Eider Mugartegi
Liburu, eskutitz, agiri, artikulu, mapa eta margolan zaharren hautsak astindu, eta argazkiak egon aurreko Lekeitio berreskuratu du Aitor Iturbe Gabikagogeaskoak, Lekeitio, idatziak eta irudiak: 1325-1884 liburuaren bidez. Historialari lekeitiarrak argitaratu berri duen Kresaletatik bildumaren lehen liburuak iraganeko Lekeitiora hurreratzeko bidea ematen die herritarrei, hiribildua sortu zenetik 1884ra arte.
55 artikulu eta era askotako informazioarekin osatu du “nahierara” eratu duen lana. Urteka antolatu ditu gaiak. Horietako batzuk etxean zituen gordeak, “horrelako liburu bat noiz aterako zain”. Maketazioa ere zainduta dauka erabat; hamar hilabete behar izan dituzte zehatz-mehatz amaitzeko. Azaleko irudia Ibai Silicato marrazkilari lekeitiarrak egin dio; eta txisteak, Markuesek.
Lanaren izenburuak aditzera ematen duen modura, 1325 urtetik 1884 urte bitartean Lekeitiori buruz idatzi, kontatu edo irudikatu dena bildu du lanean Iturbek; batez ere, liburu eta egunkarietatik aterata. Azaldu duenez, artxibo lana ez dago horrenbeste, eta ahal izan duen neurrian Internetera bideratu du irakurlea liburuan gaineratu dituen begien bitartez, informazioa osatzeko edo gehiago lortu ahal izateko.
Bildumaren bigarren liburuki bat aterako duela argi dauka, eta seguruenik 1936ra arteko epea jasoko du. Liburuak osatuz joan ahala, momentu batetik aurrera ezin izaten da informazio gehiago gehitu; horrek liburuki gehiago ateratzea eskatuko diola esan du. Hala ere, bere asmoa beste istorio batzuk ere kontatzea bada.
Bildumako lehen lanean, argazki aurreko Lekeitio agertzea nahi izan du; horrela, irudi, koadro, akuarela eta litografiak daude, baina argazkirik ez. Hurrengoan hasiko da argazkiekin. Argazki asko eta, batez ere, orain arte ezagutzen ez direnak gehitu nahi ditu, kristalen ostetik atera eta bigarren liburukian barneratu. Jada argazki “dotore eta eder” batzuk baditu esku artean, baina gehiagoren bila dabil. “Beti ezagutzen ditugu berdinak: portua, eliza… baina kaletxoenek ere egon behar dute”. Lekeitioko postalekin eta beste artikulu batzuekin osatuko du lana, eta jada baditu “ia prest” artikulu batzuk.
Bigarren liburukia datorren urtean argitaratzeko asmoa dauka, baina hirugarrenak zalantzak eragiten dizkio. Alde batetik, ez dauka 1936tik aurrerako ezer eginda, eta horrek “lan handia” eskatuko dio. Bestalde, gertu gelditzen diren urteak izanik, historiatzat ere ez dira hartzen ia, eta material gehiegi ere badago; beraz, esan du zaila izango dela erabakitzea liburuan sartzea zerk merezi duen edo zerk ez.
Aldizkariak
Kresaletik bildumako liburua ez da Iturbek idatzitako lehenengoa lekeitiarrak herriaren iraganera hurreratu asmoz. Kurik izeneko aldizkariarekin hasi zen Lekeitioko historia ezagutarazten, beste historialari eta historiazale batzuekin batera. Orain dela bederatzi urte ondare batzordea sortu zuten Lekeition, eta bertan batzen zirenetako batzuek erabaki zuten herriko historiari buruzko aldizkari bat ateratzea, Lekeitioko historiari kurik egin asmoz —ate zulotik edo leihotik disimuluarekin begiratu—.
Ondarea modu arin eta dibertigarri batean ezagutaraztea du helburu aldizkariak. “Jakiteaz gain, dibertitzea ere badelako gure nahia”. Katu bat dago hasteko, eta katua noizean behin agertzen da. Harenak dira editorialak, esate baterako, eta katu horrek badauka askatasun pixka bat lantzean behin testuetan agertzeko eta gaiari umore apur bat jartzeko, baina betiere historia ardatz hartuta.
2014an argitaratu zen Kurik aldizkariaren lehen zenbakia. “Made in Lekeitio da, baina ondarroar ukitua ere badauka, Iñigo Zabala ondarroarrak diseinatutakoa da-eta izena”. Aldizkariak harrera ona eduki du herritarren artean. Izan ere, urteak aurretik egin ziren aldizkari batzuk, baina ez horrelako itxurako aldizkaririk eta ez horren zaindurik.
Batez ere hiruren artean egiten dute lan, bakoitzak bere ekarpena eginez. Kurik-en lehen zenbakian, Iñaki Madariaga Valle, Iñaki Goiogana Mendiguren eta Aitor Iturbe Gabikagojeaskoa bera zeuden lantaldean, Maite Garamendi Lekeitioko artxibozaina ere ondoan zutela. Horrela, Iñaki Madariagak utzitako lekua Garamendik hartu zuen bigarren eta hirugarren zenbakietan. Eta historialari, arkeologo, eta idazle entzutetsuek ere idatzi dute aldizkarirako: Miren Agur Meabek, Jose Julian Bakedanok, Igone Etxebarriak, Eduardo Berganzak, Jose Luis Arribasek, Amaia Apraizek, Sabin Salaberrik, Iñaki Irigoienek, Koldo Lenizek, Mikel Onaindiak, Alfredo Morazak, Patxi Juaristik, Koldo San Sebastianek, Oier Gorosabelek eta beste askok. Marrazkilari bikaina ere aurkitu zuten: Jon Zubiaur. Eta berak egin ditu Kurik guztietako azaletako zein barruko orrialdeetako marrazkiak.
Era askotako kontu eta irudiak argitaratu ditu aldizkariak: lan landuagoak eta arinagoak, aspaldikoak eta oraintsuagokoak, herritarrenak eta herriarenak, istorio kuttun-kuttun eta polit-politak, artikulu edota gertaera bitxiak eta txantxaren bat ere bai, betiere datu eta argazkiekin lagunduta eta dokumentatuta. Haietako bat Aeroplano bi pasata abestiaren ingurukoa da. Abesti hori Euskal Herriko kostaldeko hainbat herritan abesten da, baina ez zegoen hegazkina benetan non erori zen frogatzen zuen datu edo dokumenturik. Halako batean, Lekeitioko etxe bateko album batean galduta, non aurkitu zuten hegazkinaren argazkia Lekeitioko barran, aireplano hori azkenik Lekeition erori zela egiaztatuz.
Baliteke 2021ean argitaratzea laugarren aldizkaria. Baliteke azkena izatea ere. Horregatik, “inoizko alaiena eta ganberroena” izatea nahi du Iturbek. Jaiak, kantak… Antzarak ere kolpe egin nahi ditu, guztia azaldu eta datuekin biribildu. Bidean daude, badituzte artikulu batzuk eginak eta erdi prestatuak, bai eta eskatuak ere.
Dena dela, Iturbek komiki eran ere kontatu nahiko luke historia: umorez eta irudien bitartez azalduta. Hori, hala ere, aurreragoko kontua izango da.