Afrikako andereak irakurgai

Afrikako andereak irakurgai

June Prieto

Bezeroen jakin-minak bultzatu zuen Maribel Egizabal irakurketa talde bat osatzera. Gernika-Lumoko Inurri Gorria liburu dendaren jabea da, eta feminismoa oinarri duen irakurketa taldean dinamizatzaile lanak egiten ditu. Taldera elkartu direnek feminismoa eta literaturarekiko zaletasuna dituzte amankomunean.

Urrian egin zuten aurkezpena, eta hamabi emakumek eman zuten izena. Aurretik egindako beste irakurketa saio batzuetan, zortzi bat pertsona bildu izan dira, baina oraingoan gaiak arrakasta handia izan du. “Emakumeak gara denak, 30 urtetik gorakoak. Feminismoak batzen gaitu, eta hainbat arrazoirengatik etorri gara taldera. Batzuek ezagutu berri dute feminismoa, eta horren inguruan eztabaidatzeko leku baten bila datoz. Beste batzuek literatura feministan jarri dute interesa”, kontatu du Egizabalek. “Ez da feminismoan maila ona eduki behar, baizik eta interesa”, gehitu du liburu saltzaileak.

Lehenengo saioetarako aukeratutako liburuek lotura estua daukate Afrikako emakumeekin. Ghanakoa da lehenengo idazlea: Ama Ata Aido. Haren herrialdea deskolonizatuta dago, baina haren bizipenek ez dute gauza bera kontatzen Our Sister Killjoy liburuan. Bigarren liburua ezagunagoa dela dio Egizabelek: “Americanah liburua Chimamanda Ngozi Adichiek idatzi zuen, eta Estatu Batuetara ailegatzerakoan izandako esperientziak kontatzen ditu; besteak beste, bere burua arrazializatuta ikustearena lehenengo aldiz”.

Euskara eta gaztelera

Aukeratutako liburuak gazteleraz irakurriko dituzte; halere, taldeko eztabaidak euskaraz egiteko asmoa daukate. Azaroaren 29an eztabaidatuko dute lehenengoa, eta urtarrilerako utziko dute bigarrena —Americanah—. Azken hori 700 orrialde baino gehiagoko liburukotea da, eta, Gabonak tartean daudenez, bi hilabeteko epea hartzea erabaki dute taldeko kideek.

Eztabaidak pizteko, metodologia berezia erabiliko dute, taldekide guztiak gustura egon daitezen eta parte hartzea ahalik eta handiena izan dadin. “Idazleak eta liburuak kontuan hartuta, ildo batzuk markatuko ditugu jarraitzeko asmoz; alegia, eztabaida gidatzeko”. Gizon batzuek interesa adierazi dute, baina azkenean ez dute parte hartuko. “Irakurketa talde bat gara, eta gizon baten iritzia beti zango da emakume batena bezain aberasgarria”.

Liburutegian bertan egingo dituzte saioak, Egizabalek esan duenez, horretarako erabili izan duten txoko batean. Aulkiak borobil batean jartzeko bezain beste leku dago bertan.

Inurri Gorria ez da ohiko liburu denda bat; nortasun handiko edukiek betetzen dituzte haren hormak, eta liburuek ere gai bereziak jorratzen dituzte: feminismoa, sozialismoa, 36ko gerra eta internazionalismoaren gisakoak. “Liburu denda espezializatua da, baina, aldi berean, literatura orokortuago bat ere eskaintzen dugu. Gernikaren moduko herri batean beharrezkoa da biak uztartzea”. Hormetan jarrita daude Aizan erakunde feministaren kartelak, 36 gerrari buruzko koadroak, Giuseppe Pellizza da Volpedoren Il Quarto Stato koadroa eta Zumetaren Gernika, besteak beste. “Bezeroak etxeko egongelan egongo balira bezala sentitzea nahi genuen. Sartzen zarenean konturatzen zara horretaz”.

Deskatalogatutakoak

Egizabalek dokumentazio zentro bat ere badauka, non feminismoari buruz deskatalogatutako liburuak gordetzen dituen. “Nire liburuak dira gehienak, aspaldi irakurritakoak edo, batzuetan, Interneten lortzen ditudan bigarren eskukoak”.

Irakurketa tailerrean parte hartzeko epea amaitu da, eta, bertan parte hartzeko, kideek hamar euroko kuota bat ordaindu beharko dute. Liburua Inurri Gorria dendan erostekotan, ez da kuota hori ordaindu beharko. “Liburu ez oso garestiak proposatzea pentsatu dut, hogei euro baino gutxiagokoak, ahal bada”. Beste irakurketa talde batzuetan ere hala egiten dela baieztatu du Egizabalek.

Liburu denda ezagutarazteko aukera bat da horrelako taldeak sortzea. Duela urtebete zabaldu zuen, eta, ordutik, ia hilabetero liburu baten aurkezpena edo hitzaldi baten emanaldia egin du. “Uste dut ezaguna banaizela, baina egia da beste gauza batzuk eskaintzen badituzu jende ezberdina hurbiltzen dela”.