, herritarrak kaltetzen zituen beste era bateko erabaki bat hartu zen”. Oraingo behin-behineko neurriarekin, geltoki hori baino ez du saihestuko autobusak, eta soilik diskotekak ireki eta biharamunean. “Autobusa berdin igaroko da herritik, eta, beraz, ez da kaltegarria izango guretzat”. Neurriak momentuz eperik ez duela ere jakinarazi du Lemoako alkateak. “Arazoari irtenbide bat eman behar zitzaion, orain ikusi beharko da diskotekak ere zer neurri hartu ditzakeen egoera hobetzeko; bitartean, harremanetan jarraituko dugu ahalik eta irtenbiderik onena erabakitzeko”.

Hala ere, autobus zerbitzua kentzeak sor ditzakeen arazoez kontziente da Elejabarrieta. Horregatik, harremanetan jarri da diskotekaren jabeekin, batik bat, autobus zerbitzurik ez dagoen ordu horietan jendea tren geltokiraino errepidetik oinez joatea saihesteko. “Autobusik izango ez dutenez, erabiltzaileak kanpoan geratuko dira, eta, errepidera irteten badira, arriskutsua izan daiteke”. Hortaz, diskotekak Lemoako tren geltokiarekin lotuko duen zerbitzuren bat kudeatzea proposatu dio udalak.

Dena den, oraingoa ez da NON diskotekak autobus zerbitzuan eragina duen lehenengo aldia. 2011n, Bizkaibusek bere ibilbidea moldatu egin behar izan zuen geltoki “gatazkatsuak” ekiditeko, eta, urteetan zehar, Arratia zeharkatzen zuten autobusek NON diskoteka alboko geralekua saltatu egin izan dute.

Geralekuaz eta autobus zerbitzuekin sortutako tirabirez harago, NON diskotekak zeresan handia eman du bere sorreratik bertatik. Esate baterako, lokalaren ordutegia ere murriztu egin dute: hilean behin bakarrik irekitzen du orain, eta 800 lagunentzako baimena izatetik berrehunera murriztu da edukiera.

“Etapa desberdinak egon dira; orain dela urte batzuk askoz jende gehiago biltzen zen bertan, astebururo gainera”, nabarmendu du Elejabarrietak. Erabiltzaile kopurua murritzen joan den arren, herrian diskotekak noiz irekitzen duen”nabaritu” egiten dela dio. “Jendea herrian geratzen da lehenago, kalean edateko eta abar”, zehaztu du alkateak. “Halere, egia da jabeei zerbait eskatu izan diegunean, protokoloak jarri izan dituztela martxan”.

Arazoak beste lineetan

NON diskoteka ez da, ordea, Bizkaibus zerbitzuetan eragina duen bakarra. Bilbo Gernika-Lumo eta Bermeorekin eta Mutriku eta Ondarroarekin lotzen dituen bi lineetan ere istiluak egon ohi direla salatu du UGT sindikatuak. Bizkaibuseko gidariek jasaten dituzten irainak eta erasoak “etengabeak” direla esan dute, eta Mutrikuko Venecia diskotekaren irekierari leporatu diote egoera.