“Hemen ere badira klima krisiaren arduradunak, eta asko dago egiteko”

“Hemen ere badira klima krisiaren arduradunak, eta asko dago egiteko”

Peru Azpillaga Diez

Klima aldaketak azken hamarkadetan mundu osoko kontzientziak astindu baditu ere, neurri gutxi hartu dira hura ekiditeko. Hala uste dute Sukar Horia kolektiboko kideek, eta, horregatik, klima aldaketatik “klima larrialdira” igaro garela ohartarazi dute. Bizkaiko mugimendu ekologistako zenbait kidek egungolarrialdi egoera horri aurre egiteko eratutako kolektiboa da Sukar Horia. Hodei Rodriguez (Getxo, 1994) da kide horietako bat. Azaroaren 27ra bitartean jardunaldi batzuk egiten ari dira Bilboko zenbait tokitan; elkartea ezagutzera eman eta ekologismoaren inguruan era zabalean hausnartzea da jardunaldien asmoa. Ondoren, hilaren 28an, bilera ireki bat egingo dute aurrera begirako pausoak era parte hartzailean erabakitzeko.

Klima aldaketatik klima larrialdira igaro garela diozue. Zer esan nahi du horrek?

Kontua da urteak daramatzagula klima aldaketari buruz berbetan, baina karbono dioxido emisioek gora egiten segitu dute, eta, orain, egoera larri batera heldu gara. Emisioen jaitsiera drastiko bat egin ezean, klimaren aldaketa bortitzek ondorio benetan ikaragarriak ekar ditzakete.

Azkenaldian badirudi pil-pilean dagoen gaia dela, eta politikariak ere sarri berba egiten dute klima aldaketaren aurka. Ba al dago benetan pausoak emateko borondaterik?

Itxurakeria egon badago, baina egia da, oro har, Europak betidanik egin duela klima aldaketaren aurka. Hori bai, bere interes geopolitikoek bultzatu dute horretara; izan ere, Europan apenas dagoen erregai fosilik. Gainera, duela gutxi ateratako txosten baten arabera, Bruselatik 300 milioi euro inbertitu dira klima aldaketaren aurkako neurriak gelditu ahal izateko.

Euskal Herrian, zuen ustez, sinesgarria al da tokiko agintariek azaldutako jarrera?

Hemen itxurakeria ikaragarria izaten ari da. Zurikeria hutsa. Batetik, klima aldaketaren kontra neurriak hartzen ari direla diote, baina, era berean, klima aldaketa areagotzen duten makroproiektuak sustatzen dituzte era nabarian; hala nola Bilbo Hegoaldeko Saihesbidea eta abiadura handiko trena. Hemen ere, badira larrialdi honen arduradunak, eta bada asko egiteko.

Zer egin daiteke egoerari buelta emateko?

Lehenik eta behin, oso garrantzitsua da lobby energetikoen eta petrolioaren aurkako kontrabotere bat eratzea. Haiek estutzen dituzte gobernuak ezer egin ez dezaten. Horregatik, funtsezkoa da herritarren mobilizazioak sustatzea horri aurre egiteko neurriak aldarrikatzeko.

Sukar Horitik zer proposatzen duzue?

Guk oraindik kolektibo moduan ez dugu neurri zehatzik, hori 28ko bilera irekian erabaki nahi dugu, guztion artean. Dena den, argi dugu klima larrialdia amaitzeko apurtu egin behar dugula azken urteetako logika neoliberala. Badirudi gizarte honetan inporta duen bakarra kapitalaren mozkinak handitzea dela; kapitalaren etengabeko birbalorizazio horretan bizitza alde batera uzten da, agintzen duen bakarra kapitalaren legea delako.

Nondik jaio da Sukar Horia kolektiboa?

Bere garaian Tosu Betirako plataforman egondako kideak gara. Ikusi genuen oraintxe bertan gai hau pil-pilean dagoela, eta pentsatu genuen bazela garaia hasteko neurriak hartzen eta ekintzak egiten, bestela egoera oso katastrofikoetara joan gaitezkeelako. Horregatik erabaki dugu jardunaldi hauek egitea, gogotsu dagoen jende gehiago batzeko borroka honetara.

Zergatik erabaki duzue jardunaldi batzuk antolatzea?

Asko hitz egin da klima aldaketari buruz, baina marko oso zabaletan, jakin gabe zehazki zertaz hitz egiten den, testuinguru politikotik urrun. Guk gaiari behar duen sakontasunarekin heldu nahi genion, ikuspegi desberdinetatik. Guk mahai gainean jarri nahi dugun gako bat da, gaur egun, gizarte krisi bat dugula, eta ,horri aurre egiteko, ezinbestekoa da tresnak sortzea eta diskurtso honek gizarte mugimenduetan eragina izatea.

Klima larrialdiaren gaia alderdi oso desberdinetatik landuko duzue jardunaldietan: migrazioa, feminismoa… Zer dute ikustekorik klimarekin?

Klima aldaketak gure gizarteko alderdi guztietan izango du eragina. Hori da agerian jarri nahi dugun gauzetako bat. Larrialdi ekologikoa terminoari lotuta dago. Baliabideak mugatuak dira mundu honetan, eta klima aldaketak sistema ekonomiko osoa berregituratzea ekarriko du; nahi eta nahi ez, langileriarengan eragina izango du. Gaur egun, esaterako, Afrikan edo Hego Ameriketan milaka nekazarik beren lurrak utzi behar dituzte klima aldaketak haien lurretan izandako eraginagatik eta multinazionalen politikengatik; errefuxiatu politikoez ari gara.

Zeintzuk dira datozen egunetan landuko dituzuen gaiak?

Azaroaren 26an ekofeminismoa izango dugu mintzagai, hots, ekonomia feminista klima larrialdiari aurre egiteko tresna moduan. Azaroaren 27an, berriz, instituzioek eta herri mugimenduek klima aldaketaren kontra zer egin dezaketen hausnartuko dugu.