Mugikortasun plan parte hartzaile bat abiatu dute Galdakaon

Mugikortasun plan parte hartzaile bat abiatu dute Galdakaon

Natalia Salazar Orbe

Herritarren ongizatea helburu duen Hiri Mugikortasunerako Plana aurkeztu du Galdakaoko Udalak. Berritzailetzat jo du. Izan ere, ingurumena, genero ikuspegia eta inklusioa ardatz hartuta osatuko dute. Egiten diren proposamen guztiek oinarri horiek jaso beharko dituzte aurrerantzean. Helburuetan ez ezik plana garatzeko moduei dagokienez ere berritzailea izango dela azaldu dute, herritarren parte hartzearekin ari baitira osatzen.

Herritarrekiko lehen harremanak egin dituzte jada. Plana landu ahal izateko, mugikortasunerako azpiegiturak zer-nola dauden aztertzen eta auzo elkarteetako ordezkariekin batzartzen aritu dira. Hain zuzen, auzo elkarte guztietako batzordeekin elkartu dira Mari Paz Losada —Mugikortasun eta Garraio zinegotzia— eta Ray Mendiburu —plana egiteko ardura duen hirigintza arkitektoa—. Joan den hilean egin zituzten batzar horiek.

Azaroan, berriz, batzar irekiak egingo dituzte Galdakaoko auzo guztietan. Auzoz auzo jasoko dituzte ekarpenak.

Egoeraren diagnosia egiteko, azpiegitura guztiak aztertzen ari dira: bidegorriak, errepideak, aparkalekuak, autobus zerbitzuak, trenaren eta metroaren etorkizuneko proiektua, besteak beste. Herritarrek zeintzuk eskaera dituzten ere jaso nahi dute, herri barruko garraiobideak zein eskualdekoak kontuan hartuta.

Egungo egoera abiapuntu hartuta, etorkizunera begirako plana osatzeko kontuan hartuko dituzten baldintzak zehaztu ditu udalak: energia kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko helburua izango dute erabakiek. Horrez gain, auto pribatuen erabilera gutxitu nahi dute. Horren ordez, garraio publikoan, bizikletaz edota oinez ibiltzea sustatuko dute.

Iraunkortasuna helburu duten baldintza horiez gain, genero ikuspegia ere izango dute mugikortasun planeko proposamen guztiek. Mugikortasunerako zailtasunak dituzten herritarrak ere izango dituzte gogoan erabaki guztietan. Udalak adierazi du “galdakoztar guztientzako mugikortasun eredu segurua, iraunkorra, autonomoa, berdea eta parekidea” duela helburu: “Herritarren irisgarritasunean berdintasuna bermatu nahi dugu, mugitzeko edo garraiatzeko modu askotarikoak aintzat hartuta. Eta, aldi berean, segurtasuna hobetu”. Pertsonen eta garraioen mugimenduan eraginkortasuna handitu nahi dute; haurren eta gazteen autonomia areagotu; ingurumena babestu eta energia eraginkortasuna hobetzeko gas kutsagarrien isuria gutxitu; baita zarata gutxitu ere. Helburua argi azaldu dute: “Herria erakargarriagoa egitea eta bizi kalitatea hobetzea. Plan honek mugikortasuna egokitu nahi du horretarako, genero eta inklusio ikuspegietan oinarrituta”.

Aurrekontuetan jaso

Auzoetan bilerak egin eta herritarren ekarpen eta eskaerak jaso ostean, udalak asmoa iragarri du Hiri Mugikortasunerako Planaren ikerketa egiteko lizitazioa lehiaketa publikora ateratzeko, abendu aldera. Ordurako herritarren proposamenak eskuan izango dituztenez, egin beharreko lanetarako zenbat diru beharko duten aztertuta edukiko dutela azaldu dute. Beraz, 2020ko aurrekontuetan jaso ahalko dute kopuru hori.

Pauso horiek guztiak emanda, ikerketaren ondorioak ekainerako izango ditu Galdakaoko Udalak, eta ondorio horiek finkatuko dituzte mugikortasun plan berriaren oinarriak.